Kirolarientzako herri bat

Europako Kirol Hiria izango da Basauri aurten. Urte osoan, jarduera ugari egingo du. Protagonismoa edukiko dute, besteak beste, emakumeen kirolak eta paralinpikoak. Gaur, Gorren Espainiako Kros txapelketa antolatuko dute, Lapatzako pistan.

(ID_17071473509525) (/Gotzon Garcia) 2022ko Espainiako Kros Txapelketa, Basauriko Lapatza pistan
2022ko Espainiako Kros Txapelketa, Basauriko Lapatza pistan. GOTZON GARCIA
amaia igartua aristondo
2024ko otsailaren 11
05:00
Entzun

Sari bat da herri edo hiri batek kirolaren inguruan egindako lana aitortzeko, eta, era berean, erakusleiho bat da ahalegina ikusgarri egiteko. Aurten, Basauri izango da Europako Kirol Hiria. ACES Bruselako erakunde pribatuak egiten du izendapena hautagaitza aurkezten duten udalerrien artean. Urte bat da, baina aurretik egindako ibilbide bati erreparatzen dio, eta hauspoa ematen dio ekimenari datozen urteetan ere hala jarraitzeko. Hiritartasuna erdiesteko eskakizun batzuk bete behar dituzte eskatzaileek, baina, horietatik harago, bestelako erronkak ere baditu kirol antolakuntzak, oro har: Basaurin herritarren eskaerak aldatu egin dira azken urteetan, soslaiak ere bai, kirol modalitate batzuek indarra bildu dute, eta erabilera eta erabiltzaile berrietara moldatu behar izan dira azpiegiturak.

Asier Iragorri Basauriko alkatearen berbetan, hainbat proba bete behar izan zuten hiritartasuna lortzeko. «Ikusi zuten herriak kirolarekin eta elkarteekin duen harremana, instalazioak, aurrekontua, zer-nolako jarduerak antolatzen ditugun... Hori baloratu du epaimahaiak». Eta izendapenarekin lotuta, helburu batzuk berretsi dituzte. «Europako txapelketak ekarriko ditugu herrira, berdintasuna landu dugu eta lantzen segituko dugu kirol taldeekin, Basauriko kirol gala bat sortuko dugu herrian eta Bizkaian egiten den lana aitortzeko...».

Jarduera batzuk ezarrita daude jada, eta kirol eskaintza ugaritu egingo da datozen asteetan, alkateak iragarri duenez: besteak beste, Emakumeen Itzulia eta EAEko Eskolarteko Jokoak egingo dituzte maiatzean, eta Kirolaren Euskal Kongresua urrian; Basauriko futbol selekzioaren 20. urteurrena ospatuko dute, eta emakumezkoen senior selekzioa sortu; eta kirol paralinpikoko hainbat proba antolatuko dituzte: Gorren Espainiako Kros txapelketa egingo dute gaur, Basauriko Proben 26. aldia izango da maiatzean —Basauriko Javi Conde atletismo klubarekin eta Merkatari elkartearekin batera antolatzen dute—, eta asmoa dute Desgaitasun Intelektuala duten Kirolarien Europako Krosa egiteko, halaber.

«Europako txapelketak ekarriko ditugu herrira, berdintasuna landu dugu eta lantzen segituko dugu kirol taldeekin, Basauriko kirol gala bat sortuko dugu herrian eta Bizkaian egiten den lana aitortzeko...».

ASIER IRAGORRIBasauriko alkatea

«Kirolak gauza askotarako balio du», nabarmendu du Iragorrik. «Euskara eta kultura ikusarazteko, gizarteratzeko, adin txikikoen artean indarkeria saihesteko...». Izerdi patsetan irudikatzen den kirolariaren inguruan sare mardul bat baitago, alkateak aldarrikatu duenez. Datuen bidez erakutsi du sare horren garapena: 40.000 biztanle inguru ditu Basaurik, eta 15.000 kirol lizentzia daude, 1.250 neska-mutilek egiten dute kirola, 48 talde daude, eta 35 instalazio —horietako 11, aire zabalekoak—. Eta askotariko kiroletarako lekua dago: skatea, kalistenia, futbola, eskubaloia, saskibaloia, halterofilia, arte martzialak eta xakea praktikatzen dira, esate baterako.

Emakume bat disko bat jaurtitzen, 2023ko Basauriko Probetan, Basauriko Lapatza pistan. GOTZON GARCIA
Emakume bat disko bat jaurtitzen, 2023ko Basauriko Probetan, Lapatza pistan. GOTZON GARCIA

Kirol paisaia aldakorra da, ordea, eta eskaintza egokitu beharra dago herritarren joeren arabera. Basauriri dagokionez, erronketako bat da biztanleriaren zahartzea, eta kirolaren esparruan ere eragingo ditu aldaketak fenomeno horrek. «Basauriko biztanleen %30 65 urtetik gorakoak dira», esan du Iragorrik, «eta tarte inportantea eduki behar dute kirol antolakuntzan». Gauzak horrela, kirol eskaintza doitzeko premia ikusi dute: azken urteetan aire zabaleko eremu osasungarriak ipini dituzte, eta oinezkoentzako ibilbideak ezarri dituzte hala herrian zehar joan-etorrian ibiltzeko, nola alboko udalerrietara osterak egiteko. Halaber, antzeman dute kirola eskoletatik ateratzen ari dela apurka-apurka eta udal instalazioetara erakartzen, eta joera horretarako ere prestatzen ari dira azpiegiturak. «Ikusi behar da zer-nolako soslaiak ditugun herrian», adierazi du alkateak.

Paralinpikoen egoitza

Era berean, kirolari paralinpikoetara ere egokitu dituzte herriko baliabideak. Duela urte batzuk, kros pista bat eraiki zuten Lapatzan, «txapelketak erakartzeko», eta lanak egin dituzte orobat herriko kiroldegietan —komunak eta aldagelak egokitzeko, aldatsak ipintzeko...— desgaitasunak dituzten kirolarientzat ere irisgarriak izan daitezen. Badelako Basauri kontuan hartzeko toki bat kirol paralinpikoari dagokionez, Javi Condek azpimarratu duenez. «EAEn erreferente bat da atletismoan». 1996an, bere izena daraman atletismoko klub paralinpikoa sortu zuen, eta elkartearen eskutik egin du tokia modalitate horrek, aldarrikatu duenez. «Garai hartan, ni aktibo nengoen [kirolari paralinpikoa izan zen], eta pare bat atleta entrenatzen nituen. Baina Basauriko Probak egiten hasi ginenean, harmailak jendez bete ziren, eta, ahoz ahokoari esker, laurogei kirol lizentzia edukitzetik gertu gaude orain».

«Toki bateko kirolariak aintzatesten dituztenean, munduko txapelduna den eta Down sindromea duen kirolari batek ere haiekin egon beharko luke, baina ez da hala izaten. Hori gertatzen zen orain dela 35 urte, eta hori gertatzen da orain ere».

JAVI CONDEBasauriko Javi Conde atletismo klubaren sortzailea

Ikusgaitasuna funtsezkoa da, Condek nabarmendu duenez. Esan du klubaren egiteko nagusia dela atleten gain egotea, errendimendua izan dezaten eta goza dezaten. «Baina uste dugu ekitaldiak antolatzeak eragiten duela gizarteak ikus gaitzan, eta jendea animatu dadin kirola egitera». Bi aldeen arteko oreka erdiestea dute helburu, horrenbestez. «Oso tematuta bazaude antolakuntzarekin, atleten gaineko lana baztertzeko arriskua dago».

Alde horretatik, Basauri Europako Kirol Hiri izendatzeak beren lana ezagutarazten lagunduko diela uste du Condek. «Faktore garrantzitsu bat dago: komunikabideak. Lagundu behar gaituzte. 30 urte baino gehiago daramatzat hori aldarrikatzen. Batzuetan komunikabideek nahiago dute jakin nola heldu zen norbait desgaitua izatera, desgaitasun horrekin zer egiten duen baino. Morboa dago oraindik». Eta bere horretan jarraitzen du gutxiespenak ere, kirolariaren berbei erreparatuta. «Toki bateko kirolariak aintzatesten dituztenean, munduko txapelduna den eta Downen sindromea duen kirolari batek ere haiekin egon beharko luke, baina ez da hala izaten. Hori gertatzen zen orain dela 35 urte, eta hori gertatzen da orain ere».

15.000

Basauriko kirol lizentziak Basaurin 40.000 biztanle inguru daude, eta 15.000 herritarrek dute kirol lizentzia. Guztira, 1.250 neska-mutilek egiten dute kirola, eta 48 talde daude. Azpiegiturei dagokienez, 35 instalazio ditu Basaurik, eta horietako 11 aire zabalean daude; tartean, adinduentzako eremu osasungarriak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.