Euskal artista garaikideen 27 artelan erosi dituzte museoek, Jaurlaritzak diruz lagunduta

Gasteizko Artium museoak, Bilboko Arte Ederren Museoak eta Donostiako Tabakalera zentroak elkarrekin erosi dituzte hemeretzi euskal artistaren obrak. Artiumen bildu dituzte lanak.

Edurne Ormazabal, Ramiro Gonzalez, Bingen Zupiria eta Beatriz Herraez gaur Artiumen, bilduma bisitatzen. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Edurne Ormazabal, Ramiro Gonzalez, Bingen Zupiria eta Beatriz Herraez gaur Artiumen, bilduma bisitatzen. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko otsailaren 12a
15:40
Entzun

Gasteizko Artium museoak, Bilboko Arte Ederren Museoak eta Donostiako Tabakalera zentroak hemeretzi euskal artista garaikideren 27 artelan erosi dituzte elkarrekin. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako ezohiko diru laguntza bat baliatu dute laugarren urtez bilduma partekatua eskuratzeko. Guztira, 200.000 euroko laguntza izan dute.

Hiru zentroek elkarrekin adostu dute zer obra erosi. Denera, kolektiboak kontuan izanda, hamahiru emakume eta hamar gizon sortzaileren lanak edo obra multzoak dira. Honako artista hauen artelanak dira: Xabier Salaberria, Maddi Barber, Marina Lameiro, Irati Gorostidi, Mirari Etxabarri, Xare Alvarez Berakoetxea, Pedro Oses, Juanjo Akerreta, Ainara LeGardon, Alvaro Perdices, Isabel Herguera, Naia del Castillo, Karlos Martinez Borboy, Fernando eta Vicente Roscubas, Mari Puri Herrero, Ismael Iglesias, Marisa Gonzalez, Jon Mikel Euba, Elena Aitzkoa, Beatriz Olabarrieta, Miguel Angel Gaueca eta Zuhar Iruretagoiena.

«Ez da belaunaldi bateko bilduma bat; gaur egungo polifonia globalaren isla izan nahi du».

 BEATRIZ HERRAEZ Artium museoko zuzendaria

Erositako obrak aurkeztu dituzte gaur, Gasteizko Artium museoan. Izan ere, Artium da titulartasun publikoko funts horren egoitza, eta gainerako museoekin partekatuko du bilduma. Aurkezpenean izan dira Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiria, Arabako ahaldun nagusi eta Artium fundazioko patronatuko presidente Ramiro Gonzalez, Artium museoko zuzendari Beatriz Herraez, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari Miguel Zugaza eta Tabakalerako zuzendari nagusi Edurne Ormazabal. Bilduma partekatuan parte hartu duten hainbat artista ere izan dira aurkezpen ekitaldian.

Hautatutako piezek askotariko praktika artistikoekin dute lotura: besteak beste, margolanak, eskulturak, bideoak, instalazioak eta argazkiak daude. Jaurlaritzako Kultura sailburuak azaldu duenez, obrekin ondare historiko-artistiko publikoa «aberasteko eta eguneratzeko» bilduma osatu dute, eta, bidenabar, museoen eta arte garaikidean espezializatutako zentroen «lankidetza» indartzeko urrats garrantzitsua egin. Ideia berberean jarri dute azpimarra Zugazak eta Ormazabalek ere. Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariaren ustez, museoen eta instituzioen arteko «sintonia onaren» erakusle ez ezik, elkarlan aberasgarriaren «sintoma ona» ere bada bilduma. Ormazabal: «Erakusketa baten testuinguruan jaiotako obrek ziklo bat itxi dute, eta guztion ondare izatera igaro dira».

Historikoak eta gaur egungoak

Ibilbide eta diziplina askotariko artista garaikideen lanak erosi dituzte, baina ez da «belaunaldi bateko bilduma bat». Herraezek zehaztu zuenez, lanean diren euskal artista ugariren sormenari begiratu eta gaur egungo «polifonia globalaren» isla izan nahi du bildumak. Horrela, lengoaia ezberdinak ulertzeko funtsezkoak diren obra «historiko» batzuk bildu dituzte —Pedro Oses eta Juanjo Akerretak 1969an egindako Herido margolana, esaterako—, baina baita duela gutxi sortutako lanak ere —Naia del Castillok 2023an sortutako Cuerpo III artelana, kasurako—.

Museoaren bilduma aretoan paratu dituzte obrak, eta egile batzuek aukera izan dute euren lanei buruzko xehetasunak emateko. Beatriz Olabarrietak, esaterako, Faces izenburupean egin dituen bi bideo instalazioez jardun du. Hontz baten begia ageri da bideo batean, eta irudi distortsionatu bat bestean, eta haiekin «begirada disfuntzionala» irudikatu nahi izan duela azaldu du. Miguel Angel Gauecak zurez eta zeramikaz egindako Cupboard artelanak, berriz, «metalengoaia» du ardatz. Artistak kontatu duenez, artearen mekanismoak zalantzak jarri nahi izan ditu, familia, artisautza eta edertasuna ardatz hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.