Mendi ibilaldia

Egiarko mairu baratzeak

Oiartzungo estazio megalitikoa izen bereko harana osatzen duten mendietan dago. Gaur egun, trikuharri bat eta hirurogei mairu baratze daude, hemezortzi gunetan kokaturik. Ibilbide zirkular honetan, Egiarko harrespil gunea ezagutzeko parada izango dugu.

argazkia
Egilea, zazpi mairu-baratzez osatutako Egiarko harrespil-gunean. MIKEL ARRIZABALAGA
Gipuzkoako ibilbidea. Egiarko mairubaratzea
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Egiar
  • Distantzia: 9,8 km
  • Iraupena: 2 ordu eta 45 minutu
  • Ingurunea: Oiartzun
  • Estekak: wikiloc
mikel arrizabalaga
2023ko azaroaren 22a
05:15

Oiartzungo Ergoien auzoan dagoen Olaizola jatetxearen aparkalekuan hasiko dugu ibilaldia. Errepidearen beste aldean dagoen Arditurriko bidegorrira igo, eta handik laurehun metro pasatxo egingo ditugu bidegurutze batekin topo egin arte. Bidegorria utzi, eta eskuinetik ateratzen den bide zabaletik aurrera egingo dugu. Porlanezko bidean zehar, Telleritxiki baserria lehenik, eta geroago Lezoti eta Bornaetxea etxaldearen ondotik igaroko gara, Zuloagagainera heldu arte. Hor, porlanezko bidea amaitu, eta eskuinetik gorantz egiten duen lurrezko bidetik gora egingo dugu. Gaztainondo eta pinu artean zabaltzen den bideak Larremotx baserri ederraren ondora eramango gaitu. Baserriraino heltzen den bide zabaletik jarraituko dugu, eta, gain batera heltzean, hori utzi, eta eskuinetik marrazten den xendan zehar Egiederrera igotzen hasiko gara. Puntu horretan bat egingo dugu Oiartzundik Elurretxeko leporaino doan PR-Gi 1011 bide balizatuarekin.

Tontorrera bidean dagoen malda piko eta gogorrari ekingo diogu segidan, eta, gora heltzean, ikuspegi zabalaz gozatzeko aukera izango dugu. Tontorretik ateratzen den bidezidorretik erraz ailegatuko gara Egiarko multzo megalitikora. Burdin Arokoa den multzo hori P. Soraluzek aurkitu zuen 1909an, eta 1912an eta 1967an induskatu zuten Telesforo Aranzadik eta Jesus Altunak, hurrenez hurren. Urte askoan, zuhaizti bat egon da han, eta, beraz, gaur egun ikus daitekeena antzina oharkabean pasatzen zen. Multzo megalitiko ikusgarri horrek zazpi mairu baratze (harrespil) ditu, eta horietako batek ia bi metroko lekukoa du. Harrespil horiek diametro desberdinak dituzte (2 eta 7,5 metro artekoak), eta bertako osagaiek ere askotariko tamaina, forma eta altuera dute. Inguruan dauden harkaiztegietako blokeez osaturik daude, baina horietako bat harkaitz azaleratze natural batean dago.

Trikuharriak baino geroago eraikiak dira harrespilak edo lurpean sartutako harriez osatutako zirkuluak. Mairu baratze edo jentil baratze ere deitzen zaie. Harrespil horien barruan lurperatuta, hildakoak erraustearen ondoriozko errautsen zati bat gordetzen zuten. Errausketa barrutiaz kanpo egiten zuten, urrunduta, eta egur eta hezur erreen errautsak harrespilaren zentrora eramaten zituzten, eta han uzten zituzten, zuzenean lurzoruaren gainean edo harriz osatutako kutxatxo batean.

Multzo megalitiko ederrari bisita egin eta gero, bide landu eta eroso batek muinoa inguratu eta Elurretxera doan errepidera eramango gaitu, bi argibide taulen ondora. Errepidearen azpiko aldetik marrazten den xendan barrena, Buenavista baserrira jaisten den porlanezko pistara joango gara, eta bertatik igoko gara errepidearekin bat egin arte. Hori gurutzatu, eta aurrez aurre dugun bidetik igotzen jarraituko dugu. Bide seinale zuri eta horiek eskuinera egitera gonbidatuko gaituzte, eta, handik zabaltzen den bidean zehar, Lerungo haitzak inguratu, eta Lerunzabalera iritsiko gara. Beltzaizko gaina inguratzen duen bideak Bosbidetako lepora eramango gaitu. Puntu horretan, balizatutako bidea utzi, eta aurrez aurre dugun porlanezko bide zabaletik jaisten hasiko gara. Bihurgunera heldu aurretik, ezkerretik ateratzen den lurrezko pista hartu, eta bertatik jarraituko dugu altuera galtzen, Arditurriko meategien aparkalekuraino iritsi arte. Meategietara doan bidea ezkerrera utzita, Arditurriko bidegorritik hiru kilometro egin beharko ditugu abiapuntura itzultzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.