Olatz Azpirotz Larzabal.

Ezgabonak

2024ko urtarrilaren 12a
05:00
Entzun

Azkar amaitu zaigu. Gabonetako argiak elektrizitatez hornitutako dirdira lausoak dira jada gure oroiminean eta oporren osteko mingostasunean. Hilabete luze iraun dute bonbillek gure kaleetan, euren zirkunferentzia, kurba eta marrazki ikuserraz zein ulergaitzekin. Denbora luze iraun du gure kaleen eta kulturen despertsonalizazioak, batik bat aurretik ikusi ez ditugunak ikusi baititugu azken denboraldian.

Argiak maiz izan ditugu hizpide, akaso kaleak bete eta blaitu dituzten ekimen horiek inoiz baino urrunago sentitu ditugulako. Gabonetako argien aurrekontua 2022koa baino %51 handiagoa izan zen; halere, oihartzun handiena izan zuena faroltxoen kudeaketa eta ondorioak izan ziren. Dena dela, ez zen harritzekoa izan Iruñea mundu-mailan egiten diren ekintzen korrontean sartu izana.

Ildo horretatik, azken Gabonak izan dira niretzat, apika, lehenengo ezgabonak. Oro har, inguratzen ninduten elementuekiko lausengurik ez zait otu, guztia egin zait arrotz eta urruneko, ni neu arrotz ere sentitzeraino; izan ere, Gabonetako kutsu erlijioso, tradizional eta kontsumistak kultura zipriztin zein zantzu ñimiñoena ere bere egin baitu, ezen eta urtea hasteko iraganeko euskal ohituraren bat mintzagai izan eta hura asmakuntza garaikidetzat hartzen den.

Atseden egunen neurgailu gisa izan ditugu argiak, eta neurgailu horiek, urtero legez, erdigunean izan dute presentzia gehien, eta horregatik, erdigunetik kanpoko hainbat leku kale-argien argiztapen finaren menpe gelditu dira, ez baitut uste udalak Plazaola tunelaren inguruan denbora luze zeramaten lotarako lekuak, izkinak, etxe hutsak eta jangela solidarioen estutasuna argiztatu edo fokuaren barruan jarri nahi zituenik; izatez, zarata zein ahotsa entzungarri ez denean, argia da itzal eta zurrumurru izatetik askatzen gaituena, eta horregatik, gaur egun, fokua jarri edo ez eta non jarri, guztia pribilegio bihurtu dute. Urtaroak dakartzan tenperatura latzak zein giroa aintzat hartuta, so egin diogu urtean zehar dirauen aferari, eta azkenik, zeharka begiratu diogu etxegabetuen egoerari.

Ordea, ez da erraza begirada bat baino subjektiboagoa eta berezkoagoa den keinurik topatzea. Abendu amaieran bizi izandako zentsura mozioak eta agintaldi aldaketak milaka begirada bereganatu zituen, eta begirada horien artean, Ibarrolaren agintaldian, udal-zerbitzuetara onbeharrez jo zuten eta leku falta zela-eta kalean, inolako alternatibarik zein soluziorik gabe geratu ziren etxegabetuen begiradak ere egon ziren. Zentsura mozioak eta agintaldi aldaketak zeresanak ekarri ditu, baina, abenduaren 28an Joseba Asironek aginte makila hartu zuen egunean, arratsaldean, jada, aterpetxeko ohe-kopurua handitu eta eskaerari erantzuna emateko ostatuetan lotarako lekua ere jarri zen. Ordu batzuk behar izan ziren agintea hartu eta hainbat pertsonari eguneko zenbait ordu arinduko dizkion neurria abian jartzeko. Ordu batzuk soilik.

Egia da neurri horrek eguneko zenbait ordu soilik biziratzen dituela, eta aurretik zeuden kanpalekuek zein txokoek bertan irauten dutela. Egia da pobreziak bertan dirauela eta zerbitzu horietara jotzen ez dutenek egoera latz berean jarraitzen dutela.

Ez dakit zenbat denbora-neurgailu ditugun gurean, ez dakit zein izkinatan zokoratu genuen denboraren gain genuen eskumena, ez dakit neurgailu horietako zenbat diren kanpotik zein barrutik ezarritakoak, baina, benetan, espero dut, konponbideak gure esku jada ez dauden honetan, aldaketak eta aurrerapausoak emateko denbora-tarte amaiezinik berriz behar ez izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.