Ehun milia, bidaia bat

Goierriko Bi Handiak (88 km) eta Ehunmiliak (168 km) mendiko lasterketak abiatuko dira gaur, Beasaindik. 657 korrikalarik parte hartuko dute guztira bi probatan.

Ehun milia, bidaia bat.
2014ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Lasterketaren antolakuntza ezagutzen dudan onenetakoa da». «Bidaia bat da, denok aldarazten gaituen mendi-bidaia bat». Silvia Trigueros (Abadiño, 1976) eta Javi Dominguez (Gasteiz, 1974) korrikalarien hitzak dira, hurrenez hurren. Buru-buruan ibili dira azken urteetan eta aurten ere faborito izango dira Beasainen (Gipuzkoa). Mont Blanc-eko ultra-trail handia eredu hartuta, 2010ean sortu ziren Ehunmiliak eta G2H Goierriko Bi Handiak, Euskal Herriko mendiak gau eta egunez zeharkatzen ausartzen diren mendizaleentzat.

Antolatzaileak urte osoan aritzen dira lanean, eta azken astean ia ezinezkoa izaten da haiekin hitzordua jartzea. «Baliteke deia etetea, mendian nago-eta, anoa-postuetara ura eramaten!». Antolakuntza taldeko kide Mikel Valdivielso Valdi-k (Beasain, 1977) presaka eta arnasestuka erantzun dio sakelakoari astearte arratsaldean. Azken lanetan buru-belarri sartuta, baikor daude aurtengorako. «Azken asteetan 40 bat lagunek eskatu digute dortsala, baina ezetz esan diegu, ezin dutela jada izenik eman. Ez da erabaki erraza izan, baina pozik gaude, lasterketari seriotasuna emateko eta korrikalariak garaiz mugiarazteko hautua izan delako», azaldu du. Azkenean 700 bat lasterkari aterako dira bi probetan, eta antolatzaileek azaldu dutenez, aurten ere, «maila izugarria» izango da.

Eguraldia ere erabakigarria izaten da eta antolatzaileak zeruari adi-adi daude azken egunetan. Segurtasun arrazoiak tarteko, lau urtean behin baino ez dute igo korrikalariek Txindoki, eta antolatzaileek aurrez aldatu dute ibilbidearen zati hori. «Txindokiko haitza ispilu labain bat da, eta oso arriskutsua da gauez ehunka lasterkari bertatik igarotzea. Ez daukagu erreskaterako gaitasunik eta tarte hori kentzea erabaki dugu. Hor galdutakoa, baina, Arbelarreko bordetan luzatu dugu», azaldu du Valdivielsok.

Boluntarioak, oinarri

Korrikalarien materiala, jan-edana, segurtasun neurriak eta komunikazio baliabideak. Azpiegitura erraldoia behar da halako proba bat aurrera eramateko, eta antolatzaileek argi daukate: boluntarioak dira lasterketaren euskarria. «Ikusgarria, paregabea, hunkigarria. Ez daukagu hitzik aurten ere Euskal Herriak nola erantzun duen azaltzeko. Bi hilabetean 1.300 boluntario lortu ditugu», zehaztu du Valdi-k. Ia bi boluntario lasterkari bakoitzeko. Ibilbidea markatzen arituko dira batzuk, trafikoa arautzen eta anoa-postuetan jan-edana antolatzen besteak.

Boluntario berriak izango dira tartean, baina bada urtero-urtero laguntzen aritzen denik ere. Arkaitz Iruretak (Elgoibar, 1978) ondo gogoan ditu hastapenak. «Orain dela sei urte mendi elkarteekin harremanetan jarri zen Valdi, eta Elgoibarko Morkaiko mendi elkartearen bitartez hainbat lagun animatu ginen laguntzera», dio. «Hasierako erritmoa gogorra izan zen, bilera asko egin genituen, baina orain zereginak finkatuta dauzkagu eta ondo konpontzen gara».

Azkarate (Azpeitia, Gipuzkoa) gaineko kontrol-postuan egotea egokitzen zaio Iruretari eta lasterketaren 40. kilometroa denez, korrikalariak ez dira oso sakabanatuta iristen. Ordu askotako lana da, hala ere: «Ostiral eguerdian igotzen gara Azkaratera: musika jarri, dagokigun ibilbide zatia markatu… Lehenengo lasterkariak 23:00ak aldera igarotzen dira eta azkenak 05:00ak aldera.

Ondoren, dena desmuntatu eta markak kentzen ditugu». Elgoibartarrak azaldu duenez, boluntario asko eta asko korrikalariak dira, eta badakite batzuek proban gozatu ahal izateko, beste batzuek lan egin behar dutela.

Berritasunak

Antolatzaileek ahalegin berezia egin dute lasterketaren berri zuzenean emateko eta bi berrikuntza izango dira aurten: batetik, pantaila erraldoia jarriko dute Beasainen lasterketaren irudiak zuzenean emateko; bestetik, Ehunmilietako parte hartzaileek GPS gailu bat eramango dute, uneoro non dauden jakiteko. Sare sozialetan eta webgunean ere (www.ehunmilak.com) uneoro arituko dira informazioa zabaltzen eta eguneratzen.

Lasterketa igandean amaitu arren, antolatzaileek lana erruz izaten dute ondorengo egunetan ere. «Material guztia jaso, mendia lehengora ekarri, azken ordainketak egin... Uztaila amaieran lehen hausnarketa egiten dugu eta abuztuan ekonomikoki nola gauden ikusi eta babesleen ateak jotzen hasten gara hurrengo urterako», azaldu du Valdi-k. Irailean erabakitzen dute hurrengo urtean lasterketa antolatuko den.

Urrun dago hori, ordea, aurtengoa ate-joka baitago. «Ostiraletik igandera oso gutxi gozatzen dut, korrikalariengan izaten dut-eta burua. Azkena helmugaratzen denean lasaitzen naiz, baina ordurako, urte asko galdu ditudala sentitzen dut, azken egunetako urduritasunak gaztetasuna kendu didala».

Ordu gutxiren buruan hasiko da festa Beasainen: 18:00etan aterako dira Ehunmilietakoak; 23:00etan G2Hkoak. Une horretan atzean geratuko dira eguzki galdatan eta euritan egindako entrenamendu-saio luzeak. Atsedenari, lagun eta senideei kendutako orduak. Ehun milia izango dituzte ordainetan, ehun miliako mendi-bidaia eta barne bidaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.