Ezarian. Mendi lasterketak

Gozatzeko beste era bat

Hasi da jada mendi lasterketen denboraldia. Urria bitartean aukera mordoa izango dute korrikalariek zangoetako giharrak estutzeko; EMFk eta Nafarroako Federazioak egutegi bana antolatu dute.

Korrikalari batzuk Izarraizko mendi lasterketan. LAGUN ONAK MB.
Adrian Garcia.
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Kirolaz eta mendiaz gozatzeko beste modu bat eskaintzen dute mendi lasterketek. Exijentzia maila handia eskatzen badute ere, oso giro ona sortu ohi da lasterketa horien inguruan. Aitzakia gutxi behar izaten baita Euskal Herrian mendira joateko. Jende andana bildu ohi da mendi lasterketen bueltan, irteera puntuan zein mendi inguruetan. Korrikalariak animatu eta lasterketa ikusteaz gain mendiaz gozatzeko aukera ematen dute lasterketek.

Martxoarekin batera hasi da mendi lasterketen denboraldia, eta jada hasi dira korrikalariak mendian gora lasterka. Udazkena bukatu bitartean zangoak non estutu aukera handia dute mendizale eta korrikalariek. Azken urteetan Euskal Herriko herri eta bazter askotan antolatzen dira gisa honetako lasterketak, eta aurtengo egutegian ere badira berrikuntzak.

Hernioko lasterketa ez da egutegiko berrikuntza bakarra. Irungo Erlaitz mendi elkarteak Aiako Harrietan lasterketa bat antolatu du estreinakoz. Maiatzaren 15ean jokatuko da, eta probaren inguruko xehetasun eta argibideak www.erlaitz.com webgunean eskura daitezke.

Lasterketa uholdean egutegi bana antolatu dute Euskal Mendizale Federazioak eta Nafarroakoak. Bakoitzak bere kopa eta txapelketa prestatu dituzte, nahiz eta lasterketa batzuk bateko zein besteko egutegietan txertatu dituzten.

Adarramendiko igoera eta Sarako lasterketa izan ohi dira egutegiaren abiapuntu —martxoaren 27an jokatu dira biak—, baina aurten Larrauldik Herniora (Gipuzkoa) antolatu duten igoerak hartu die aurrea; martxoaren 20an jokatu zen. Mendi lasterketek azken urteetan izan duten loraldiaren adibide bat baino ez da.

Ehun lagunek baino gehiagok parte hartu zuten Larraulgo Udalak eta hainbat herritarrek antolatutako I. Larraul-Hernio-Larraul lasterketan. Lasterketa gogorra izan zen oso, eta horrek giro ona gailentzen lagundu zuen. Jende ugari bildu zen Hernio inguruan korrikalariak animatzera. Gizonezkoen kategorian Oier Ariznabarreta lasterkaria ailegatu zen lehenengo postuan (1:12:27). Emakumezkoen kategorian, berriz, Nerea Amilibia zizurkildarra izan zen garailea (1:32:05).

Aurreko igandean mendi lasterkariek izan zuten non aukeratu, bi lasterketa jokatu baitziren egun berean, Saran (Lapurdi) eta Urnietan (Gipuzkoa).

Sara Korrika Trail lasterketaren 5. aldia jokatu zuten Saran, parte hartze oso arrakastatsuarekin —600 korrikalari baino gehiago atera ziren—. Aitor Osa izan zen lasterketaren 25 kilometroak burutzen lehena (1:55:31). Emakumezkoetan Oihana Kortazar nagusitu zen (2:27:29). Aipatzekoa da Kortazarren garaipena. Lehiaketara bueltatu denetik bigarren aldiz eskuratu du lehenenengo postua.

Urnietan Ionut Zinka Errumaniako korrikalaria izan zen Adarramendira igo eta herrira bueltatzen lehena. 58:42 behar izan zituen lasterketa amaitzeko, eta gutxigatik ez zuen berak ezarritako marka hautsi. Emakumezkoen kategorian Izaskun Zubizarreta Donostiako lasterkaria izan zen helmugara iristen lehena (01:14:50).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.