Mendia

Zango eta Kortazar nagusitu dira Berako maratoi erdian

Asteburuan jokatu dira Berako mendi maratoi erdia eta Ortzaizeko Lakako Lasteraldia, eta irudi politak utzi dituzteEguraldi ona lagun, jende ugari bildu da mendira lasterkariak ikustera

513 korrikalarik parte hartu zuten Berako maratoi erdian. PIERRE EZKURRA.
Adrian Garcia.
2011ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Manttale mendi elkarteak antolatuta, Berako (Nafarroa) VII. mendi maratoi erdia jokatu zuten iragan igandean. Eguraldiak bultzatuta, jende ugari bildu zen Bera inguratzen duten mendien bueltan lasterketa ikustera.

Didier Zango eta Ohiana Kortazar izan ziren azkarrenak Beran. 1.38.11 behar izan zuen Didier Zango frantsesak lasterketako 21 kilometroak burutzeko. Oier Ariznabarreta eta Walter Becerraren aurretik iritsi zen Zango, eta 2010ean hautsi zuen marka gainditu zuen lasterkariak. Iaz 1.40.02 denborarekin irabazi zuen lasterketa Frantziako korrikalariak. Ibardingo gunetik igarotzen lehena izan zen ere Zango, eta 150 euroko saria eskuratu zuen. Becerrak ongi ezagutzen duen lasterketa da Berakoa. Iazko saioan bigarren iritsi zen ere; 2009an, berriz, hirugarren.

Emakumeen kategorian Ohiana Kortazar (2.04.33) izan da Berako kiroldegian ezarri zuten helmuga gurutzatzen lehena. Nuria Dominguez eta Izaskun Zubizarreta iritsi ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. 2009ko Berako maratoi erdia irabazi zuen ere Kortazarrek. Iaz ez zuen parte hartu haurdun zegoelako.

21 kilometro eta 2.700 metrotako altuerako desoreka gainditu behar izan zuten lasterketan lehiatu ziren korrikalariek. Larun mendatea zen lasterketako punturik altuena, 900 metroko altuerarekin.

513 korrikalari atera ziren irteeratik, eta horietako 481 iritsi ziren helmugara.

Lasterketarekin batera Nafarroako Cluben Txapelketa jokatu zen aldi berean, eta Aralar Mendia taldea nagusitu zen.Manttale eta Txurregi taldeak lagundu zioten podiumean. Manttalek ezin izan zuen aurreko urteko garaipena errepikatu. Lehen aldia da Berak Nafarroako Cluben Txapelketa hartzen duela bere baitan. Iaz Lakuntza-Aralar Lasterketan jokatu zuten txapelketa.

Lakako Lasteraldia

Berakoa ez zen igandean jokatutako mendi lasterketa bakarra. Lakako Lasteraldia maratoi erdia jokatu zuten Ortzaizen (Nafarroa Behera). Aritz Kortabarria (1.48.34) izan zen lasterketako garaile, segundo bakarraren aldearekin. Emakumeetan Homate Marlene (2.16.56) izan zen txapelduna. 257 korrikalarik gozatu ahal izan zuten eguraldiaz eta Pirinioez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.