Mendi ibilaldia

Lokizko harresiei begira

Lokizko harresiei begira.
Lokizko harresiei begira.
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Ganuza, La Chopera, Santiago baseliza, Berria harratea, Lokiz
  • Distantzia: 8 km.
  • Iraupena: 2 ordu eta 20 mn.
  • Ingurunea: Hamar kilometroko hedadura duen karaitzezko harresi bikain honek Urederra eta Erga ibaien haranak banatzen ditu.
  • Estekak: Ibilbidea
mikel arrizabalaga
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Lokizko mendilerroak edo Cordillera de Valdellin deitutakoak Lizarrako arroa erabat menderatzen du mendebaldetik. Hamar kilometroko hedadura du karaitzezko harresi bikain honek, eta Urederra eta Erga ibaien haranak banatzen ditu. Hainbat pasabidez baliatuz, harrizko pareta garaien gainetik puntatik puntara zeharka daiteke mendilerro ikusgarria.

Lizarra Urbasarekin lotzen duen errepidean barna, Larrion herrira iristean errepide nagusia utzi, eta, Aramendia herria igaro ostean, Gauzara helduko gara. Herrian autoa laga ostean, Santa Eulalia baselizaren ondotik ateratzen den pistari heldu diogu. Bide seinale zuriak eta horiak jarraitu, eta, La Chopera esaten dioten lekura iristean, pista utzi, eta makalen artean marrazten den zidorra jarraitu dugu. Bi lerrotan kokaturik dauden makalditik barrena abiatu gara. Bidea oso nabarmena da, eta, pareta bertikaletara gerturatu ahala, aldatsa gogortzen hasi da. Lehen izerdi tantak irristatzen hasten direneko, oharkabean horma handiaren azpira iritsi gara. Atzera begira jarri, eta Gauza, Ollobarren eta Ollogoien herriak ikusi ditugu. Metro gutxiren buruan altuera nabarmena hartzen baita.

Ezpel eta ipuru artean igoz, gaindiezin dirudien hormaren oinera heldu gara, baina bide seinaleak jarraituz, harkaitzen artean zabaltzen den leize txiki batean murgildu gara. Aurrera egin dugu, eta, dozena bat metro ilunpean bete ostean, argia ikusi dugu beste aldean. Zelako sorpresa! Harri eta zur geratu gara. Sinesgaitza! Aurrera jarraitu, eta berehala iritsi gara horma bertikalen gain aldera, ezpelez eta artez betetako sapaldara. Lizarrako arroa eta Montejurra aurrez aurre, eta, zertxobait harantzago, Monjardingo gazteluaren hondarrak, Monjardin herriaren gainean. Bidea oso nabarmena da, eta bidegurutzearekin bat egitean, eskuinera jo dugu gorantz. Bat-batean, parez pare Lokizko Santiago baselizarekin egin dugu topo. Badira baseliza horren inguruan zenbait kondaira.

Lokizko Santiago da Ameskoa, Allin eta Lanaibar bitartean dagoen baselizarik ospetsuena. Tomas Lopez Selle, nafar etnologo ezagunak, tenplu honek gerratetik ihesi etorritako jendeei babesa eskaini ziela esaten digu. Perez Ollok idatzi zuenez, baseliza hori hasieran San Kukufateren izenean sortu omen zen, eta dagoeneko 1357an aipatzen da haren izena. San Kukufat martirizatutako santu kataluniar bat zen. Itxura denez, XVII. mendean aldatu omen zen Santiagorena bihurtuz. Eta apostolu horren egunean biltzen baitira mendilerroaren magaletan dauden herri guztietako ordezkariak —25 herri, guztira—. Dena dela, 700 urteko historia duen baselizaren inguruan bada kontakizun zahar bat esaten duena Santiago apostoluak mendi bakarti hauek zeharkatu zituela Galiziako bidean.

Baselizaren inguruan dauden mahai eta aulkietan leku aproposa dago hamaiketakoa egiteko. Ez baitugu presarik, belarretan etzan, eta atsedena hartzeko aukera izan dugu. Atsedena hartu ostean, baselizari bizkarra eman, eta Puerto Nuevo edo Berria harraterantz jaisten hasi gara pistaren eskuin aldetik ateratzen den zidorrari helduz. Lokizko pareta bertikaletan dauden pasabide gutxienetako bat aurkitu dugu hemen, eta Gauza herrira jaisteko bertatik egin dugu beherantz. Harkaitzek pixkanaka igarobidea estutzen dute, eta ordu erdi eskas behar izan dugu ezpel eta harizti artean abiapuntura iristeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.