Desagertutako aztarnen atzetik

Egun arrastorik geratzen ez bada ere, gotorleku bat egon zen XII. mendean Abadiñoko Astxiki mendiko tontorrean. Iñaki Sagredo historialariak digitalki berregin du eraikina, eta uste du Alluitzen ere beste gotorleku bat egon zela.

ANBOTO
Abadiñoko Astxiki mendia, artxiboko irudi batean. ANBOTO
Olatz Enzunza Mallona.
2024ko maiatzaren 12a
05:00
Entzun

Abadiñoko zenbait herritarrek Gazteluatx esaten dute Astxiki mendia izendatzeko. Informazio asko ematen du izendapen horrek: ikerketen arabera, gaztelu bat zegoen Astxiki mendiko gailurrean XII. mendean. Gaur egun ez da aztarnarik geratzen, baina, ondare hori herritarren memorian geratzeko asmoz, 3D formatuan birsortu du eraikina Iñaki Sagredo historialariak, Abadiñoko Udalaren laguntzarekin. Maiatzaren 23an aurkeztuko dute jendaurrean, herriko Txanporta kultur etxean, 18:30ean. Haren ondotik, ekainaren 8an irteera bat egingo dute Astxikira.

Sagredok Nafarroa. Erresuma defenditu zuten gazteluak liburuan eman zuen gotorlekuaren berri, 2006. urtean. Eusko Jaurlaritzak, baina, 1994an hasi zituen indusketa lanak Astxikin. Hiru zundaketa egin zituzten, eta zeramika zatiak, ezpata laburrak, labanak eta gezi puntak aurkitu zituzten, beste gauza batzuen artean. Gaur egun, Bilboko Arkeologia Museoan daude horiek guztiak ikusgai. 

Historikoki, mendiaren kokalekua «gakoa» izan zela esan du Sagredok: «Nafarroako Erresumaren garaian, defentsarako eta kontrolerako erabiltzen zen gaztelua. Durangalde osoa behatzen zuten handik». Ondorioz, hasiera batean, proiektua «arkeologikoki» berreskuratzea zen haren asmoa: «Eraikinaren estruktura mantendu nahi genuen, geratzen ziren aztarna apurrak babestu». Historialariak ikertzen uzteko eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari: «Behintzat, Astxikin geratzen den ondare apurra gal ez dadin. Eraikin hori mantendu izan balitz, ondare historiko, turistiko eta kultural ikusgarria izango genuke gaur egun».

«Lurrazalean ez da aztarnarik geratzen ia, eta harriak erortzen ari dira. Zaila izan da eraikina nolakoa izan zen irudikatzea».

IÑAKI SAGREDOHistorialaria

Oro har, «prozesu konplexua» izan dela aitortu du Sagredok: «Lurrazalean ez da aztarnarik geratzen ia, eta harriak erortzen ari dira. Zaila izan da eraikina nolakoa izan zen irudikatzea». Historialariak garai hartako beste gaztelu batzuen egiturak aztertu ondoren berregin du eraikina 3D formatuan. Izan ere, haren arabera, denek zituzten ezaugarri berdintsuak. Iristeko zailak ziren tokietan eraikitzen zituzten, harkaitz edo tontor baten gainean. Altueran izateak bi abantaila zituen: etsaiari trabak jartzen zizkion eraso egiteko, eta, denbora berean, ibar eta eskualde osoak kontrolatzeko gaitasuna ere bai. Arkitekturari dagokionez, dorreak eta harresiak harrizkoak izaten ziren, baina zura ere erabiltzen zuten hesiak, biltegiak eta bizilekuak egiteko. Harresiak, berriz, metro eta erdi zabal ziren. Webgune baten bitartez bisita daiteke 3D formatuko gaztelua, eta, eraikina kanpotik zein barrutik bisitatzeaz gainera, informazio gehigarria jarri dute. 

(ID_13854164) (/EZEZAGUNA) astxiki3d
Abadiñoko Astxikiko gaztelua, 3D formatuan. BERRIA

Mikel Urrutia Abadiñoko alkatearen hitzetan, «tresna garrantzitsua» izango da aurrerantzean errekreazio hori: «Gure herriko historiaren garai hura, era pedagogiko baten azaltzeko balioko du». Sagredok, gainera, horretan gehiago sakontzeko asmoa du: «Herritar guztiek ondare horren berri izan dezatela nahi dugu, baita historia gustatzen ez zaien horiek ere. Irudi gehiago gehituko ditugu webgunean, QR kodeak jarriko ditugu gotorlekua egon zen gunean, ibilaldiak antolatuko ditugu…». Astxikikoaz gainera, beste ikerketa batekin hasteko asmoa ere badute: «Alluitzen ere gotorleku bat egon zela uste dugu. Hori ikertzea izango da hurrengo urratsa».

Herrixka bat ere bai

Gotorlekuaz gainera, Aranzadi zientzia elkarteak miaketa lanak abiatuko ditu bihar, Astxiki eta Alluitz mendien artean herrixka bat egon ote zen jakiteko. Teknikari talde bat eta boluntario batzuk arituko dira lanean Artolako lepoan, eta herritarrek ere aukera izango dute lanak nola egiten dituzten ikusteko. 11:00etan, gaiaren inguruko azalpenak ere emango dituzte Artolan bertan.

Hipotesia bera aspaldikoa da, baina, urte luzez, geldi egon da proiektua, 2014an Aranzadi elkarteko bi kidek lepoko baten ale bat, harrizko leuntzaile bat eta eskuz egindako zeramikak aurkitu zituzten arte. Herrixka horren inguruan sakonduko dute Aranzadikoek datozen egunetan, eta gaineratu dute edonork izango duela haiekin joateko aukera.

ABADIÑOKO Astxiki mendiko gaztelua

  • Webgunea.Larratevirtual.com/astxiki/
  • Datozen egunetako ekintzak. Maiatzaren 23an jendaurrean aurkeztuko dute proiektua, 18:30ean, Abadiñoko Txanporta kultur etxean. Ekainaren 8an, irteera bat egingo dute Astxikira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.