Bizkai osoko musulmanentzako hilerri bat atonduko dute Derion

Musulmanen errituei jarraituta 2.160 ehorzketa egiteko lekua duen orube bat eskuratu du Bilboko Udalak. Hilerri egokirik ez duten musulmanek kanpora bidaltzen dituzte gorpuak.

(ID_13624288) (/EZEZAGUNA) _55a3783
Bilboko Erlijioen Mahaiko kideak, martitzenean, Bilboko udal hilerriko esparru berrian, Derion. BILBOKO UDALA
Ibai Maruri Bilbao.
2024ko otsailaren 24a
05:00
Entzun

Heriotzak pertsona guztiak berdintzen dituen arren, ezberdinak izaten dira haren inguruko errituak. Ohiturek, kulturak, gizarte mailak eta batez ere erlijioak eragin zuzena dute; bereziki, gorpuari ematen zaion tratuan. Bizkaian bizi diren musulmanek arazoak izan ohi dituzte beren sinesmenaren arabera hildakoei lur emateko. Horregatik, Bilboko Udalak eremu bat atonduko du udal hilerrian, Derion, Bizkaiko musulman guztiek erabil dezaten. 2.160 ehorzketa egiteko tokia dauka eremu berriak. Martitzenean bisita egin zuten bertara udaleko eta Bilboko Erlijioen Mahaiko kideek. 

Izan ere, Bilboko Erlijioen Mahaiak egindako lanaren emaitza da orube berria. Udaleko eta hiriburuan dauden erlijio aktiboen ordezkarien kideek osatzen dute, eta azken hilabeteetan sinestunek dituzten beharrak aztertzen ibili dira. Musulmanei dagokienez, euren sinismenaren arabera ehorzteko lekua bazuten Bilboko udal hilerrian, baina laurogei lagunentzako lekua zuen, eta hiriburuan erroldatuta zeudenek soilik erabil zezaketen. Esparru hartan, dagoeneko 49 pertsona daude lurperatuta; beraz, oraindik badago Bilbokoentzako lekua. 

«Ehorzteko lekurik ez dutenek kanpora jo behar izaten dute. Garestia da, eta denek ez dute asegururik».

TAIBE MULAY TAIB Bilboko Badr meskitako presidenteordea

Bilboko Osasun eta Kontsumo zinegotzi Alvaro Perezek —haren ardurapean dago udal hilerria— azaldu duenez, udal hilerrian askotariko hiletak egiten dituzte: «Ezberdintasun etiko, kultural eta erlijiosoak eta familien nahiak hartzen ditugu kontuan, errespetua eta duintasuna bermatuz. Gure kultura nortasun eta sinesmen askoren arragoa da, eta diskriminaziorik gabe adierazteko aukera egon behar da». Migrazioaren ondorioz, azken urteetan nabarmen ugaritu dira beste herrialde batzuetatik etorri diren herritarrak. Esaterako, 5.000 marokoarretik gora eta ia mila senegaldar bizi dira Bizkaiko hiriburuan. 

Erritu bereziak

Bilboko musulmanek «pozik eta eskertuta» hartu dute berria. «Orain, Bilboko musulmanek ez ezik, Bizkai osokoek ere gure senideak lurperatzeko lekua izango dugu», esan du Taibe Mulay Taib Bilboko Badr meskitako presidenteordeak. Aitortu du Bilbotik kanpo bizi direnek arazoak izaten dituztela: «Ehorzteko lekurik ez dutenez, kanpora eraman behar izaten dituzte. Garestia da, eta denek ez dute asegurua ordaintzeko dirurik». Herri txikietan bizi diren musulmanen artean ohikoa izaten da sorterrira edo Madrilgo edo Zaragozako (Espainia) hilerri musulmanetara eroatea senideen gorpuak. 

«Gure kultura nortasun eta sinesmen askoren arragoa da; diskriminazio gabe adierazteko aukera egon behar da».

ALVARO PEREZ Bilboko Osasun eta Kontsumo zinegotzia

Lursail berria musulmanen hobiratze protokolora egokituta dago. Musulman bat hiltzen denean, gorpua garbitu egiten dute, eta lurrinez igurtzi. Heriotzatik 24 ordu igaro aurretik, hobi bat garbitu eta lurperatu egiten dute, zerraldorik gabe, eta harriz eta lurrez estalita. Alboz lurperatzen da, Mekara begira. Hildakoa ezin da beste erlijio batzuentzat gordetako esparru berean egon, eta, horregatik, Derioko orubea gainerako bilbotarrak lurperatzen diren lekutik bereizita dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.