Hamaika modu, plan bakarra

Athlectizaleak aztoratuta ibili dira bihar Athleticek eta Mallorcak Sevillan jokatuko duten Espainiako Kopako finala zelan ikusi prestatzen. Asko Sevillara joango dira, eta gainontzekoek Bilbon edo euren herrian gozatuko dute partidaz.

Zaletuak San Mamesen, 2021ean, Athletic eta Bartzelona arteko Espainiako Kopako finala pantailetan ikusten. MONKA DEL VALLE / FOKU
Zaletuak San Mamesen, 2015ean, Athletic eta Bartzelona arteko Espainiako Kopako finala pantailetan ikusten. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2024ko apirilaren 5a
05:00
Entzun

Berrogei urteko lehortearen ondoren, athleticzaleek aspaldian baino gertuago ikusten dute gizonen taldeak Espainiako Kopa irabazteko aukera —andreek 2014an irabazi zuten azkenekoz—. 2009tik, bost final jokatu dituzte gizonek, eta guztiak galdu; baina, oraingoan, gailentzeko aukera dutela iradokitzen dute gabarraren planifikazioak, Bizkaiko kale eta balkoiak bete dituzten bandera mordoak, eta leku publikoetan ipinitako dekorazioak. Egunotan herrialde historikoa aztoratuta dabil, biharko Athletic-Mallorca finalaren zain (22:00, ETB1). Milaka zaletu Sevillara (Espainia) bidean dira —hango Cartuja estadioan izango da finala—. Beste horrenbeste edo gehiago, Bizkaitik partida ikusteko prestaketetan: San Mamesen, Bilbon eta herrietan ipiniko diren pantaila erraldoietan, edo etxe eta tabernetan. Denen plana finalagaz gozatzea da, baina bakoitzak bere erara biziko du. 

Zaletuek «ohi baino ilusio handiagoa» dutela esan du Iurretako Jorge Perez peñako lehendakari Fernando Garcia de Mendozak. «Aurten berezia da: aurreko finaletan baino aukera handiagoa dagoela uste dut. Mallorca gu baino makalago dabil; ez da orain arte tokatu zaizkigun aurkariak bezain gogorra. Eta gu ere itzel gabiltza!». Nabarnizko peñako lehendakari Javier Etxebarriak, ostera, zuhurtzia handiagoa izan du iragarpena egiterakoan: «Athletic ondo dabil. Lortzen du partidak aurrera eroatea. Baina jokalari gazteak ditu, eta finala jokatzearen presioak asko eragin dezake. Okertuz gero, baliteke txarto ateratzea». Edozelan ere, gogotsu dago biharko, eta ospatu gura luke gizon zuri-gorrien 24. Espainiako Kopa.

«Sevillan saiatu ere ez ginen egin. N-630 errepidearen inguruetan ahalegindu ginen, Extremadura aldean. Baina dena beteta zegoen».

DANIEL ARBAIZAOrozkoko peñako presidentea

Orozkoko Garelako Athletic peñako hogei lagunek gaur dute Sevillara joateko eguna. Tartean da Daniel Arbaiza lehendakaria. «Lagun talde bat gara, eta familian goaz, umeekin. Taldeko batek bigarren etxea dauka, eta etxeak trukatzeko plataforma batean izena emanda dago. Horri esker lortu dugu etxea Sevillan; bestela, ezinezkoa zatekeen. Oso garesti daude; gehiegi. Eta, plataforma hauetan kobratu ezin bada ere, gau bietako bat ordaindu egin behar diogu jabeari».

Horretaz gainera, Orozkoko peñak berak autobusa antolatu du Sevillara joan gura duten peñakide eta orozkoarrentzat. 55-60 lagunentzako lekua du, eta aspaldi bete zitzaien. Athletic finalerako sailkatu zenean hasi ziren antolatzen. Arbaizak aitortu du kostatu zitzaiela autobusa lortzea; martxo hasieratik ia ezinezkoa da apirileko lehen astebururako libre dagoen bat topatzea. Are geihago, hartan joango diren lagun guztiek lo egiteko lekua hartzea. «Sevillan saiatu ere ez ginen egin. N-630 errepidearen inguruetan ahalegindu ginen: Alemendralejon, Zafran, Meridan... Extremadura aldean. Baina dena beteta zegoen. Inguruko herritxoetan ez genuen topatzen autobuseko guztiak har zitzakeen hotelik». Lortu zuten lehen hotelarekin arazoak izan zituzten: hoteleko arduradunak konturatu zirenean Booking metabilatzailearen bidez ere erreserbak zituztela, Orozkoko peñakoek egindakoa bertan behera utzi zituzten. «Nahiago izan zuten guri ezetz esan; zorionez, hoteleko zuzendariak lagundu zigun beste alternatiba bat topatzen».

«Gu saiatzen gara gazteei Athleticekiko zaletasuna sustatzen, baina ez dute inoiz ikusi irabazten, eta inork ez du izan gura galtzen duen talde batekoa».

JAVIER ETXEBARRIANabarnizko peñako presidentea

Arbaizak lo egingo duen etxera doazen hogei lagunetatik bakar batek ere ez du Cartujako futbol estadiora sartzeko sarrerarik. Autobusean doazenetatik, hamarrek-edo. «Athletic Hirian ipiniko dituzten pantailetan ikusiko dugu partida; hango giroarekin gozatzea itzela izango da. Estadiora sartu edo ez, Sevillan egotea ezinbestekoa da!».

Garcia de Mendoza eta Etxebarria ez datoz bat. Cartujara sartu ezean, haien ustez ez du merezi Sevillara joatea. «Garestiegia da, azkenean partida pantaila batean ikusi behar izateko; garestia, eta saltsa handia; beraz, hobeto hemen geratu», esan du Garcia de Mendozak. Bilbora joango da Iurretako peñako beste kide batzuekin, eta San Mamesen ipiniko dituzten pantailetan ikusiko du neurketa. «Sekulako giroa egongo da. Egun osoko jaia izango dugu, eta espero dugu gauean ere luzatzea, Kopa eskuratu dugulako». Etxebarria, ostera, Nabarnizen geratuko da, eta etxean edo tabernan ikusiko du norgehiagoka; lagunartean, azkenean bata edo bestea aukeratzen duela ere.

«Garestiegia da Sevillara joatea azkenean partida pantaila batean ikusi behar izateko; beraz, hobeto hemen geratu».

FERNANDO GARCIA DE MENDEZ Iurretako peñako presidentea

Bizkaiko herri askotan ere egingo da jai bihar. Orozkon, esaterako, peñak eta udalak frontoia egokituko dute partida ikusteko. «Herrian geratuko diren guztiak han elkartzea espero dugu; ez dut uste Bilbora jende asko joango denik guretik», esan du presidenteak. Udalak pantaila erraldoi bat ipiniko du, eta norgehiagokak irauten duen bitartean, txosna bat ere egongo da zabalik. «Ez diogu herriko ostalaritzari kalterik egin nahi; horregatik, aurretik eta ondoren zarratuta egongo da txosna. Asmoa da partidak iraun bitartean jendea kalera irten behar ez izatea. Ondoren, ospakizunak, tabernetan».

Belaunaldi berriak

Biharkoa egun historikoa izatea espero dute hirurek. «Oraingoan ez badugu lortzen, Athleticentzat amaitu dira halako garaipen garrantzitsu bat eskuratzeko aukerak aldi baterako», egin du gogoeta Garcia de Mendozak. Uste du belaunaldi berriek behar dutela kopa Bilbora ekartzea. Ados daude beste peñakide biak ere. Etxebarriak 58 urte ditu, eta ezagutu zuen 1984an Espainiako Liga eta Kopa irabazi zituen talde zuri-gorri hura. «Gaur egun telebistak beste talde batzuekiko zaletasuna sartzen die. Gu saiatzen gara Athleticekikoa sustatzen, baina ez dute inoiz ikusi irabazten, eta inork ez du izan gura galtzen duen talde batekoa. Athleticek bere filosofia dauka, oso garrantzitsua da, eta hori mantentzeko, belaunaldi berrien babesa behar du», adierazi du Nabarnizko peñako buruak.

Arbaizaren ustez, ez da soilik Bilboko klubaren arazoa. Iruditzen zaio Espainiako Liga jokatzen den lurraldeetan, oro har, gero eta ohikoagoa dela umeek Bartzelonako edo Real Madrileko kamiseta janztea, euren hiriko taldearena eroan ordez. «Futbol talde bat nekez izango da erakargarria, tarteka poz handiren bat ematen ez badu». Horregatik, Orokozko peñako presidentearen ustez, «oraingoan lortu behar da». 

Athletic Hiria, Bartzelonan, 2015eko Espainiako Kopako finalean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Athletic Hiria, Bartzelonan, 2015eko Espainiako Kopako finalean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Irabazten badu, sekulako festa piztuko da Bizkaian. Orduan, Sevilla barik Bilbo litzateke ospakizunen hiriburua. 1983an eta 1984an legez, Athleticek gabarrarekin ospatuko luke. Arbaizak, Garcia de Mendozak eta Etxebarriak ezagutu zituzten orduko ospakizunak, baina orduan Arbaiza umeegia zen orain gogoratzeko. Etxebarriak 18 urte zituen, eta emozionatu ere egin da akordatzean. Ez zen Bilbora joan, eta telebistaz bizi izan zuen Bilboko jaia. Oraingoan ere ez du uste joango denik. Ostera, Garcia de Mendozak eta Etxebarriak argi dute irabaziz gero apirilaren 11n itsasadarraren ertzetan egongo direla emandako poza jokalariei eskertzen.

pantailak, Bizkaian

  • Bilbo. Santutxun, Iralan, Errekalden, Otxarkoagan eta Plaza Barrian.

  • Barakaldo. Herriko plazan eta Gurutzetako plazan.

  • Portugalete. San Roke plazan.

  • Santurtzi. Parkean, Elias parrokoaren plazan eta Kabiezesko plazan.

  • Trapagaran. Errota bideko plazan.

  • Ortuella. Otxartaga plazan. 

  • Abanto. Eusko Gudariak plazan, Heritzalde plazan eta Sanfuestesko frontoian.

  • Mungia. Frontoian.

  • Zamudio. Agirre lehendakariaren plazan.

  • Derio. Sollube kalean. 

  • Sondika. Ikurrinaren kalean.

  • Lezama. Udaletxe atzean.

  • Loiu. Udaletxe aurrean.

  • Etxebarri. Udaletxe aurrean.

  • Galdakao. Ardanza lehendakariaren parkean. 

  • Durango. Landako gunean.

  • Zornotza. Zelaieta parkean.

  • Lemoa. Kiroldegian.

  • Igorre. Goiko plazan.

  • Zalla. Arangurenen eta Mimetizen. 

  • Balmaseda. Frontoian.

  • Gueñes. Frontoi estalian eta Sodupeko plazan.

  • Alonsotegi. Andra Mari plazan.

  • Getxo. Santa Eugenia, Itzubaltzeta eta Algortako Geltokiko plazetan.

  • Leioa. Aketze plazan.

  • Basauri. San Fauston. 

  • Bermeo. Artza frontoian.

  • Gernika-Lumo. Jai Alai pilotalekuan.

  • Gorliz. Elizako plazan.

  • Abadiño. Trañabarren etorbidean.

  • Ermua. San Pelaio parkean.

  • Urduña. Foru plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.