Zutabegileen bertsolari musajea

Zutabegileen bertsolari musajea. Maialen Akizuk eta Andoni EgaƱak, BERRIAko iritzi zutabeetatik aterata, oholtzara igo eta barre algaraz eta txaloz bete dute Bilboko Bira kulturgunea, Maddi Ane Txoperena lankidearen gidaritzapean. Hitz etzanen jiran bertsotan

Zutabegileen bertsolari musajea

Bira kulturgunean, BILBO

2024ko urriaren 10a

Musaje, ilinti eta laru. Andoni Egaña bertsolariak BERRIAko bere zutabeetan aipatutako hitzak dira hirurak, baina zer esan nahi dute? BERRIAk bertso saioa antolatu du Bilboko Bira kultur aretoan, eta Egaña ez ezik, Maialen Akizu bertsolari eta BERRIAko zutabegilea ere jarri ditu bertan kantuan. Hitz etzanen jiran deitu dute saioa, eta Maddi Ane Txoperena BERRIAko kide eta bertsolaria aritu da gai jartzaile. Egañak idatzitako hitz horiez galdetu dio Akizuri. Puntuka aritu dira. Akizu esanahia asmatzen saiatuz, eta Egaña laguntza apurrak eskainiz, publikoaren barre algarak eragiteraino.

«Beraz, karta jokotik/ al dauka hitz honek?», itaundu du Akizuk, eta Egañak erantzun: «Desberdin dabilkite/ andre eta gizonek». Noraezean ibili da Akizu, jokotik urrunduta: «Musaje bat emango/ bazenit hementxe?». Eta Egañak: «Ni ez nauzu fisioa,/ mekauen la letxe». Azterketa bat balitz, kale egingo zukeen Akizuk. Bertsoaren amaieran, Egañak azaldu du hitzak aurpegiera esan nahi duela.

BERRIAko artxibozaina da Txoperena, eta, azaldu duenez, egunero egunkari osoa irakurtzeko «pribilegioa» izaten du horri esker. Saioan «esperimentua» egin nahi izan duela ere esan du, eta iritzi zutabeak abiapuntu hartuta egin duten lehen bertso saioa dela Bilbokoa. Hain zuzen, Egañaren eta Akizuren BERRIAko zutabeetatik erauzi ditu bertsotarako gaiak, eta umorez zipriztinduta taularatu.

Akizuk bere zutabeetan inoiz erabili izan duen alter egoaren rolean aritu da Egaña, esaterako. Karlarenean, alegia. Zutabegile postua kenduko ote dion da kontua. Akizu: «Aupa, Karla, zer moduz?/ Ni hemen gustura./ Zure kosmobisio,/ zure anafora;/ lana ez dut nahi zabaldu,/ ja urte osora, / baina joan zintezke/ Birako saiora». Karlaren ahotsean erantzun du Egañak: «Konpromiso garaitan/ niri hots egin./ Orain arte ez dizut/ sekula huts egin./ Karlaren zutabea/ ze on, ze atsegin:/ baina oraindikan/ ez duzu bizumikan egin».