Lurralde batean euskara nagusi denean

Arnasguneen kontzeptua Joshua Fishman soziolinguistak emana da jakintzaren munduari, eta euskararen mundura Mikel Zalbidek ekarri zuen: zer diren ondo ulertzea ezinbestekoa da haien garrantziaz jabetzeko.

Udalerri euskalduna dela oroitarazteko kartela Leitzan, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
arantxa iraola
2023ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Arnasguneak». Euskararen normalizazioa hizpide, ezinbesteko kontzeptu bihurtu dira urteotan. Baina zer dira? Txerra Rodriguez soziolinguista eta hizkuntza aholkularia da Emun kooperatiban, eta bi irizpide erabili ditu arnasguneak definitzeko. Bat: «Eremu geografiko batekin lotuta daude». Bi: «Eremu horietan, arau soziala euskaraz hitz egitea da». UEMA udalerri euskaldunen mankomunitateko herri guztietan euskararen ezagutza handia den arren, adibidez, ez dira arnasguneak. Rodriguezen ustez, denek dute arnasgune izateko «potentzialtasuna», baina denak ez dira: «Arnasgunea askoz ere gehiago lotzen da praktika eta arau sozialaren kontzeptuekin». Jakina, ezagutzarekin ere lotuta daude: «Ezagutza nahikorik ez badago, ezinezkoa da arau soziala euskara izatea».

Joshua Fishmanek garatutako kontzeptua da, Mikel Zalbidekeuskararen mundura ekarria. «Nahiko orokortua den kontzeptua da nazioartean», azaldu du Rodriguezek. Eta zergatik dira garrantzitsuak? «Hiztun komunitate guztiek behar dituzte erabilera eroso eta natural bat dagoen guneak. Hori barik, oso-oso zaila da aurrera begirako pausoak ematea». Ezin bestela, aldatzen ari dira, munduaren pausoekin batera. «Arnasguneen kontzeptua Fishmanek sortu zuen, 1980ko hamarraldian. Ordutik hamarraldiak pasatu dira, eta behintzat gurean aldaketa oso sakonak gertatu dira». Pantailen mundua indartu egin da, adibidez, eta herritarren mugikortasuna ere handitu. Baina «gertuko komunitatean» oraindik bizitzaren parte handi bat egiten den neurrian, beharrezkoak dira: «Oraindik ere, arnasguneek badute garrantzia». Ez du horretan inolako dudarik Rodriguezek: «Arnasguneak, bai geografikoak, eta bai sozialak, ezinbestekoak dira».

«Geografikoak». «Sozialak». Bereizketa egin du Rodriguezek. Izan ere, zenbaitetan arnasgune izendapena eman zaie, eremu geografiko bat hartu gabe, euskararen babesleku diren eremuei ere. Rodriguezek zehaztu du «babesgune» gisara izendatzen direla orain. Horiek ere beharrezkotzat ditu. «Arnasguneetan bizi ez garen euskaldunak asko gara; egunerokoan erabilera trinko samar bat izateko behar ditugu babesguneak». Erabilerarako gako dira: «Erabiltzen ez den hizkuntza kamustu egiten da». Hiztun berriak dira, asko, eremu erdaldunenetan, eta horiek ere behar dituzte euskara «eroso, natural eta egoki» erabiltzeko guneak: «Horiek babesguneak dira. Eta uste dut horiek ere, beren modura, arnasguneak babesteko beharrezkoak direla. Erlazio hori oso gutxi ikertu da, baina uste dut badagoela hari ikusezin bat biak konektatzen dituena».

«Babesguneen» adibideak jarri ditu Rodriguezek: «Elkarte bat izan daiteke, espazio fisiko bat; izan daiteke herriko okindegia. Edo ez horren gauza fisikoak: komunikabide bat izan daiteke arnasgune. Gurean, zorionez, babesguneak badaude, herri erdaldunduetan ere bai, baina gutxi dira oraindik; askoz ere gehiago behar ditugu».

Bihar: Iñaki Iurrebasoren elkarrizketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.