Mendi ibilaldia

Aranoko mugetan

Aranoko mugetan.
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Arano, Larratxuriko zubia, Garagartza, Leuneta, Errekaleku, Aranomendi, Ontzorrozko gaina
  • Distantzia: 13,5 km.
  • Iraupena: 4 ordu.
  • Ingurunea: Gainez gain, mugaz muga Aranoko udalerriari itzulia emango diogu, eta bidean, nahi beste mugarri, gurutze nahiz mairu baratze ezagutuko ditugu.
  • Estekak: Ibilbidea
Asier Agirresarobe Muskilda Tellabide
2011ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Aranoerreka edo Latxerrekak mende luzetan irekitako sakan bihurgunetsu bateko bi hegiek osatzen dituzte, nagusiki, Arano udalerriko lurrak: sartaldera begira bata, sortaldera bestea. Lehenean daude bi auzo nagusiak, eta horietatik behera erreka zuloraino jaitsi eta pareko isurialdean gora egingo dugu, bigarren zatian gailur lerroetan barrena mugalerroa jarraituz itzulia osatzeko. Ikuspegi zabala duen bigarren zati horretan, historiaz beteriko parajeak zeharkatuko dituzue, gurutzeak, mugarriak eta mairu baratzeak etenik gabe aterako zaizkizue bidera, baita, ziur asko, behor, artalde eta deslai dabiltzan ardiak ere.

Aranoko herrigunea duzue itzuliari ekiteko lekurik egokiena, Goiko Herria, beherago baitago, noski, Beheko Herria deritzona. Urumea ibaiaren ibilguaren paretik igotzen den errepide bihurrian herrigunera iritsita, Kale Nagusi maldatsuan gora segi, eta Tourseko San Martin elizaren aurreko plazan utz dezakezue autoa (450m).

Ohikoa izan ez arren, beherantz egingo dituzue lehen urratsak, Beheko Herrira lehenik eta Latxerrekara ondoren, bide zaharretatik jasiten hasten baita ibilbidea. Bi bide izango dituzue aukeran, biak ala biak errazak eta zein baino zein politagoak. Lehen aukera Kontzeju etxearen ezkerretik behera abiatzea da, porlanezko bidetik beheren dauden Mikelenea eta eraberritutako Almandozenearaino, eta diagonalean behera, harresiz mugatutako bide zaharretik, Beheko Herritik zehar-zehar datorren pistarekin bat egin arte. Hor, eskuinera jo, pistari eutsi eta metro batzuk egin auzora iritsi baino lehen ezkerrera jotzen duen zidorretik behera jarraitzeko. Bigarren aukera goiko auzoaren sarreratik zuzenean beheko auzora daraman bide politari eustea da. Behin Beheko Herriko sarreran, auzoa zeharkatu, aurrera jarraitzen duen pista jarraitu, eta azken etxea ehunen bat metro igarota, beste aukerarekin bat egin ondoren, eskuinetik abiatzen den zidorretik behera jo. Pinudiaren alboko atakako atetxoa itxita, bihurgune parea hartu eta Larratxuri baserriraino iritsiko zarete (280m). Porlanezko bidetik behera jarraitu bihurguneraino, berau utzi eta ezkerrera jaisten den baso pistatik jo, hondoraino, erreka gurutzatzeko Larratxuriko zubiraino (210m).

Beherako bidea amaituta, behetik gora luzea duzue jarraian. Zubia gurutzatu eta bihurguneak emanez igoko da baso pista, eta zuek ere bai, alboko bideei kasurik egin gabe, harik eta bidegurutze garrantzitsu batera iritsi arte (335m). Aranoko etxerik gehienak, tartean bi auzoak, jaitsi berri duzuen hegian badaude ere, igotzen ari zareten horretan ere, behiala baziren bizilagunak zituzten hainbat baserri: Ipiñabar, Enazti eta Deskarga, esaterako. Azken horren hondarrak besterik ez dira geratzen, Ipiñabar eskuinetik aurrera duzue eta zuen goialdean begi bistan Enazti, hori ere aspaldian hutsik. Horra iristen zaretenean, noranzkoz erabat aldatu eta hegoaldera egiten duen baso pistan aurrera egin. Zehar-zehar erreka zoko bat gurutzatu, eta hurrengo bizkarrean hainbat bihurgune itxi tarteko nabarmen egingo du gora bideak Etzaleko borda hesitu eta berritura iritsi arte (460m). Horko bidebanatzean ezkerreko bidetik jo, estutu eta emeki-emeki altuera irabaziz doa gero eta inguru ederragoan barrena. Gain batera irtendakoan (530m), eskuinera biratu eta Garagartzako mugarriraino (672m) eramango zaituzten zidorrari eutsi, bizkarrean gora, zuhaiztia behean utzita, azken metroak inguru soilduan. Hernani eta Aranoren arteko mugarria duzue hor, baita eguneko lehen zutoin adierazlea ere.

Garagartzako muino belartsua hartu baino metro batzuk lehenago, garai bateko Aranoko gurutze bidearen zurezko gurutzea ikusiko duzue eskuinean, alanbre hesiari esker zutik (625m). Mugetatik gainez gain egiten zen erlijio kutsuko ibilbidea zen, urteekin galdu egin dena. Gurutzeetako batzuek hor diraute, baina asko galdu edo desagertu dira. Pazkoan hamargarrenez, edozein zela ere eguraldia, urtero egiten zen herri inguruko gain nagusiak lotzen zituen gurutze bidea, eta segizioan, gutxienez, etxe bakoitzeko gizaseme batek hartzen zuen parte. Gurutze bideak gure ibilbide bera zuen, lehen zati horretan, Intziarriko gurutzetik pasatuta zertxobait luzeagoa izan arren.

Mugalerroan barrena

GR 121aren arrasto gorri-zuriak izango dituzue Leunetako tontor ingururaino bidelagun. Bizkar ia lau belartsuetan aurrera egiten du bideak, mugalerroari segika, San Migel soroa igaro eta izen bereko mairu baratzeraino Aranoko aldetik eta, bidegurutze horretatik gora, Hernaniko lurretatik. Unameneko mairu baratzeak dira mendiok aspaldi humanizatutakoak izan zirelako hurrengo lekuko (770m). Hala ere, ez ditugu kontuan hartzen, eta askoz berriagoak diren mugalerroak harrapatzen baditu, alanbre hesiak erdiz erdi zeharkatzen ditu, hor bezala.

Bigarren bidegurutze horretan, noranahiko ibilgailuen erreinu diren pistak utzi eta Leunetara azken igoerari ekin, malda zut harritsu eta deserosoan gora. Unamuno inguruan (850m) Hernaniko lurrak atzean utzi eta Elduaingoetatik barrena, pinu eroriren bat edo beste saihestuta, Leunetako tontorraren parean izango zarete (883m). Aranoko punturik garaiena izateaz gain, hor egiten dute bat Aranok eta Goizuetak, Nafarroatik, eta Elduainek, Gipuzkoatik. Elduainen Leitzarango konifero sail latzek hegoalderako ikuspegia mugatu arren, iparrera ikusmira zabala dago, besteak beste Aranoko sakan guztia eta ibilbidearen azken zatia dituzue begien aurrean.

Gandorrean behera Biamako lepora gerturatu (855m) eta ezkerrera biratuz, hegi belartsuan behera doan bidea hartu behar duzue, Goizuetako lurretan, Errekalekura jaisteko (660m). Paraje horietan pilatzen da Euskal Herriko historiaurreko ondarearen zati garrantzitsu bat. Pista eta bestelako bideei kasurik ez eta Ontzorrozko gain belartsura (710m) igo jarraian, gandorrean aurrera, beste hainbat megalito atzean utzi eta Orauneko lepora jaisteko (510m). Goiko Herrian amaitu baino lehen, Aranomendiko (575m) gurutzebidearen lehen gurutzea eta Jaun Donosti ermita eraberritua ezagutzeko aukera duzue.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.