Badatoz gazteak

Iraupen eskiko Euskadiko eta Nafarroako Txapelketak jokatu dira asteburuan, Larra-Belaguan. Espainiako Koparako balio zuten emaitzek. Nagusietan, Peio Añarbe bigarren izan da, eta gaztetxoetan, June Aranburu bigarren, eta Andde Elizburu txapeldun.

June Aranburu iraupen eskiatzailea
June Aranburu (ezkerrean) eta Joana Puig katalana lehia betean. IGOR OTAEGI "OTO"
ramon olasagasti
2024ko martxoaren 12a
12:00
Entzun

Iraupen eskiko Euskadiko eta Nafarroako Txapelketak jokatu dira asteburu honetan, Larra-Belaguako pistetan. Aldi berean, Espainiako Koparako balio izan dute probaren emaitzek, eta beste autonomia erkidegoetako eskiatzaileak ere lehiatu dira larunbatean eta igandean Contiendako zirkuituan. Larunbatean, esprinteko probak jokatu ziren, eta igandean 10 kilometrokoak, biak estilo klasikoan.

Larunbateko esprinteko probetan, 16 urtetik gorakoek 1.470 metroko zirkuitua osatu behar zuten, eta 10, 12 eta 14 urte arteko gaztetxoek, 500 metrokoa. Maila nagusian, Bernat Selles kataluniarra nagusitu zen; Peio Añarbe arabarra izan zen bigarren, eta Lander Martin nafarra hirugarren. Kontuan hartzekoa da, nolanahi ere, Añarbek 18 urte bete berri dituela eta Selles kataluniarra hiru urte zaharragoa dela. Nesketan, kataluniarrak izan ziren lehen hirurak: Martina Miquel, Nuria Ruiz eta Berta Guitart.

Gazteen artean, 16 urtez azpikoetan, Adrian Lanau aragoiarra nagusitu zitzaien Ibai Letona Irrintzi taldeko nafarrari eta Roger Sanchez kataluniarrari. Nesketan, Joana Puig kataluniarra izan zen irabazle, June Aranburu Uzturre taldeko gipuzkoarra bigarren, eta Ainhoa Montoya Uharte taldeko nafarra hirugarren. 14 urtez azpikoetan, Andde Elizburu Ipar Irrintzi taldeko kidea nagusitu zitzaien Oier Goñi eta Asier Galetx nafarrei. Nesketan, Fiona de Castellarnau katalana izan zen aurrena, Malika Sanchez kataluniarra bigarrena, eta Libe Curras Uzturre taldeko gipuzkoarra hirugarrena. 12 urtez azpikoetan, azkenik, Iradi Elvira izan zen aurrena, Xare Garcia-Fresca bigarrena (biak nafarrak) eta Sara Eskisabel katalana hirugarren. Mutiletan, Iker Aranburu gipuzkoarra izan zen irabazle, Julen Zabalza nafarra bigarren eta Atxer Bescos, hau ere nafarra, hirugarren.

Igandean, 10 kilometroko proba

Igandeko probetan, berriz, maila nagusikoek 10 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten; 16 urtez azpikoek, 7,5 kilometrokoa; 14 urtez azpikoek, 5 kilometrokoa; eta 12 urtez azpikoek, 2,5 kilometrokoa. Teknika klasikoan guztiek. Mutilen maila nagusian, berriro ere Bernat Selles kataluniarra nagusitu zen, eta Peio Añarbe arabarra izan zen bigarren. Hirugarren, beste kataluniar bat: Marc Colell. Nesketan, Nuria Ruiz izan zen txapeldun, Martina Miquel bigarren, eta Irrintzi taldeko Cynthia Martinez hirugarren.

Peio Añarbe iraupen eskiatzailea
Peio Añarbe igandeko proban. IGOR OTAEGI "OTO"

Gazteen mailetan, 16 urtez azpikoetan, June Aranburu bigarren izan zen igandean ere, Joana Puig kataluniarraren atzetik. Hirugarren, berriz, Ainara Yuste aragoiarra izan zen. Mutiletan, Adrian Lanau aragoiarrak eskuratu zuen garaipena, Roger Sanchez eta Bernat Cadena kataluniarren aurretik. 14 urtez azpikoetan, Andde Elizburu nagusitu zen berriro, Lorien Barrio aragoiarraren eta Asier Galetx nafarraren aurretik. Nesketan, Libe Curras Uzturre taldeko gipuzkoarra bigarren izan zen Fiona de Castellarnau katalanaren atzetik, eta Malika Sanchez izan zen hirugarren, , kataluniarra hura ere. 12 urtez azpikoetan, azkenik, Iradi Elvira Irrintzi taldeko nafarra izan zen txapeldun, Sara Eskisabel katalana bigarren, eta Itzel Redrado Erronkari taldeko nafarra hirugarren. Mutiletan, berriz, Iker Aranburu bigarren izan zen igandeko proban, Alvaro Gimeno aragoiarraren atzetik, eta Beñat Irigoien Erronkari taldeko nafarrak osatu zuen podiuma.

Sailkapen guztiak, Espainiako Neguko Kirolen Federazioaren webguneko esteka honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.