«Balkoietan arropa eskegia izatea da banderarik ederrena guretzat»
«Balkoietan arropa eskegia izatea da banderarik ederrena guretzat». 11:00k dira. Maiatzaren 10a, larunbata. Uste baino giro argiagoa dago. Oraingoz ez dirudi euria hasiko duenik. BERRIAren komunitateko kideak Hernaniko Gudarien plazan elkartu dira. Udaletxeari bizkarra emanda daude guztiak, borobilean, Ibilbide Morearen plakari begira, eta adi entzuten ari dira Uxue Rey eta Ane Eslaba BERRIA FMko gidarien azalpenak. Borobilean daudenetakoak dira Maialen eta Nekane, Hernaniko Berdintasun Kontseiluko kideak, baita Miren eta Patxi ere, Projekta Urbes-eko kideak. Bi talde horiek lan ederra egina dute, bakoitzak bere esparruan.

Hernani
2025eko maiatzaren 10a
Lehendabizi, Berdintasun Kontseiluko kideek hartu dute hitza, eta Ibilbide Morearen sorreraz aritu dira, herritarrekin egindako prozesuaz eta udaleko talde politikoekin egindako bideaz. Jarraian hartu dute mikrofonoa Miren Vives eta Patxi Galagarrak. Haientzat hirigintza feminista zer den azaldu, eta hizpidera ekarri dituzte bisitan landuko diren gaien inguruko zertzelada batzuk. Nahi dute auzo, herri eta hiriak bizigarriak izatea, ez postaletarako lekuak. Izan ere, erabat funtzionalak diren eta produktibitatera kondenatuta dauden gizon zurien beharrei erantzuteko diseinatu ziren egungo herriak, eta, hori aldatzeko, garrantzitsua da hainbat aldagai kontuan hartzea proiektuak abiaraztean. Hausnartzeko bidaia izan da gaurkoa, espazioak, eraikuntzek eta antolamenduak duten eraginean arreta jartzekoa.
Hartu du martxa bisitak. Abiatu dira parte hartzaileak. Gudarien plaza atzean utzi, eta Leoka garbitokira abiatu dira. Espazioen garrantziaz eta sozializazioan duten eraginaz aritu dira han. Andre Kalean sartu dira, eta toponimian ez ezik, eraikinetan ere jarri dute arreta, Kale Nagusia eta Andre Kalea bereizten dituzte etxeen ezaugarrietan, hain zuzen. Kale zabal eta estuez aritzeko tartea ere izan dute; orduantxe aipatu dute bisitako beste gakoetako bat: kale estuek bide ematen diete bizilagunen arteko hizketaldiei; zabalegiek, ordea, bakartzeko, elkarren artean ahalik eta harreman gutxien izateko joera indartu dezakete. Bestalde, balkoietan eta haiek sortzen dituzten arkupeetan ere badago zeri begiratua. Azalpenak entzun ostean, taldeko kide batek zera esan du: «Balkoien aldarria ez da klase kontua soilik: aldarri feminista bat ere bada».
Projekta Urbes-ekoen hitzetan, «kalea etxera sartzeko eta etxea kalera ateratzeko» eremua da balkoia. Modua ematen badu ere komunitatearekin hartu-emana izateko, etxeko tramankuluak uzteko toki ere bihurtzen da maiz, barruan tokirik izan ezean. Ibilbidean aurrera egin ahala, askotariko balkoiak ikusi dituzte neurriari dagokionez, eta, hain zuzen, parte hartzaileei azaldu diete neurriak baldintzatu egiten duela eremu horren erabilera. Horri lotuta, baieztapen argi bat egin dute: «Mahai baten bueltan lau lagun sartzeko adinako balkoiek oinarrizkoak izan behar lukete». Bestalde, uste baino balkoi gehiagok esekitoki funtzioa ere betetzen dute; aurreraxeago, horietaz ere jardun dira. Izan ere, herri guztietan ikus daitezke maindireak eskegita giroa eguzkitsua denean. Ordenantza berrien arabera, esekitokiek 5 metro zabal izan behar dute, eta metro bat luze, baina, esaterako, 6 kiloko edukiera duen garbigailu batean kabitzen den arropa guztia zabaltzeko hamabi metro behar dira. Hau da, ordenantzan ezarritako eremua ez da nahikoa familia baten eguneroko beharrei erantzuteko. Hori gutxi ez, eta herri askotan herritarrak behartzen ari dira metalezko esekitokiak jartzera. Hala, zaintza lanak itzalpean gelditzen ari dira berriro. Horregatik, adituek argi diote: «Balkoietan arropa eskegia izatea da banderarik ederrena guretzat», etxe bat edota kale bat bizigarria den seinale baita.
Hernaniko Ibilbide Morean barrena egin dute bisita gidatua, eta Plaza Berria zeharkatuta iritsi dira Azaroak 25 plazara, eta, segidan, Aimar Elosegi Ansa Moio kalera. Kirol ekipamenduez hitz egin, eta salto batean iritsi dira Carmen Adarraga plazara. Herri bakoitzaren nortasuna urteen poderioz eraikitzen da, eta Berdintasun Kontseiluko kideak jabetuta daude garrantzitsua dela emakumeek edota LGTBI kolektibo kideek lekua izatea kale izendegian.
Hortaz, guztiontzako etorkizuna eraikitzen jarraitzeko, herriek bizigarriak behar dute izan, eta herritar guztien beharrak kontuan hartu behar dira ekipamenduak jartzeko orduan: komun publikoak, iturriak, igogailuak, plazak, berdeguneak, hezeguneak, kirol ekipamenduak... Hain zuzen, bide horretan aurrera egiteko tresnetako bat da Kulturarteko Plaza Feminista, feminismoaren aldeko eta arrazakeriaren aurkako gunea, eta han bukatu da bisita.