Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEAK. Bosmendieta, tontorrez tontor

MENDIA. IBILBIDEAK. Bosmendieta, tontorrez tontor.
  • Herrialdea: Zuberoa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Lakarri, Zalagaine, Bosmendieta, Belozkarre
  • Distantzia: 9 km.
  • Iraupena: 3 ord.
  • Ingurunea: Etxebarre, Lakarri eta Larraine inguruan ibiliko gara, bitxikeria geologiko baten hariari jarraituz.
  • Estekak: Ibilbidea
2008ko otsailaren 22a
00:00
Entzun


Allande Sokarros

Bosmendietara ibilgailuz heltzeko bide seinalatu bakarra da Ibar Esküin bazterreko Lakarri herritik gorantz doana. Herritik lauzpabost kilometro egin ondoren -tartean ikuspegi zabal eta ederra gozatzeko aukera daukagula-, berehala iritsiko gara Bosmendietako lepora. Hementxe pankarta elebidun batek baieztatzen digularik non gauden, bide sardan ezkerrera joko dugu, eta bide harriztatu batean kilometro bat eta erdi egin ondoren, ibilgailua utziko dugu lurbide bat eskuin gorantz abiatzen den gunean. Lurbide hau da hego-ekialdean hurbil-hurbil daukagun Zalagaine gailurrera (1.053 m) igotzeko azken aldapatxoa.

Alabaina, lurbide honen pare-parean eta Zalagaineri bizkarra emanda, bide harriztatuaren beste aldetik ipar-mendebaldera jota, larrean gora goxo-goxo ibiltzen hasiko gara. Elorriondoz estalitako lehen muino batera iritsiko gara berehala, eta hori da, nolabait esatearren, Bosmendietako seigarren tontorra... Hemendik aurrera ibilbidea oso sinplea izango dugu. Mendebaldera lerro-lerro dauzkagun bost tontorretatik igarako gara, bata bestearen artean, baina apur bat behera eta berriro ere gorantz egin beharko dugularik. Hasieratik ohartuko gara bitxikeria geologiko batez, hots, tontorren eta apaluneen hariari zuzen-zuzen arraildura batek jarraitzen diola. Pitzadura horiEtxebarreko arraildura deitzen dute geologoek, eta Kaliforniako San Adriango arraila ospetsuarekin parekatzerik ez bada ere, fenomeno natural beraren lekuko da.

Tontorrez tontor, goiti eta beheti eginda ibiliko gara, beraz, Etxebarreko arraildurari hurbilenik jarraituz. Gailur txiki horien artean batzuk apur bat aldapatsuak badaude ere -abiatu garenetik laugarrena bereziki-, oso azkar joaten da batetik bestera. Gailur batetik hurrengora joateko, hamar bat minutu nahikoa da, ibiltze denbora soilik zenbatuta. Alabaina, bekatu larria litzateke inguruan daukagun ikuspegi zabal eta miresgarriari arretarik ez ematea. Begi bazka dagoen guztia aipatzea luzeegia litzatekeelarik, erran dezagun soilik ipar-mendebaldean Arbaillak mendialdea daukagula, eta hegoaldean, guztien errege, Ori punta. Auñamendiko gailur lerroa ere oso-osoan ageri da.



MüRüXEKO NABARA. Tontorretatik gorenaren (1.020 m) apalunean Bosmendietako ola zaharraren aztarnak ikusiko ditugu. Hurrengo muinoaren gailurrean, berriz, bi atanda harri (orientazio harri) topatuko ditugu, ondo eta zehatz egindakoak, ez baita beti hala gertatzen... Laster, azken tontor batetik goiti-beheti egin ondoren, ibilgailuz igaro dugun Bosmendietako lepora helduko gara. Bidea zeharkatu eta mendi harritsu baten gora igoko gara, Etxebarreko arraildura bidelagun dugularik. Mapan izenik ez duen mendi hau da Belozkarreren ekialdeko gailurra (1.147 m). Jaisteko hobe da gailurreko harkaitzak apur bat behealdetik saihestea. Mendebaldean, Marüleko basoak iparreko malda estaltzen dion Belozkarreko gailurrera (1.173 m) joateko aukera badugu, hiru ordu laurden gehiago emanda. Hori eginez gero, alanbre hesi bati jarraitzea komeni da; horren funtzioa Belozkarreko baxak edo amildegiak behiei debekatzea da. Hesia jarri aurretik, behi andana amildu (larrütü zubereraz) zen. Belozkarreko mendebaldeko gailurraren azpian, aterpe gisa zaharberritu duten artzain txabola izandakoa da. Barrura sartzeko, jakin behar da gibelaldeko egur lekuaren atearen atzean dagoela giltza.

Belozkarreko mendebalde gailurrera joanda ala ez joanda, hegoaldeko bi gainetarako bidean izango gara, biak altuera berdintsukoak (1.165 eta 1.160 m). Ote eta iratzearen artean ikusten badugu, behintzat, ekialdekoak zedarri bat badauka. Ekialdeko norabidean, hain zuzen, eta Bosmendietako tontorrak bisan-bisean ditugula, Belozkarrerako artzain olara eta ur biltegira daraman lurbidearen abiagunera jaitsiko gara. Hortxe topatuko dugun bideak Larrainerat darama. Bide hau zeharkatu besterik ez dugu egingo, sastraka artean xenda erdi ezkutu baten behera joateko, leheneko denboretan hortxe zebilen Idigorriako artzain txabola aldera. Honen arrastroak doi-doi ikus daitezke. Erabat ekialdera joko dugu larre ordoki batean, beste behin ere Bosmendietako lepoarekin topo egin arte.

Aldi honetan ere bidea zeharkatu egingo dugu, Bosmendietakomendebaldeko azken tontorra iparraldeko maldatik saihestuta. Hasieratik ez bada, aski laster topatuko dugu tinda horiz seinalatutako ibilbide bat. Honek berehalaxe lagunduko gaitu beste bitxikeria geologiko batera, hots, eskuin aldean hurbil-hurbil dauzkagun Bosmendietako tontorren eta ezkerrean izango dugun hegi harritsu baten artean ezkutatzen den ordoki luze eta hertsi batera. Ia kilometroko luzeera duen ordoki belartsuak Mürüxeko Naba du izena. Zuhaitz gune batera iritsi aurretik, ibilbideak behera egin baino lehen, tinda horiei agur egingo diegu, eta eskuin aldean ageri-agerian daukagun sakana txikian gora joango gara. Hortxe topatuko dugun ur aska baten albotik eta Mürüxeko ola suntsituaren saihetsetik gorantz eramango gaitu. Sakanaren goi aldean, abiapuntu izan dugun ordokitxoa topatuko dugu. Ordoki honek Mürüxeko Pelotakagia izena du, eta jakiterat ematen diguleku horretan aitzin aroetako pilota jokoetatik bat zen botü lüzean aritzen zirela artzainak, euren lan neketsuak uzten zieten astialdietan.



«Mari Santzen lasterra...»

«... Bosmendietaren behera (...)». Hala dio Euskal Herrian ezaguna den Bereteretxeren kantorea-k. Egia erran, Bereteretxeren amak guk Bosmendietara heltzeko ibilgailuz egin dugun bidea zuen, gutxi edo aski, lasterka egin, bere anaia Lakarri Büztanobiko jaunarengana. Guk, ordea, autoa utzi dugun bide harriztatu aski onetik egingo dugu behera. Lauzpabost kilometroren buru, etxe multzo batera iritsiko gara, horietatik bata Bereteretxeren kantorea-k ospetsu egin duen Etxebarreko Ezpeldoia da. Parean, bide bazterrean bertan, Bereteretxeren hilketaren oroitarria mendeetako kate luzearen lekuko daukagu. Bide sardan eskuin hartuz, aldiz, Ligira jaits gaitezke, eta bertako elizan ezkerrerat behera sartu eta berehala, Laminen Zubia ikus genezake. Akerbeltz etxeko garagardo fabrikari bisita egiteko aukera dugu gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.