Villanueva Soportillako nekropolia bisitatzeko asmoa dugu. Sobron herriko behealdeko auzoan dagoen Ebroko atsedenlekua dugu abiapuntua. Espejo eta Miranda lotzen dituen errepidean hartuko dugu Ebro ibaiak sorrarazi duen arroilan barrenera doan errepide bihurgunetsua, Puentelarratik hurbil. Trespaderne herrira doan errepide horretako 29. mugarria igaro eta berehala, Sobrongo Hotelak adierazten duen seinale herdoildu bat ikusiko dugu. Errepide nagusitik irtengo gara orduan, eta ibai bazterrera jaitsiko gara. Hotel gunera heldu aurretik, Ebroko parkea ikusiko dugu, baita autoa uzteko eremu zabala ere.
Ibaiaren gaineko zubi zuri batetik egingo ditugu lehen urratsak, eta ertzaz bestaldera igaroko gara. Zaldaina zeharkatuta, Soportilla edo Camajon izena hartu eta behiala arrakasta handia izandako bainuetxe bateko iturburu bat ikusteko parada izango dugu. Bidearen ondoko haitzulo baten barruan jariatzen du bere ur emaria, 22 gradutan, eta burdinazko hesi galant batek apaindua dago. Haitzulo paretik igarota, ibaian behera egingo dugu ondoren.
Estugune eder batetik igaroko gara aurrerago. Ia-ia uraren ertzeraino iristen den hormatzar gorrixka bat izango dugu begi bistan. Gezurra badirudi ere, ibaiaren eta harrizko orratzaren artean egiten du aurrera bide zaharrak; Ebroko arroilaren gaineko bista politaz gozatzeko aukera izango dugu. Camajon errotara iristeko 50 metro baino ez direnean falta bidexkak banandu egiten dira. Errotaraino iritsi gabe, eskuinera egin eta hegoalderantz joko dugu. Sobrongo urtegiko presatik datorren Fontechako ubide azpitik igaroko gara gero. Ezker eta eskuin egingo du aurrerago pista nagusiak, goraka eta hegoalderanzko norabideari eusteko xedearekin. Puentelarra eta Fontecha herrietako bazterrez gozatu ahalko gara gorantz egiten dugun heinean. Talaia ezin hobean gaude, era berean, Arabako hego-mendebaldeko txoko honetako galsoroek, artadi trinkoek eta ler gorriek itxuratzen duten paisaia berezia ikusteko.
GOI ERDI AROKO HILOBIAK. Goratasuna galdu gabe, Villanuevako desbideratze parera iritsiko gara berehala. Herrira jaitsi ordez, Soportillako herri hustua bisitatuko dugu. Zaldiak izan ohi dituen finka zabal bat eskuinetik inguratu eta hegoaldeko norabideari berriz eutsita, galsoroen artetik doan bidexkarijarraituko diogu Soportillako elizara iritsi arte. Herriguneko behealdeko auzoan hartuko dugu Villanuevara doan errepidea. Villanuevako plaza nagusian eskuinera egin eta lau bideko bide sarda batera iritsiko gara. Fruta arbola batzuen aldamenean segituko dugu, zuzen-zuzen, argindar habe baterantz. Goi tentsioko hari elektrikoaren azpitik igarota, maldan behera egingo dugu gero. Jaisten hasi eta minutu gutxira, desbideratze bat ikusiko dugu ezkerraldetik. Bide hori baztertuta -handik itzuliko gara eta-, aurrera joko dugu, beste bidegurutze bat ikusi arte. Orduan bai, ezkerrera egiteko unea izango da. Fontechako ubide gainetik igaroko gara (zabor asko metatzen da han) eta, pista nagusiari men eginez, Villanueva Soportillako nekropoliraino iritsiko gara. Burgos probintziako aztarnategirik oparoenean gaude eta, historialariek diotenez, IX. eta XII. mendeen artekoak dira bertoko 279 hilobiak. Goi Erdi Aroko hilerri horretan eraikin txiki bat dago, defentsarako dorreoi baten antzera. Litekeena da bisigodoen garaikoa izatea, harrizko eraikin horretatik gertuen diren hilobiak multzoko zaharrenak baitira. Esan gabe doa eremu babestu batean gaudela eta ondare arkeologikoa begirunez zaindu beharra dagoela.
Hala, multzoaren ezkerraldeko hesi paretik jarraituko dugu, pinudian sartu arte. Pinuditik irtetean, zabalgune batean gaudela, ezkerrera egingo dugu eta, galsoroetan barneratu gabe, ezponda batetik behera egingo dugu. Erkametzez josiriko terraza batera iritsita, ezkerrera egingo dugu, bidexka batetik. Zehar-zehar, landa bide batera iritsiko gara. Handik segitu ordez, eskuinera egingo dugu eta, bi sororen artetik igaroz, beste landa bide batekin bat egingo dugu. Goraka hasiko gara orduan, eta geroPradilla iturri paretik igaroko gara. Villanuevako bidearekin bat egiterakoan, eskuinera egingo dugu eta herrirantz abiaraziko gara. Herrigunean sartu gabe, eskuinetik inguratzen duen errepidetxo bati jarraituko diogu. Asfaltoaren konpainian, atze-atzean utziko dugu Villanueva, eta Ebro ibaiaren ertzerantz jaitsiko gara. Errepidea amaitzen den lekuraino jarraitu behar dugu eta, ondoren, ezkerrera jo eta Camajon errotara iritsi. Joaneko bide beretik itzu-liko gara Sobrongo aparkaleku-ra.
MENDIA IBILBIDEAK. Ebroz bestaldeko hilerria
Sobron bainuetxeko iturburu epela eta Soportillako nekropoli oparoa bisitatuko ditugu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu