Umoregilea

Julen Axpe: «Sortzen egoteak eta estimuluak izateak bizipoza ematen dit»

2019. urtetik furgoneta batean bizi da Julen Axpe. Bere bizipenak oinarri hartuta egiten du umorea, eta sare sozialetara bideoak igotzeaz gainera, 'Furgonologo' bakarrizketa aurkezten ari da herriz herri. Datorren zapatuan Bilbon arituko da.

(ID_13479310) (Aitor Karasatorre/@FOKU) 2024-01-09, Irurtzun. Julen Axpe, furgoneta batean bizitzen dabilen umorista euskalduna, be...
Julen Axpe bere furgonetan, asteartean, Irurtzunen (Nafarroa). AITOR KARASATORRE / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
Otxandio
2024ko urtarrilaren 15a
05:00
Entzun

Geldirik egon ezin diren horietakoa da Julen Axpe umoregilea (Otxandio, 1995). 2019ko apirilean, osabaren furgoneta hartu, eta Bartzelonara joan zen bizitzera, futbol jokalari izateko ametsari jarraika. Baina han zegoela 180 graduko bira eman zion bizitzak, eta bakarrizketak egiteari ekin zion. Ordutik, etxe eta lantoki bihurtu du ibilgailua, eta, bere bizipenak oinarri hartuta, umorea egiten du sare sozialetan zein antzokietan. Oraintxe, Furgonologo bakarrizketa aurkezten ari da herriz herri: urtarrilaren 20an Bilboko Campos antzokiko oholtza gainera igoko da. Datozen asteetan Euskal Herriko beste zenbait txokotan ere izango da.

Furgonologo gisa definitzen duzu zeure burua. Zer da, zehazki?

Furgonetan bizitzen hasi nintzenean sortu nuen kontzeptu hori. Nire bizitzako bi afizioen arteko batuketa da: furgoneta eta monologoa. Izan ere, hasieran, ibilgailu hori zen nire antzokia: bertan muntatzen nuen agertokia, nire bakarrizketak jendearengana iritsi ahal izateko.

Furgoneta hartu eta Bartzelonara joateko erabakia hartu zenuen 2019. urtean, futbol jokalari izateko asmoarekin. Bete zenuen ametsa?

Futbol jokalari esatea asko esatea da [barreak]: jokalari izatetik nahiko urrun geratu nintzen. 2017. urtean joan nintzen lehenengoz Bartzelonara: Jupiter taldeko jokalari izan nintzen urtebetez. Baina futbolean jokatzen ari nintzen bitartean antzerki ikastaro bat egin nuen. Orduan izan nuen lehenengoz stand-up-en berri, eta, apurka-apurka, umorezko bakarrizketak egiteari ekin nion. Euskal Herrira itzuli ondoren, 2019an ikuskizun bat egiteko aukera suertatu zitzaidan Bartzelonan bi lagunekin batera, eta, futbol jokalari izatearen ametsa alde batera utzi, eta antzokietan antzezten hasi nintzen. Bartzelonara itzuli behar izan nuenez, eta alokairua oso garesti zegoenez, furgonetan bizitzeko hautua egin nuen. Hasieran, hilabeterako kontua zen, baina, azkenean, urte osorako geratu nintzen han.

Lau urte daramatzazu dagoeneko hala bizitzen. Nola oroitzen dituzu hasierako urte haiek? Kostatu zitzaizun bizimodu berri horretara ohitzea?

Hasieran beldur handia eta segurtasun gabezia asko nituen: 23 urte baino ez neuzkan, ez nuen hiria ezagutzen, ez nituen aparkaleku seguruak ezagutzen... Apurka-apurka, baina, guztia joan zen bere lekuan jartzen, eta, ni neu ere, neure burua ezagutzen hasi nintzen. Futbolean eman nuen izena berriro, eta, entrenatzera joan ostean, dutxatzeko aprobetxatzen nuen. Eskola bateko jantokian hasi nintzen lanean, monitore, eta, lan egitearekin batera, bazkaltzen ematen zidaten egunero. Inguruko tabernetara joaten nintzen, kamamila bat hartzera komunera joan ahal izateko... Bizitza mota horretara ohitu nintzen, eta esperientzia aberasgarria izan da, zalantzarik gabe.

«Urte hauetan guztietan asko ikasi dut, eta bizitza estilo xume bat eramatera ohitu naiz: gutxirekin bizitzen ikasi dut»

Lehen Hezkuntzako gradua egiten hasi zinen, Gasteizen. Zerk eraman zintuen gradua utzi eta Bartzelonara bizitzera joatera?

Inertzia hutsagatik hasi nintzen Lehen Hezkuntzako ikasketak egiten; ez neukan inolako pasiorik. Batxilergoko ikasketak amaitu ostean, selektibitatea egin nuen, eta biderik errazena hartzea erabaki nuen. Karrerako hirugarren mailan nengoela ohartu nintzen irakasle ikasketak egitea ez zela nik benetan gura nuena. Hortaz, furgoneta hartu, eta Bartzelonara joatea erabaki nuen. Interpretazio ikasketak egitea aitzakia moduko bat izan zen, baina neure burua hobeto ezagutzeko balio izan zidan: introspekzio ariketa bat izan zen.

Eta, egun, baduzu bizileku finkorik?

Bueltaka nabil. Joan den urtean Euskal Herrira itzuli nintzen, eta, egun, nire jaioterrian bizi naiz: Otxandion; baina ez dakit noiz arte egongo naizen hemen. Ikuskizunen arabera, alde batera eta bestera nabil, bizileku finkorik gabe.

Nola antolatzen duzu bizitza furgonetan?

Orain, erraz, ez baita lehengo testuinguru bera. Herrian bizi naiz, eta amamaren etxean bazkaltzen dut, amarenean afaldu, aitarenean ere sarritan egoten naiz... Lo baino ez dut egiten furgonetan. Hala ere, urte hauetan guztietan asko ikasi dut, eta bizitza estilo xume bat eramatera ohitu naiz: gutxirekin bizitzen ikasi dut.

25 urte inguru ditu furgonetak. Nola iritsi zen zure eskuetara?

Bai, 1996koa dela uste dut. Osabaren furgoneta zen, eta gogoan dut, umetan, sarritan bidaiatzen nuela bertan izebarekin eta osabarekin. Kontua da zenbat eta urte gehiago izan, orduan eta gehiago matxuratzen zela, eta osaba ez zegoen prest furgonetan diru gehiago xahutzeko. Hasieran, saltzeko asmoa zuen, baina, saldu baino lehen, galdetu zidan ea nik nahi nuen. Baietz esan, konpondu, eta nire erara jarri nuen. Asko eman dit ibilgailu honek, baina matxura ugari ere izan ditu, aldi berean.

2019ko apirilaren 8an joan zen lehenengoz Julen Axpe Bartzelonara furgonetan. Egun horretakoa da argazki hau. Hasieran, hilabete baterako kontua zen, baina, gerora, lau urte eman ditu ibilgailu horretan bizitzen. Egun ere hala bizi da, baina bere jaioterrian, Otxandion. JULEN AXPE
Julen Axpe 2019ko apirilaren 8an joan zen lehenengoz Bartzelonara furgonetan. Egun horretakoa da argazki hau, Otxandion ateratakoa. Hasieran, hilabete baterako kontua zen, baina, gerora, lau urte eman ditu ibilgailu horretan bizitzen. Egun ere hala bizi da, baina bere jaioterrian, Otxandion. JULEN AXPE
Eta, gerora, nolatan hasi zinen umorea egiten?

Egia esan, interpretazio ikasketak egiten hasi nintzenean, ez nuen neure burua aktore irudikatzen. Alegia, ez nuen neure burua beste pertsonaia batzuen larruan sartzen irudikatzen, eta, era berean, ez nuen nahi casting-etako arduradunek erabakitzea balio nuen ala ez. Bakarrizketak egiten hasi nintzenean ohartu nintzen horixe zela bila nenbilena: nik gura nuena kontatzen nuen, nik gura nuen erara. Mikrofono bat bakarrik behar nuen, eta, proba askoren ostean, idazten hasi nintzen. Sare sozialetan ere garai hartan hasi nintzen esketxak jartzen.

Zure bizipen propioetatik abiatzen zara umorea egiteko. Terapia moduko bat da zuretzako?

Bai. Beti saiatzen naiz bakarrizketak nire egunerokotasunean edo gertatzen zaizkidan gorabeheretan oinarritzen. Horrez gainera, askotariko hausnarketak egitea ere gustatzen zait egunerokoan gertatutako kontuei buruz. Gerora, beti dago fikzionatzeko aukera, baina nire bizipen propioak daude oinarri-oinarrian.

Tiktokeko eta Instagrameko kontuetan ere sekulako arrakasta dute zure bideoek: 460.000 eta 71.000 jarraitzaile dituzu, hurrenez hurren. Kritikarik jaso al duzu inoiz?

Bai, noski. Kritikak beti daude, onak zein txarrak izan. Egia esan, nahiko publiko ona eta atsegina izan dut beti, baina, hasieran, iruzkin batzuek min ematen zidaten. Urteek aurrera egin ahala, ikasi dut kritikak nire lanaren parte direla eta ez ditudala karga gisa hartu behar.

Zure jardunean gaztelaniaz aritzen zara, bereziki.

Bai. Bakarrizketagile gisa Bartzelonan hasi nintzenez, hangoak dira nire jarraitzaile gehienak. Beraz, gaztelaniaz sortzen dut, nagusiki. Orain, berriz, Euskal Herrian nagoenez, euskaraz ere sortzen dut, eta bakarrizketa batzuk euskaraz eskaintzen ditut.

«Urteek aurrera egin ahala, ikasi dut kritikak nire lanaren parte direla eta ez ditudala karga gisa hartu behar»

DAZN plataforman euskaraz ematen dituzu lehen mailako taldeen futbol partidak. Nolatan sortu zitzaizun aukera hori?

Jupiterreko jokalari nintzela, lehen mailako partidak euskaraz emateko norbaiten bila ari zirela esan zidaten plataformako kideek. Elkarrizketa bat egin ostean, hartu egin ninduten. Futbol jokalari izatera ez naiz iritsi, baina narratzaile gisa, behintzat, lehen mailatik gertu nago.

Telebistan ere aritu izan zara: ETB2ko Aupa, hi! saioa gidatu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?

Oso polita. Sekulako erronka izan da niretzako, zuzendari izateaz gainera, sortzaile gisa ere ibili naizelako. Furgonetan bizitzeak sortzen zizkidan beharretatik, aukera berriak sortzen joan zaizkit, eta, hala, bideoak grabatu eta proba pilotu bat sortzea erabaki nuen. Proba pilotu hori hainbat ekoiztetxetara bidali nuen, eta, proiektua findu eta gero, EITBk erosi zuen. Asko ikasi dut.

Aurrera begira zer asmo daukazu? 

Oraingoz, Euskal Herrian ditut emanaldiak, baina badut gogoa pixkanaka gauza berriak sortzen hasteko. Gauza bakar batera mugatu beharrean, mugitzen egotea gustatzen zait. Azken finean, sortzen egoteak eta sortzeko estimuluak izateak ematen dit bizipoza.

Oraingoz, beraz, ez duzu zeure burua pisu edo etxe finko batean bizitzen irudikatzen, ezta?

[Barreak]. Banabil apurka-apurka leku finko bat sortzen: karabana zahar bat erosi dut, eta etxe alboko lursail batean jarriko dut; behintzat, lagunekin afariak egiteko eta lasai egoteko leku bat izateko.

MOtzean

Nora bidaiatuko zenuke furgonetaz? Leku askotara, baina, bat aipatzearren, Norvegiara.

Furgoneta modelorik gustukoena? Nirea: Volkswagen California T4.

Furgonetan zoazela entzuteko abesti bat? Sune eta Rikkiren Sunday kantua.

Furgonetan bizitzearen abantaila eta desabantaila bat? Abantaila: askatasuna eta malgutasuna ematen duela. Desabantailarik ez zait okurritzen. Garai batean ez neukan berogailurik eta hotz handia izaten nuen, baina jarri nuenetik ez dut kexarik.

Denbora librean zer egitea gustatzen zaizu? Kirola.

Erreferenteren bat izan zenuen umorea egiten hasi zinenean? Bat baino gehiago. Dani Rovira eta Zuhaitz Gurrutxaga, esate baterako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.