Nagore Eslava

Txikitasunaren handitasunari

2023ko azaroaren 10a
05:00
Entzun

Aurreko asteburuan amaren herrian izan ginen; paseoan gindoazela, plazan dagoen denda bakarraren atean «likidazioa, ixteagatik» zioen kartela ikusi genuen zintzilik. «Badakit herriarentzat pena dela, are handiagoa guretzat, baina alabek ez dute jarraitu nahi, eta horren aurrean ezer gutxi egin dezakegu», esan zigun jabeak. Dudarik gabe, guztiok sumatuko dugun hutsunea geratuko da orain.

Denda txikiek xarma berezia dute. Saltoki handietan ezinezkoa den arreta, naturaltasuna eta gertutasuna jasotzen dugu bertan, dendariekin konfiantzazko harremana sortzen da, eta bizilagunekin topatzeko leku bilakatzen dira.

Gogoan dut txikia nintzenean arratsalde pasa joaten ginela herriko kale nagusian zegoen arropa denda batera. Urteak dira itxi zela, baina zenbat momentu eman ditugun hor sartuta. Hiru lagun elkartzen ginen, eta han ibiltzen ginen dendariarekin hizketan; azkazalak margotzeko eskatzen genion, arropa guztiak ukitu eta mugitzen genizkion...

A zer pazientzia berea! Atzera begira barre egiten dut une horiek gogoratuta, eta apur bat lotsatu ere bai, ez pentsa.

Denborarekin, denden izenak aldatu dira. Lehen, askok, gehienek ez esatearren, hartzen zuten dendariaren beraren izena. Sarritan bisitatzen genuen arropa dendak, adibidez, Cristi zuen izena, jabearenari erantzunez. Orain, ordea, bestelako izenak jartzen dira, originalagoak, akaso.

Digitalizazioaren azkartasunak, edozein eremutan bezala, eragina izan du merkataritza txikian ere. Irunberrin, adibidez, bada denda bat non oraindik eskuz egindako tiketa ematen dizuten. Atzean geratu diren saltoki horietan antzematen da, hain zuzen ere, azken urteotan teknologiaren esparruan egin dugun jauzia, jauzi horrek gure kontsumo joeretan izan dituen ondorio guztiekin.

Soziologiako Katedraduna da Jon Joseba Leonardo, eta hark belaunaldien arabera kontsumo ohituretan dauden aldeak aztertzen ditu, haun justu: «Merkataritza txikiak oraindik funtzionatzen du 35 urtetik gorako adin tarteetan. Baina hortik beherako herritarrek, berdin du zer sektoretan, online komertziora jotzen dute».

Hala, diogunarekin kontraesanean, Internetek ematen digun azkartasunaren eta erosotasunaren alde egiten dugu gazte gehienok.

Hilabete honetan, segur aski, gora egingo dute online erosketek. Merkatari txikiek begi txarrez hartzen duten hila izango da azaroa, kontsumismo neurrigabea pizteko estimuluz inguratzen baikaituzte black friday, ciber monday eta gisa horretako beherapen basatiekin.

Kontrara, multinazionalak data hauek heltzearen esperoan izango dira, promozioak astez aste luzatu, kontsumitzaileon jokabide inpultsiboez aprobetxatu eta etekin handienak ateratzeko, hain zuzen.

Merkatari txikiek ez dute eskaintza horiek egiteko ahalmenik, noski, ez baita, inolaz ere, ekonomikoki errentagarria haientzat. Hilabete honetan, beraz, badugu tokiko dendetan pentsatzeko aitzakia, eta era berean, txikitasunak duen handitasun horri guztiari erreparatzekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.