Hezkuntza

Askotariko errealitateak ezagutzeko gida

'Armairutik plazara' izeneko unitate didaktikoa argitaratu berri du Hernaniko Udalak. DBHko eta Batxilergoko ikasgeletan lantzeko txosten bat da, eta ikasleen kontzientziazioa piztea du helburu.

(ID_13839653) (/EZEZAGUNA) hirularrosaunitatea
Hiruki Larroxako kide bat, 'Armairutik plazara' unitate didaktikoa aurkezten, iaz, Hernanin. HITZA
Miren Mujika Telleria.
Hernani
2024ko maiatzaren 4a
05:00
Entzun

«Pertsona guztien sexu aniztasunari arreta emango dion hezkuntza behar-beharrezkoa da, sexualitatea askatasunean bizitzea erabakitzen dutenen aurkako jazarpen, eraso eta indarkeria adierazpen guztiak amaitzeko». Hala dio Hernaniko Udaleko Berdintasun Sailak argitaratu berri duen Armairutik plazara unitate didaktikoak. DBHko eta Batxilergoko ikasleekin sexu aniztasuna eta tokiko LGBT errealitateak ezagutzea eta lantzea du helburu txostenak, eta eskuragai jarri dute sarean, nahi duen orok irakur dezan. «Armairuan itzalpean egon diren edo dauden errealitate sexualak plazara ateratzeko baliabidea da». Berdintasun Kontseilua eta Hiruki Larroxa kooperatiba izan ditu lagun unitate didaktikoa gauzatzeko garaian.

Askotariko gaiak landu dituzte gidan, eta sei ataletan banatu: Gorputza(k), Identitatea(k), Desira(k), Justizia soziala, Ahalduntzea eta Memoria. Atal bakoitzak ikasgelan aplikatu beharreko elementuak ditu: oinarrizko konpetentziak, unitatearen helburuak, landu beharreko edukiak, jarduerak, eta ebaluatzeko moduak eta irizpideak.

Hiruki Larroxa arduratu da gaiak landu eta garatzeaz. Ibai Fresnedok, Egoitz Arbiolek eta Joseba Gabilondok osatzen dute kooperatiba, eta «parekidetasun eta LGBT+ gaietan herri proiektu integralak» garatzea dute eginbehar nagusi, talde prozesuetan laguntzeko.

«Armairuan itzalpean egon diren edo dauden errealitate sexualak plazara ateratzeko baliabidea da».

HERNANIKO UDALEKO BERDINTASUN SAILA

Ikasleen hausnarketa kritikoa sustatzea da atalen asmoa, eta, horretarako, hainbat jarduera planteatu dituzte txostenean, esku hartze aktiboarekin lotutakoak: «Sexu aniztasuna eta genero parekidetasuna lantzeko, tratu onen defentsa eta justizia soziala sustatzen dituzten jokabideak bultzatu nahi ditugu, parte hartzea, elkartasuna eta lankidetza eragiten dituzten jardueren bidez». Unitate didaktikoa ikasgelan lantzeko «metodologia nagusia» POI Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza izango dela dio txostenak. Metodologia didaktiko horri esker, ikasleak izango dira irakasteko eta ikasteko prozesuaren protagonista, eta, beraz, haien interesak ere kontuan hartzea proposatzen du teknika horrek.

Kontzientziazioa helburu

Azken finean, ikasleen kontzientziazioan eragiteko eta gaitzespenak saihesteko erreminta gisa sortu du Hernaniko Udalak unitate didaktikoa: «Sexu aniztasunaren inguruan tratu onak sustatzeko eta desberdintasunaren gaitzespena prebenitzeko tresnak behar ditugu, eta LGBTI+fobiarik gabeko herri bat eraikitzen jarraitu nahi dugu».

Udaleko Berdintasun Saileko kideek esan dutenez, azken urteotan gizarte mugimenduek eta erakundeek egindako lana «sendotzeko» beharretik jaio da Armairutik plazara. Horretarako, uste dute herriaren historia aztertzea ezinbestekoa dela: «Herri askeago eta bidezkoago bat eraikitzeko bidean, gure herriaren memorian sakondu nahi dugu, beren gorputza jarri duten emakume eta disidente sexual guztiak aitortuz, ahaztu ezin diren erreferenteak baitira».

«Sexu aniztasuna eta genero parekidetasuna lantzeko, tratu onen defentsa eta justizia soziala sustatzen dituzten jokabideak bultzatu nahi ditugu».

HERNANIKO UDALEKO BERDINTASUN SAILA

Gida ez dute hutsetik hasi. Izan ere, Egoitz Arbiol eta Ibai Fresnedo Hiruki Larroxako kideek Hernaniko Udalarekin argitaratutako Noiz bukatzen da armairua? liburua argitaratu zuten 2021ean, eta, hain zuzen ere, lan hori izan dute unitate didaktikoak gauzatzeko garaian oinarri. Gainera, txostenaren izen bereko dokumental bat prestatzen ari dira orain. Hernaniko LGBT errealitateari eta herriko «memoria biziari buruzkoa» izango da lana, eta hainbat lagun elkarrizketatu dituzte horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.