Europako akustikarik onenetakoa

Fidel Iturriak egin zuen Bilboko Elkarte Filarmonikoaren egungo egoitza, 1920ko hamarkadan, Frantzia, Alemania eta Austriako aretorik onenak eredu hartuta. Musikari eta abeslariek ez dute mikrofonorik behar, aretoaren soinu kalitateari esker.

Bilboko Elkarte Filarmonikoa
Bilboko Elkarte Filarmonikoaren egoitzako musika aretoa, aste honetako irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2024ko martxoaren 25a
05:00
Entzun

Kaletik begiratuta, etxebizitza eraikinen artean galdutako garaje bat irudi dezake, baina Portuko Markesaren kaleko 2. zenbakian Bilboko kulturaren altxorretako bat dago gordeta: Elkarte Filarmonikoaren egoitza. «Jatorrizko sarrera oso elegantea zen, baina 36ko gerran bonba bat erori zitzaion inguruan, eta suak erre zuen. Ahal izan zuten moduan, sarrera hori eraiki zioten», kontatu du Ernesto Muñoz aretoko buruak. 

Elkartea 1879an sortu zuen Bilboko burgesiak. Juan Crisostomo Arriaga musikariaren iloba Emiliano Arriaga izan zen sustatzailea. Egungo egoitza 1924an inauguratu zuten. Duela lau urte zaharberritze sakon bat egin zioten, eta orain korridore argitsu baina soil bat topatzen du bisitariak sartzerakoan. Korridoretik bertatik sartzen da kontzertu areto ikusgarrira. «Modernotu egin da, baina ia-ia ezer aldatu barik. Jatorrizko aretoa da oraindik ere», zehaztu du Itziar Arruabarrena idazkariak. 

Bilboko Elkarte Filarmonikoa
Bilboko Elkarte Filarmonikoko kamerinoetako bat. ARITZ LOIOLA / FOKU

Sartzerakoan, akustikak ematen du arreta gehienbat. Oso ondo entzuten da. «Gure kontzertuetan ez da mikrofonorik erabiltzen. Ez da behar. Esaten dutenez, aretoak dituen neurriengatik da; Fidel Iturria arkitektoak diseinatu zuenean, oso ondo kalkulatu zituen», azaldu du Arruabarrenak. Parisen, Alemanian eta Austrian ibili zen garai hartako aretoak ezagutzen, eta, haiek eredu hartuta, egun Europako aretorik onenetakoa dena eraiki zuen bi urtean. Akustika ez ezik, kalitatea ere aipagarria da: musikaririk onenetakoak igarotzen dira handik. Guztira, 894 entzulerentzako lekua du. Ezin da erreserbatu; ailegatzean libre diren jarlekuetan eseri behar da. 

Organo baten tutuak daude eszenatokiaren goiko aldean, baina gaur egun ez dago organorik; 36ko gerran lapurtu zieten. Isats piano bi dituzte, hala ere. Mantentze lan izugarria eskatzen dutela esan du Muñozek: «Kontzertu guztien aurretik pianoa prestatzera etortzen den zorrotzaile bat dugu. Denboraldia hasi aurretik, osorik desmuntatzen ditugu. Gastu eta lan itzela da». 

Bilboko Elkarte Filarmonikoaren kanpoko aldea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilboko Elkarte Filarmonikoaren kanpoko aldea. ARITZ LOIOLA / FOKU

Urtean 30 musika kontzertu eskaintzen dituzte; gehienetan, ganbera musika izaten da. Kantu errezitalak eta piano kontzertuak ere antolatzen dituzte. «Orkestra sinfonikorik ezin dugu sartu: ez zaizkigu kabitzen. 45-50 musikarirentzako lekua dago gehienez», azpimarratu du aretoko buruak. 

Hiru kamerino dituzte, joan den mendearen erdialdetik moldatu ere egin gabe. Hormak bete-beteta dituzte, agertokian jo izan duten musikari eta abeslarien argazki eskainiekin. 

bilboko elkarte filarmonikoa

  • Helbidea. Portuko Markesa, 2. Bilbo. 
  • Sarrera. Kontzertuetara sartzeko, Elkarte Filarmonikoko bazkidea izan behar da.
  • Bisitak. Elkarte Filarmonikoak bisita gidatuak eskaintzen ditu bazkide ez direnentzat. 94-423 26 21 telefono zenbakira deituta adostu daitezke.
  • Webgunea.Filarmonica.org.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.