Gavarnien arrastoa

Unai Mendia, Martin Elias eta Albert Salvadok 'Memento Mori' izena jarri diote Gavarnieko hirugarren horman ireki duten bideari.

Unai Mendia, Memento Mori bideko luzeetako bat eskalatzen, harkaitz eremutik. UNAI MENDIA BILDUMA.
2011ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Pirinioetan, Gavarnie da izotz eskaladaren gune nagusietako bat. Izen bereko zirkuaren bukaerak hiru horma ditu, eta hiru solairu balira bezala banatzen dute gaindiezina dirudien harresia. Lehenengoa 300 metroko horma bat da; 200 bat metrokoa bigarrena; eta hori gainditu eta elur eremu lau baten atzean dago hirugarrena, 200 metro pasatxoko horma. Azken horretan ireki dute Martin Elias, Unai Mendia eta Albert Salvadok Memento Mori bidea, izotzetik bainoago harkaitz eremutik doan bide dotorea.

Bi asteburu behar izan dituzte horretarako; otsailaren 5 eta 6a eta 11 eta 12a. Martin Elias errioxarrak aspaldian zuen begiz joa horma horretanbide bat irekitzeko eremua. Pauen bizi da egun Elias, eta inguru hartako hainbat pirineistarekin izandako solasaldiek jarri zuten hormako arrasto horren peskizan. «Gavarnietik begiratuta, Patrick Gabarrouk eta Ferran Latorrek irekitako Alois bidearekiko paraleloa den izotz ilara fin bat zuen begiztatua Eliasek. Joateko amua jarri, eta irentsi egin genuen Albertek eta biok, nahiz eta ni nahiko ezkor nengoen», azaldu du Unai Mendia iruindarrak.

Lehenengo bi hormak gainditu behar dira Gavarnieko hirugarrenera iristeko, eta 1.300 metroko desnibela igo beharra dakar horrek. «Hirugarren hormak desplomatua du harkaitza lehen zatian, eta horma bertikala da ondoren. Beheko bi solairuetan baino izotz gutxiago sortzen da, eta desplome handieneko zatian apenas izaten den izotz-jauzirik. Horregatik, katu oinak ezinbestekoak dira, harkaitzean eskalatu behar delako hein handi batean», argitu du Mendiak.

Bi asteburu horietako jardunaren emaitza izan da Memento Mori: «Lehenengo asteburuan, Gavarnieko lehenengo horma gainditu eta nondik eskala genezakeen ikusteko baliatu genuen. Ez ginen ados jarri; nik uste nuen eskuinaldetik zihoan izotz zati batetik igotzea zela egokiena; Martinek, berriz, zuzenean igo nahi zuen, estetikoagoa izan bai baina logika gutxiago zuen lekutik. Hark akuilatuta joan ginenez, jaramon egin genion, eta azkenerako bide dotorea ireki dugu, uste nuen baino dotoreagoa».

Hilaren 12a egun luzea izan zuten: Unai Mendiak ireki zituen harkaitzeko bi luzeak —«lehenengoa kalitate eskaseko harkaitz batetik hasten da, baina gora egin ahala, hobetuz doa. Bigarrena, aldiz, oso ona da; zut-zuta da, baina oso helduleku onak ditu»—. Eliasek hartu zion lekukoa izotz ilara finean gora, eta gauak harrapatu eta ilunpean osatu zituen bi luzeak;240 metroko bidea, guztira, bost luzetan banatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.