Pirena atzeratu dute, baldintza egokien zain

Otsailaren 5ean hasiko da zakur lera lasterketa ezaguna; eski pistetatik kanpoko elur baldintzek eragin dute atzerapena

2011ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 23an zen hastekoa Pirena 2011, Pirinioetan egiten den zakur leren proba ezaguna, baina antolatzaileek bi astez atzeratzea erabaki dute, ibilbideak zeharkatu behar dituen hainbat eremutan elur baldintza aproposak ez daudela iritzita. Elur eskasia ia urteroko buruhaustea izaten da Pirinioetan gisa horretako lasterketa bat prestatzeko, eta elur gutxiegi dagoela ikusita hartu dute erabakia —2007an bertan behera geratu zen arrazoi horregatik—.

Gauzak horrela, otsailaren 5ean egingo dute lasterketaren inaugurazio ekitaldia, Zaragozan (Espainia), eta hilaren 6an jokatuko dute lehenengo etapa, La Partacua eski estazioan. «Eski estazioak normal ari dira lanean, baina Pirenako etapa asko pistetatik kanpo prestatzen ditugu, eta, zakurren eta musherren segurtasuna bermatze aldera, ezinbestekoa iruditu zaigu elurteren baten esperoan geratu eta Pirena bi astez atzeratzea», azaldu du lasterketaren zuzendari Pep Paresek.

Aldaketarik apenas

Gainerakoan, urteroko ezaugarriak ditu Pirena 2011k. Bi astetan, Pirinioetako txoko ezagunetako asko zeharkatuko dituzte; 400 kilometro, guztira. Dozena bat herrialdetako ia 40 lera gidari eta eskiatzaile ariko dira lehian, eta 300 zakur inguru. Etapa laburrak dira gehienak, eta bizitasuna ekarriko du horrek. La Molinan otsailaren 19an bukatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.