Irulegiko uzta, BERRIAlagunen eskura

Irulegiko uzta, BERRIAlagunen eskura. Pazientzia ezinbesteko lanabes dute indusketa lanetan aritzen direnek. Leku egokia aurkitu, lurrazpikoa atera, aurkitutakoa zer den eta balio ote duen ikusi... emaitza ez da berehalakoa.

Irulegiko uzta, BERRIAlagunen eskura

Irulegi, Nafarroa

2023ko ekainaren 24a

Ekainaren 24an, BERRIAlagunek Irulegiko aztarnategia bisitatu zuten, BERRIA eta Aranzadiren arteko elkarlanari esker. Arkeologoek egiten duten bezala, poliki-poliki joan ziren puzzlea osatzeko piezak jasotzen mendian gora joan ahala. Gainera ailegatzean batu zituzten pieza guziak.

Autoak Ilundainen (Nafarroa) utzita, Manex Arrastoa eta Leire Arana Aranzadiko kideen atzetik abiatu ziren BERRIAlagunak, gehienek makilak eskuetan eta BERRIAko biserak buruan. Lehenbiziko malda igota hasi ziren azalpenak ematen, oraindik ere transhumantziarako erabiltzen den bidegurutzean. 
Uste baino malkartsuagoa izan zen bidea zenbait bisitarirentzat. Geldialdietan, azalpenak aditzeaz gainera, ura edateko eta arnasa biltzeko aprobetxatu zuten.

Azkenik, lehenbiziko gune garrantzitsura ailegatu ziren: harresiaren aztarnak eta nekropolitzat daukaten eremua. Ondotik, azkenengo malda. Indarrak ahitzen hasi ziren arren, zuhaitz artean berehala agertu zen aztarnategia, eta, gora begiratuta, gaztelua.

Pello Aranburu BERRIAlagunk azkenean lortu zuen Irulegira joateko asmoa betetzea. Liburu eta idatzietan irakurritakoa bertatik bertara ezagutzea «askoz ere aberasgarriagoa» dela esan zuen. «Askotan ez dugu imajinatzen garai hartako bizimodu erreala. Hemen ikus daiteke nola biltzen zuten ura eta abar. Nola bizi ziren ikusten da».

Mattin Aiestaran Irulegiko aztarnategiko zuzendariaren arabera: «Polita da pixkanaka-pixkanaka gauzak agertuz joatea, harremanetan jartzea ondoan agertzen diren gauzak, eta, azkenik, hortik abiatuta, herrixka berregitea eta puzzlea osatzea».