Amaia Arenal

Zaintzen iraultza

2023ko abenduaren 8a
05:00
Entzun

Pasa den osteguneko greba feministak orokorrak agerian utzi zituen gaurko zaintza eredu prekarizatzaile eta pribatizatzaileak sortzen dituen gabeziak egungo agenda politiko eta sozialaren ardatz izan behar dutela, gizartearen beharretara erantzungo duen eredu publiko baten eraikuntza bermatuz. Orain dela hiru urte bizi izan genuen pandemiak ere, sistema honen arrakalak agerian utzi zituen. Ez bakarrik osasungintzari dagokionez, baizik eta baita sistemak bultzatzen duen gizarte ereduak suposatzen dituen bazterkerien areagotzeari dagokionez ere. Gabezia hauen aurrean, beste behin ere, Bilboko auzoetan sortutako elkartasun sareak ezinbestekoak izan ziren: egunerokotasunetik sortutako zaintzak, oztopo estrukturalei aurre egiteko ezinbesteko tresna bihurtu ziren.

Antolakuntza eredu hauek ez dira berriak; auzoetako babes sareak ez dira egun batetik bestera sortzen. Izan ere, gure auzoetako bizi-kalitatea hobetzeko urteetan zehar egindako lan kolektiboak, auzotarren asanbladak eta bizitza duinen aldeko aldarrikapenek antolakuntza eredu horren adibide hoberenak dira. Eta ez da kasualitatea, ezta ere, epe luzeko eta luzerako elkarlanean oinarritzen den antolakuntza ereduaren buru moduan emakumeen indarra egotea.

Kolektibotasuna, elkarbizitza, azken finean maitasuna, bizitzeko modu iraultzaileena delako. Gure bizitzak erdigunean jartzea guztietan borrokarik garrantzitsuena delako.

Gure Bilboko auzoetan bizitza duinen alde lan egiten duten emakumeek, pandemia garaian elkartasun sareak sortu zituztenek edota zaintza eredu publiko eta duin bat aldarrikatzen dutenek aitzindariak dituzte auzo horietako historian arakatuz gero. Honen adibide dira, esaterako, Torre Urizarreko emakumeak: 36ko gerraren aurreko urteetan auzorako ekintza kulturalak aldarrikatzeagatik frankismo garaian jazarpena sufritu zuten. Baita Bego Linaza eta Errekalde auzoko bere garaiko emakumeek ere: 1970eko hamarkadan, auzorako liburutegiaren aldeko borroka sutsua bultzatu zuten. Beste adibide bat dira Otxarkoagako emakumeak: Bizkaiko Labe Garaitako eta Navaleko greben garaian, etxebizitzen berrikuntza edo auzoetako kaleen hobetzea eskatzeko antolatu ziren. Etorkizun hobe baten alde, hainbat lekutatik ailegatutako emakumeak, Arangoiti, Uribarri, Zurbaran, Arabella, Santutxu, Atxuri, San Frantzisko, Bilbo Zaharra, Zabala, Irala, Peñaskal, Errekalde, Uretamendi, Masustegi, Altamira, Zorrotza eta bestelako auzoetan elkarlanean Bilbo hobeago bat eraiki dutenak eta eraikitzen ari direnak izan ziren eta dira. 

Haiek izan zirelako eta direlako gu bagara. Eta haiei esker argi daukagu bakarrik bidea zailagoa dela. Gure aitzindariak diren emakumeek sortutako zaintza sareak, auzokideen arteko konplizitate eta elkartasunean oinarrituak, sistemaren aurpegi latzenari aurre egin izan diote beti, eta horretan jarraitzen dugu guk orain. Kolektibotasuna, elkarbizitza, azken finean maitasuna, bizitzeko modu iraultzaileena delako. Gure bizitzak erdigunean jartzea guztietan borrokarik garrantzitsuena delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.