Etxauriko eskalada eskolan dauden monolitoen artean, El Cantero haitzaren gainean dagoen Los Cencerros gurutzea oso ezaguna da eskalatzaileen eta bertako herritarren artean. Urte askoan ikertu duten arren, ez dute lortu haren jatorria, zergatia ez egileak ere zein izan diren jakitea.
1902. urtean, Jose Irujo eta Eustaquio Lakunza etxauriarrek, Zirizako Domingo Pellok lagundurik, El Cantero haitza igotzea erabaki zuten, alde batetik zuhaixkaz eta sastrakaz garbitzeko eta, bestalde, bertan gurutzerik ba ote zegoen egiaztatzeko, ahoz aho baitzebilen Etxauribarren bizi izandako bi harginek igota omen zeukatela gurutzea eta.
Haitza ehun metroko hormatzar bertikalez osaturik dago; ondoan, Urkila dauka, eta igo ahal izateko modurik egokiena Urkila-tik igotzea da —ondoan du ere San Quiriaco haitza—, baina, aurretik, amildegia gainditzeko jauzi handi bat egin behar da.
Leku horretan, bi hormen artean enborrak sartuta heldu ziren igoerako bide arruntaren terrazaraino. Hortik, tontorrera ailegatzeko eskailera bat erabili zuten, baina askatutako harritzar batek ia tragedia bihurtu zuen ahalegina: eskailerak zituen 22 mailetatik bost hautsi zituen, baita oiinarriaren ohol batzuk ere.
Hala ere, eskalatzaileek ez zuten atzera egin, eta, egun batzuk geroago, eskailera konpondu, eta berriro saiatu ziren helburua betetzen. Ondo neurtu ez, eta labur samarra geratu zitzaien, eta horrek azken metroak eskalada librean igotzera behartu zituen. Abaritzen artean burdinazko gurutzea aurkitu zuten, eta, hortxe, guztien harridurarako, 1728. urtea grabaturik. Herrira jaitsi eta berehala, berriro bere lekuan jarri zuten, konponduta eta beste urte bat gehiago grabaturik: 1902.
1947an, Emilio eta Braulio Jaunsaras anaiek eta Benito Anduezak, berriro jaitsi zuten gurutzea herrira, eta Calixto Arbizu errementariak hirugarren data bat gehitu zion; urte hari erreferentzia egiten ziona, hain zuzen. 1959an, berriz, C.D. Navarra elkarteko eskalatzaileen sokada batek egoera kaskarrean zegoen gurutzea hartu eta konpontzera jaitsi zuen, baina orduko hartan ez zuten datarik gehitu.
Peña Canteroko gurutzearen harira asko dira erantzunik gabeko galderak, zaila baita imajinatzea eskaladarako teknikarik ezagutzen ez zen garai haietan halakorik egitea. Nortzuk igo zuten gurutzea? Zergatik jarri zuten gurutze bat halako leku zail batean? Ez dago erantzunik. Prestakuntza eta baliabide teknikorik gabeko nekazari batek edo batzuek, halako balentriarik egitea misterio eta inkognita bat izango da gerora ere.
Mendia. Ibilbidea
Peña Canteroko gurutzearen misterioa
Etxauriko eskalada eskolan dauden orratz eta monolitoen artean, 'El Cantero' haitzaren gainean dagoen gurutzeak erakartzen du eskalatzaile askoren arreta. Nork edo nortzuk jarri zuten? Zergatik igo zuten hain leku zailera? Erantzunik gabeko galderak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu