Mendia

Grabitateari erronka

Adam Ondra gazteak urrats bat haratago eraman du kirol eskalada, bi hilabetean muturreko bide uzta oparoa bilduta; 'Chilam Balam' eta 'La planta de Shiva' izan dira azkenetako bi, 9b mailakoak.

2011ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Bizitzako alor guztietan izaten dira arrastoa uzten duten pertsonak. Arrazoi bat edo bestea tarteko, jarduera bati haien ukitua ematen diotenak. Messnerrek edo Bonattik, besteren artean, haien arrastoa utzi zuten alpinismoan, Pirinioetan Ravier anaiek utzi zuten gisa berean. Kirol eskaladaren bilakaeran mugarriak jarri zituzten Patrick Edlingerrek eta Wolfgang Gullichek, eskaladaren ikuskera irauli eta muturreko zailtasunera eramanda. Adam Ondra txekiar gaztea ari da orain arrastoa uzten, orain arteko zailtasun maila gorena egonkortzen ari baita.

Azken bi hilabeteotan 8c+ zailtasuneko sei bide eskalatu ditu, bistara, eta egun gutxiren buruan 9b mailako beste lau bide, landuta. Etxaurin (Nafarroa) zur eta lur utzi zituen haren jarduna bertatik bertara ikusi zutenak, 8c+ mailako Bizi euskaraz eta Kidetasunaren balio erantsia bistara kateatuta —hori da modu horretara eskalatutako zailtasun gorena—.

Malagako Villanueva del Rosario koban (Espainia) eskalatu ditu muturreko azken bi bideak: Chilam Balam eta La planta de Shiva. Lehenengoa 2003an ireki zuen Bernabe Fernandezek, eta ika-mika eta eztabaida handien iturburu izan zen. Fernandezek 9b+ gradua iradoki zion bideari, eta askok gehiegizkotzat jo zuten proposamena —ordura arte 9a maila zen eskalatutako zailtasun gorena—.

Kontuak kontu, apirilaren 13an Adam Ondrak eskalatu duen arte, beste inork ez du Chilam Balam kateatu. Ondra hiru egunez aritu da lanean, eta bertako eskalatzaileak harrituta utzi ditu 80 metro luze den bidea kateatzeko behar izan duen ahalegin kopuru txikiak. Fernandezek proposatutako zailtasuna 9b mailara jaitsi du txekiarrak, baina bidearen gogortasuna nabarmendu du.

Iragan ostiralean, berriz, La planta de Shiva kateatu zuen, 40 metroko bidea; Chilam Balam baino laburragoa, baina Ondraren iritzian «gogorragoa»: «Atsedenlekurik ez du, heldulekuak ñimiñoak dira oso, eta mugimenduak zehaztasunez egin behar dira; oker txikienarekin, akabo». Bere ibilbidean 9b mailako bost bide kateatu ditu Ondrak, haietako lau azken asteetan. Halako uztarik beste inork ez du bildu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.