Eskalada

Larhun, Urkilako gandorretik

Larhunera oinez, korrika, bizikletan, autoan eta trenez igotzerik badago, baina baita eskalatuz ere.

p025 f01 (7)
p025 i01 (11)
  • Herrialdea: Lapurdi
  • Zailtasuna: Zaila
  • Distantzia: 14 km.
  • Iraupena: 7 ordu
  • Estekak: Ibilbidea
Xabier Mujika.
2022ko maiatzaren 17a
09:00

Larhun Nafarroa eta Lapurdi artean dagoen mendi bakarti eta ikusgarria da, leku guztietatik ikusten dena, leku guztiak begiradapean dituena.

Geografikoki zorrotz jarrita, eskalada hau Larhunen baino gehiago Urkila mendiaren izen bereko gandorrean egiten da, Urkilepo izeneko lepoan hasi eta Athekaleun harratean amaituz.

Ibilbidea

Ibilbidea Sara herriko (50 metro) igerilekuetan hasiko dugu, eta, GR-10 arrastoei jarraituz, Urkilepo lepora zuzenduko gara. Urkilepora iristeko, trikuharri itxura duen eraikin berezi baten ondoren dagoen borda batean GR-10 ibilbidea utziko dugu; ezkerrean doan errekastora jaitsi, gurutzatu, eta garoaz estalitako aldapa igoko dugu.

Urkilepotik gora, konglomeratu eta hareharriz osatutako gandorra eskalatzen hasiko gara. Eskalada gehiena II-III zailtasuneko pasabideak eskalatuz egiten da, baina soka-luze bat egitea eskatuko diguten hiru pinakulu eta hormatxo bat topatuko ditugu. Denak III+ eta IV+ zailtasunen artean egongo dira. Eskalada Athekaleun harratean amaitzen da. Hortik gora, Urkila mendiko gailurra ezkerrean utzita, oinez jarraituko dugu, eta, 20-25 minuturen buruan, Larhungo gailurrera iritsiko gara.

Oinez jaitsi nahi badugu, Larhungo ipar hormatik behera Azkainera doan ohiko bidetik jaitsiko gara, Les trois Fontaines lepora iritsi arte. Hortik trenbidea zeharkatu, eta, GR-10 arrastoei jarraituz, Sarara itzuliko gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.