Ezarian

Ekorako ninfa iturria

Arabako Errioxa ezustekoz beterik dago. Toloño mendilerroaz bestaldeko erliebea leuna eta soilgunez beterikoa bada ere, ezusteko politak izaten dira hainbat eta hainbat txokotan. Ekora herria, akaso, harribitxi horietakoa da.

Maiatzean eta abuztuan erromeria egiten da Bercijanako tenpluan. J. GIL-GARCIA.
Josean Gil-Garcia.
2011ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Ekora inguruko paisaia aurkitzeko xedez, ibilbide liluragarria egin daiteke. Ekora Arabako Errioxan dago, eta Toloño mendilerrotik hurbil gailentzearen ondorioz, xarma berezia duela ezin ukatu. Errioxa aldera sarritan jotzen dugu, hango ondare arkitektonikoaz edota ardogintzaren ingurukoaz gozatzearen kariaz. Orain, ordea, mahastiak eta upategiak baztertu gabe, buru-belarri ekingo diogu inguruko aberastasuna aurkitzeari.

Herria ekialdetik inguratzen duen Ekora errekara bidean gabiltzala, arkitektura ederreko iturrian geldialditxoa egingo dugu. Victoriano Palacios eta Jose Rodriguez adituek eskualdeko ondare arkitektonikoa bertatik bertara aztertu dute, eta, haien hitzetan, «Arabako herrialdekoa ez ezik, Euskal Autonomia Erkidegoko zaharrenetakoa ere bada Ekorakoa». Gero, oraintsu atondutako Bercijana baselizarako zidorrari jarraituko diogu bertako atsedenlekuan indarberritzeko gogoz. Ibilbideari oratuta, ur baltsa biribil bateraino joan-etorri arina egingo dugu. Segidan, zidor harriztatuari men eginez, Ekora ibarrera jaitsiko gara. Txundituta utziko gaitu, zinez, ibarraren emankortasuna ikusteak. Erreka xumea izanagatik ere, bazterrak ureztatzeko adina ur emari eraman ohi du, eta ibarreko magalak berde ilunez tindaturik baleude bezala ikusiko ditugu. Azkenik, ibar xumetik ehunka metro aldenduz gero, San Justo atsedenlekua ikusiko dugu. Hara heldu gabe, haatik, Ekorako ibarrean gora egiteko unea iritsiko zaigu.

Ekorako iturri zaharra

Ekora errekako ibarra korritzen duen ibilbideari oratze aldera, Hegoalde kalean abian jarriko gara. Eliza monumentalera doan porlan kalea baztertuta, hortaz, erabilera askotako San Prudentzio eraikinaren ondotik igaro ondoren, beherantz abiatuko gara. Horma irudi koloretsuan egokitutako eskalada gunea ikusiko dugu maldan behera gabiltzala. Betiere kale nagusitik aldendu gabe, herriko iturri neoklasikora iritsiko gara. Makal garai eta sendoak ikusiko ditugu bertan. Adituen ustetan, iturgintza arkitektonikoa da adierazgarriena iturri horretan. Edozelan ere, ez-adituak mira eginda geratuko gara haren aurrean, gutxi baitira antzeko arkitektura erakusten duten ur jarioak. Egarria bapo-bapo aseta, plazatxoaren eretzetik igaro eta, asfaltoa gurutzatuta, zuzen jarraituko dugu hartxintxarrezko bidea gogaide. Arkitektura hidrauliko ederreko multzoa bisitatzeko aukera izango dugu herrigunetik aldendu aurretik; izan ere, ezkerraldean irteten den bide egokituak Erdi Aroko gotikoaren garaira bidaiatzen eder-eder lagunduko digu.

Dirudienez, 1861ean Ekoran eraikitako iturri neoklasikoak eta ikuztegi publikoak monumentu honen gainbehera ekarri zuten. Orain hemeretzi urte abiatutako berreskuratze lanen ondorioz, multzo hidraulikoa erabat itxuraldatuta ikusiko dugu. Nolanahi ere, erraz da imajinatzen iturriak behiala bete zuen funtzio praktikoa eta soziala. Ganga eta arku zorrotzez osaturiko monumentu ederra dela begi bistakoa da, haitz naturalean ongi egokitua. Harkaitzean isuritako ur xumeak galeria batetik bideratu ondoren, biltegi edo pozadera batzuetaraino bideratzen dira. Modalitate horretako hamahiru iturri katalogatu dira, eta guzti-guztiak Arabako Errioxan daude. Horietatik hiruri, apartekoak baitira oso, ninfa iturri esaten zaie: Ekorakoaz gainera, Mairuen iturria Labrazan eta, Binasperin, El Lugar deritzana.

Bercijanako paseo botanikoa

Iturria bisitatu ondoren, hartxintxarrezko bideari jarraitu, eta Bercijana baselizako atsedenlekurantz abiatuko gara. Goratasuna galtzen hasiko gara, ibarrerantz urratsak egiteko xedez. Zidorrean bizpahiru minutu eman ostean, eskuinera joko dugu, eta hamaika landare aurkituko ditugu orduan, bide bazterrean. Besteak beste, gaztainondoak, astigarrak, intxaurrondoak eta lizarrak aleppo pinudiaren babesean bistaratuko ditugu. Ipurua, txilarra, izpilikua, ezkaia, arrosa, zuhandorra eta landare xume ugari, berriz, kolore anitzez lurzorua tapizatzen.

Terraza moduko batetik aurrera egingo dugu, atze-atzean, Toloño mendilerroko ekialdeko muturrean, Peñalta eta Lapoblacion sona handiko mendien siluetak gailentzen direla. Laster ikusiko dugun behatoki egokitua baliatuko dugu gertuko paisaiaz gozatzeko. Etxola baten ertzetik igaro ondoren, sigi-sagaka, Bercijana baselizara eta atsedenlekura iritsiko gara. Estilo gotikoko egitura sendoa erakusten du tenpluak. Ikusgarriak, besteak beste, horma bularrak eta atariko arku zorrotzak.

Ekorako bizilagunek Bercijanako Andre Mariari dioten debozioa dela eta, maiatzeko Santo Domingo egunean eta abuztuan izaten dute jardun alaia. Orduan, La Cadena dantza egiteko tenorea egokitzen zaie. Gaur egun ezinbesteko eginkizuna bada ere, herri dantza hori orain hogei urte berreskuratu zuten Ekoran, zortzi lagunen ekimenez. Tradizioa berpizteko ahaleginen osteko poza urteroko erromerietan gauzatzen da, baita lurraldean zehar eginiko emanaldi ikusgarrietan ere.

Ibarreko oparotasuna

Baselizako eremutik irten, metalezko langa zeharkatu, eta ezkerrean hartuko dugu basabidean. Soa aurrera luzatuta, gainaldean eraikitako baltsa biribil baten horma hautemango dugu. Harantz bideratuko ditugu pausoak. Bertara iritsi gabe, ordea, olibondo batzuen ondoko bidebanatze batera iritsiko gara. Ur baltsa ikusiz gero, joan-etorria egingo dugu bide nagusiari men eginda. Ondoren, toki horretaraino itzuliko gara, Ekorako ibarrera jaisteko asmoz. Hala gauzak, bidexkari segituz, ibarreko basabide zabalera iritsiko gara. Eskuinera egingo dugu han behean, ibarraren paraleloan segitzeko. Nahas-mahas olibondoak eta mahastiak ikusiko ditugu, baita lizar eta makal lirainak ere. Bide nagusiari ekingo diogu, astiro-astiro, harik eta ibarreko beste ertzera igarotzeko aukera dugun arte. Nahi izanez gero, eskuinera egin dezakegu, han San Justoko atsedenlekua bisitatuko badugu. Bestela, ezkerrera egingo dugu bidegurutzean, eta, Ekora errekaren gainetik igaro ondoren, ezkerrera berriz eginda, ibarrean gora hasiko gara.

Ibarretik aldentzen diren bideak baztertua, apurka-apurka Ekora hurbiltzen hasiko gara. Une batez, mahasti baten aurrean utziko gaitu bideak. Ez larritu! Soroa inguratu, eta, bide zabalera berriz irtenda, aurrera segituko dugu, harik eta Ekora eta Gorrebusto lotzen dituen basabide asfaltatura iritsi arte. Zubi zaharra ikusteko parada izango dugu orduan. Iturri zaharrerainoko azken metroak asfalto gainean egingo ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.