Arabako Asparrena udalerriarekin mugakide da Ziordia, Arakil ibaiertzean. Hango kaleak dira abiagunea. Herriaren mendebaldetik abiatzen da iparraldean dituzuen mendietara doan bidea, porlanezkoa gain batean dagoen langaraino, eta pista aurrerantzean. Bai hasiera horretan eta bai handik aurrerakoan ere, toponimia adierazten duten hainbat errotulu zuri txiki topatuko dituzue, betiere Ziordiko lurretan.
Errekazokoaren beste aldean utziko duzue harrobi harrijalea, eta emeki-emeki gorantz, Elosu izeneko parajea atzean utzi eta Auntzetxeko bordara helduko zarete (700 m). Hor, bidebanatzean, ezkerretik behera doan pista hartu, nahiz eta gorantz doan eskuinekotik ere Goikoganaraino erraz iritsiko zareten. Lehen errekastoa gurutzatu eta bigarrenera iristear, Otsorrebuelta parajean (710 m), kairn edo harri pilaz markaturiko bide estu bat ikusiko duzue eskuinera. Horixe hartu, eta ekin behetik gorako bideari. Lehen malda pikoen ostean, errekazokotik aldendu eta Olatezar parajeko malda zelaiagoetara irtengo zarete, pagadipean betiere (825m). Bidea ongi zedarriturik egon arren, igo ahala are eta lausoagoa bilakatuko da. Bat-batean, zehar-zehar doan pista bat topatuko duzue. Gurutzatu, gora egin, eta gaina hartuko duzue berehala, ehiztari aterpe baten aldamenean (1.040 m).
Sartaldera zuzendu behar dituzue jarraian urratsak, gainez gain muinorik garaieneraino, Illarragorriraino. Ibirigain muinoa igaroko duzue lehenik, ehiztarien aldamiozko uso parada erraldoi mordoa eta bazkaritarako beste aterpe bat dituela inguruan. Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugalerroan alanbre hesia eta 1806. urtea grabaturik daukan mugarria topatuko duzue ondoren. GR-121 (Gipuzkoako Bira) ibilbideko arrasto zuri-gorriak jarraitzea besterik ez duzue, pagaditik alertze sailera igaro, une batean Gipuzkoara pasa eta mugarrira ailegatzeko. Ustekabe ezatsegin galanta hartuko duzue, ordea, iritsi aurretik. Hedagailu itzela agertuko zaizue begi aurrean Gipuzkoako zatiko ordokian, ipini berria, eta porlanezko bidea bertaraino.
Hiru lurraldeen bat-egitea bi mugarrik adierazten dute, txikia bata, luzea bestea. A, G eta NB hizkiak dauzka grabaturik bigarrenak harriaren hiru aldetan. Mendebaldean, Aizkorriko gailurrak gailentzen dira ostertzean, eta txakostea igarota, Nafarroan jada, Burunda-Sakana igarobidearen beste aldean, Urbasa eta Entzia. Erpin geodesikoa eta hainbat buzoi ikusiko dituzue Illarragorrin (1.118 m).
LEZAUNGO KOBA Itzulera bide beretik egin badaiteke ere, zailagoa eta gogorragoa izan arren, Lezaungo kobak ixten duen haran itsuaren hondoraino jaistea gomendatzen dizuegu. Arabako lurraldera igaro beharko duzue horretarako, Olanoko tontorrerantz abiatzen den pistatik behera. Aurrera zoaztela, nabarmen eskuinera egitean (1.030 m), ezkerrera jo behar duzue, eta bide estu batetik behera jaisten jarraitu. Halako batean, mendiok ezkutatzen duten bazterrik ederren eta ezezagunenak aurkituko dituzue. Arbara mendiko hego isuria ixten duen kareharrizko horma itzela, hainbat forma eta tamainatako sima eta kobekin. Zulobeltzeko koba duzue zuen eskuinean topatuko duzuen lehena. Orbelez estaliriko troka sakona da, aurrealdean kareharrizko hormak itxia, non zulo garbirik gabeko hondoan emari dezenteko erreka desagertzen den (905 m). Oraindik Arabako lurretan, bidean behera aurrera segituz, irteerarik gabeko beste sakanean barneratuko zarete. Araba eta Nafarroaren arteko mugalerro den errekak, ordea, badu nolabaiteko irteera; izan ere, Lezaungo kobako sarrerako aho eskergan barrena (12 x 20 m) lurraren erraietara barneratzen da (885 m).
Sakonunetik irteteko atzera egin behar duzue, Lezaungo Koba adierazten duen errotulu zurira iritsi arte. Errekastoa gurutzatu eta Ziordiko lurretan barrena, pagadipean gora jo behar duzue, bide garbirik gabe Aitzkibil muinoaren atzean zabaltzen den harrate zabalera. Handik behera erraza duzue, Aizkibileko tontorretik jaisten diren labar izugarrien oinetik doa bidea, pagadipean. Labar horietan, hain zuzen, Gobazpi izeneko zulo eta aterpe naturalak aurkituko dituzue, bertaraino iristen bazarete. Malda pikoan behera segituan zarete gorakoan igarotako Otsorrebuelta parajean (710 m). Handik Ziordirakoa ezaguna duzue.