Zeharkaldi luze baina erraz honek Irisarri eta Ortzaizetik Izpuraraino eramango gaitu ibilbide ezezagunetatik
Allande Sokarros
Abiapuntua zehatz aurkitzeko zein ibilbide hau hanka sartzerik gabe egiteko, mapa baten apurtxo bat irakurtzen jakitea komeni da. Zeharkaldi hau guztia IGN Top 25 1346 OT kartaren 4 - A B C D zatian ikus daiteke. Oinez ibiltzen hasteko gunea Baxenabarreko Irisarri eta Ortzaize herrien arteko errepide bazterrean izango dugu, zehazki Florenzaren Borda baserrirako bide sarreraren pare-parean. Hortxe bertan, Ortzaizerako norabidean 50 bat metro beherago badago latsunarria errausteko baliatzen zen karobi zahar eder bat, tamalez, baina, suntsitzen ari dena.
Mapan 188 metrotan emana den leku horretan, erabat hegoalderat eta apur bat gorantz eginda abiatzen den arbelbide polit baten hasiko gara ibiltzen. Ordu laurdentxo baten buruan, bide sarde batekin egingo dugu topo, eta ezker aldera gorantz joko dugu, nahiz eta eskuin eta behera harturik ere berriro ibilbide honetara aterako ginatekeenArrabiteko lepoan. Bide sardetik berehalaxe, Uhaldeko Borda izeneko eraikin zaharberritu baten eta mahasti txiki batean artean pasatzen da arbelbide hau bera. Poliki-poliki gorantz eginda, Larramendiko bizkarraren haria Arrabiteko lepoan (335 m) topatuko dugu. Hortik aurrera ikuspegi zabala eta zoragarria gozatuko dugu, zeren une horretatik bertatik, hurbilago edo urrunago, ezagutuko baititugu hainbat gailur, hala nola Baigura -ipar-mendebaldean Larla- mendebaldean, Jara, Munhoa eta Oilarandoi-hego-mendebaldean, Iparlako harresi luzea eta Hautza-mendebaldean eta hegoaldean, Urtsua eta Artzamendi -mendebaldean... eta beste hainbat eta hainbat. Goxo-goxo gora eginda beti, Larramendira (395 m) lehendabizi eta Antzaramendira (446 m) eramango gaituzte gure urratsek, lautada zabal honetako bidelagun izango ditugularik -zoritxarrez baina- uso ehizarako postuak.
Larramendiko gainaren ezaugarria -oso bista ederra eskaintzeaz gainerat, haatik- ur biltegi baten kokalekua izatea da. Atseden pixka bat hartzeko eta ikuspegi zabalaz gozatzeko unetxo bat harturik, hegoalderat behera goxo-goxo joango gara, ur biltegira daraman lurbidetik. Bide txiki batera iristean, ezker alderat joko dugu, eta horretan kilometro bat inguru eginik, bihurgune zorrotz batean, seko behera sartzen den bide are txikiago bat hartuko dugu. Horrek Etxegoinborda baserrira darama eta, zalantzan egonez gero, argindar habe batean emana den plaka batek ere baieztatzen digu hori. Etxalde horretara apur bat iritsi aurretik, harizti eder baten artean urratutako lurbide bat hartuko dugu, ezkerrerantz eta behera. Etxegoien edo Etxegoinborda baserriari bizkarra ematen diogula, apurtxo bat gora egingo dugu, beste lurbide batekin topo egin arte. Hor eskuin alderat hartuko dugu, Bakuitze izeneko muino baten hegoaldeko maldan egindako bidezidor horretan. Une batez, bitxi badirudi ere, Done Jakue bideko seinale bat ere ikusiko dugu.
IHIZGORRI BIZKARRAREN GORA. Laster, bide txiki batekin topo egin eta ezker alderat hartuta jarraituko dugu horren gainetik. Kilometro bat eskas egin ondoren, bihurgune pare batean dagoen lepo txiki batean -mapan 379 metrotan emana da-, bide hau utzi eta ote malda baten gora joko dugu. Ihizgorri edo Nabahandi izenak dituen bizkar horren harira iritsirik, bidezidorrean hego-mendebaldera ibiliko gara, une batez, haatik, xenda hau hegoalderat bihurtuko zaigularik. Une batez ere, kolore askotako -- laranja, hori, berde...-- ibilbide seinalatu batean egongo gara. Hegoaldean parez pare eta baso batez inguratuta daukagun mendia Arradoi dugu, eta haren gailurrera zapatzerat goaz. Lehenik, haatik, Jatsu aldetik datorren bide txiki bat topatzean, eskuin alderat hartuko dugu -retour Ispoure (Izpurara bueltatzea, alegia) pankarta batek seinalatzen digun legez.
Amaiera arte tinda horiz seinalatuta izango dugun ibilbidean apur bat gora egin beharko dugu, Frantziako armadaren obra izan omen den bidezidor harresidun bitxi batean. Horrek, itzuli-mitzulika, Arradoi gainera (660 m) lagunduko gaitu. Gailur horrek, baina, ez gaitu ikuspegi handiarekin oparituko, zuhaitzez inguratuta denez. Ibilbide seinalatuari eutsita betiere, hego-mendebaldera jaitsiko gara, atandarri edo harri-mapa batera. Hortik apur bat beherago, ibilbide seinalatuak aukera emango digu Izpurara Etxaineko paretatik -ezker alderat jota-edo Mitxadoi auzunetik -eskuinerat-iristeko. Izpura herri polita izango dugu helmuga.