Artiumek hamar urteko lana eta bilduma omenduko ditu

«Luxurik gabekoa baina interesgarria» den ospakizun programa prestatu dute 10. urteurrena dela eta

Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Milioi bat bisitari, 3.000 ekimen baino gehiago, Euskal Herriko zein atzerriko puntako artisten bisita... Askorako eman dute Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa ireki zutenetik igarotako urteak. 2002ko apirilaren 26an gertatu zen hori, eta, aitzakia horrekin, hamar urtean egindako bidea gogoraraziko duten zenbait ekimen prestatu ditu museoak, eta duen ondare baliagarriena nabarmenduko du: bilduma.

«Artium museoa ez zen politikari batzuen apetaren ondorioz sortu, baizik eta urtetan lortutako bilduma erakusteko eskariari erantzuna emateko». Daniel Castillejo Artiumeko zuzendariak gogorarazi du bilduma duela hiru hamarkada inguru hasi zela lantzen, eta etengabeko lanaren ondorioz 3.000 lan baino gehiagoko funtsa lortu dela; horietako 2.000 inguru azken hamar urtetan eskuratu dituzte.

Urriaren 5etik aurrera, udako oporretatik bueltan, bilduma ardatz izango duten hiru erakusketa inauguratuko dituzte Haritik tiratu izenpean. Oteizak 1959. urtean egin zuen Velazquezi omenaldia abiapuntutzat hartuko dute Blanca de la Torrek, Enrique Martinez Goikoetxeak eta Daniel Castillejok berak, eta «haritik tiraka» bildumako lanak lotuz joango dira, omenaldi moduan. «Bidumarik gabe museo hau egongo ez zela gogorarazi nahi dugu».

Bilduma bultzatu eta hasi zuten pertsonak ere omenduko ditu Artiumek urrian: Cayetano Ezkerra, Pascual Jover eta Pedro San Cristobal. Castillejok haien lana eskertu du, eta, bide batez, urteetako lan horren ezaugarri bat gogorarazi. «Artista askoren lehen lan asko ditu bildumak, ezagunak egin aurretik erositakoak, baina haien mailaren berri ematen dutenak».

Hamar urte eskutik

10. urteurrena betetzen den egunean zenbait ekimen prestatu ditu Artiumek. Apirilaren 26an ateak irekiko ditu, baita 2002tik egindako ekimenen artxiboa ere. Horrez gain, Fernando Castroren hitzaldi bat eta kontzertu bat ere prestatu du egun horretarako.

Zentro-Museoak izan dituen edukiez gain, orain arteko bidean lagun izan dituen pertsonak ere gogoraraziko ditu hamargarren urteurrena dela eta. Gaur egun mila bazkide inguru ditu Artiumek, eta horietatik 200 inguru 2002. urtetik bertatik daude bertan. Bazkide guztiei, baina bereziki 200 lagun horiei, kontzertu bat eskainiko die ekainaren 15ean.

Urteak aurrera egin ahala Artiumekin lotutako testigantzen bideoak, hamar urteko memoriaren argitalpena, museoaren lan egiteko modua erakusteko bisitak zein beste hamaika ekimen prestatuko dituzte urtea bukatu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.