Hiriburu baten birika nagusia den parkea

Bilboko Abando auzoan, Casilda Iturrizar parkeak milaka bisitari hartzen ditu egunero. 1920an inauguratu zuten, eta zenbait aldaketa egin dizkiote geroztik. 1945ean jarri zioten egun daraman izena, Casilda Iturrizar bilbotarraren omenez.

Casilda Iturrizar parkea.
Bilboko Casilda Iturrizar parkeko pergola eta iturria. ARITZ LOIOLA / FOKU
marcos tedin
2024ko martxoaren 4a
05:00
Entzun

Bilboko Abando auzoko Casilda Iturrizar parkea 1920an inauguratu zuten, eta ikur bat da Bizkaiko hiriburuan. 85.000 metro koadro zituen hasieran, eta 2006an beste 30.000 gehitu zizkioten. 115.000 metro koadroetan, 885 zuhaitz ditu, 71 espezietakoak. Bilboko Turismoaren Bulegoak «hiriaren birika nagusia» dela dio. Egunero milaka bisita jasotzen ditu.

Bilboko parkerik garrantzitsuena da Casilda Iturrizar. Monumentuak, pieza arkitektonikoak eta aintzira bat aurkitu daitezke han. Pedro Ispiazu arkitekto bermeotarrak diseinatutako pergola da parkeko ezaugarririk nagusietako bat. Iturri batek eta eszena toki batek osatzen dute pergola. Horrez gain, iturria inguratzen duten bi beso ditu pieza arkitektonikoak. 

Juan Crisostomo Arriaga musikagilearen omenezko monumentu bat dago parkean, ospetsuenetako bat. Francisco Durriok eskultore bilbotarrak egin zuen, eta Bilboko Arte Ederren Museoaren ondoan dago. Bitxitasun bat dauka: Arriaga, omendutakoa, ez da obran agertzen. 1933an aurkeztu zuten, eta bere garaian polemika handia sortu zuen, Melpomene musa greziarra biluzik irudikatzen duelako.  

Parkea ezinbesteko gune berdea da bilbotarren bizitzan. Udan, zuhaitzen itzalek aire zabalean egoteko toki egokia eskaintzen dute. Aste barruan zein asteburutan, jendea parkeaz gozatzera joaten da. Erdialdean dago aintzira, eta ahateak, zisneak eta beste hainbat espezietako hegaztiak bizi dira. Horrek egiten du berezi Casilda Iturrizar, eta Ahateen parkea ezizenez ezagutzen dute askok. 

Emakume garrantzitsua

Abandoko parkea ez da Casilda Iturrizar bilbotarraren omenez izendatu duten Bilboko gune bakarra: Zazpikaleetan, Epaltzaren Alargunaren kaleak emakume bilbotar haren historia kontatzen du. 1818an jaio zen. Gazterik neskame hasi zen, Tomas Jose Epaltza Bilboko merkatari arrakastatsuaren etxean. 1859an ezkondu egin ziren. 

1873an hil zen Epaltza. Bikoteak ez zuen seme-alabarik izan. Hortik aurrera, Iturrizar Epaltzaren alarguna ezizenarekin hasi zen sinatzen. Bilbori eta inguruko herriei hainbat dohaintza egin zizkien; besteak beste, Bilboko Casilda Iturrizaren parkea eraikitzeko erabilitako lurrak. Hain zuzen ere, parkearen sarreretako batean, Euskalduna jauregitik gertu, Casilda Iturrizaren omenezko eskultura handi bat dago. 1945ean ipini zion Bilboko Udalak parkeari Casilda Iturrizar izena. Urteetan hainbat aldaketa izan ditu.

bilboko casilda iturrizar parkea

  • Helbidea. Kale Nagusiaren, Euskalduna jauregiaren eta Arte Eder Museoaren artean. Bilbo. 
  • Sarrera. Parke publikoa da, eta 24 orduz dago zabalik.
  • Webgunea.Bilbaoturismo.net.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.