Urumea zeharkatzen duen zubitik Juanderenea etxe atarira hurbil zaitezte, plazatik abiatzen baita Tartazu auzora daraman bidea. Bide batez, eraikinaren aurrealde aparta behatu, ondare arkitektoniko tradizionalaren adibide adierazgarria. Etxe multzoa eskuinetik inguratu badaiteke ere, bi eraikinen artetik ezkerrera abiatzen den porlanezko bidetik abiatu, berehala, eskuinera jo eta mendi bidea hartu. Orbelaz beteriko bide sakona duzue, behiala erruz erabiltzen zuten, baina, egun, bertako gutxi batzuek eta, noizean behin, mendizaleren batek soilik. Behetik gora, bi murruen artean beti, Santa Kruz ermitara iritsiko zarete.
Bertaraino iritsi baino lehen eskuinera joko du bideak, inguru zabalagoan gora, Goizueta jada behean eta bistan duzuela. Behin malda leunduta, Tartazu auzoko lehen baserriak agertuko zaizkizue laster, ilaran, bata bestearen atzean. Garai bateko bizitokiak, gaur, hutsak edo hondakinak dira gehienak. Ortzeriaga duzue lehen baserria, edo hobe, izandako hartatik geratzen diren hondarrak. Hondakinen erditik iragan, segi gora eta Samarrenea duzue hurrena, zutik eta egoera onean, bertan erabat inor bizi ez arren (300 m). Bidean aurrera Konejera ikusiko duzue jarraian, eraikuntzaren erdia eroria duela. Eutsi bideari eta laster izango dituzue zuen ezkerrean Goikobordako baserriaren hondarrak. Azkenean, Domiñara iritsiko zarete (400 m), jendea bizi da hor; izan ere, ezkerreko bizkarretik, Alkainzuriain auzoan barrena errepidea du. Behean utziko duzuen Domiñazpik ere baditu bizilagunak.
Porlanezko bidetik gora egin behar dituzue hurrengo ehun metroak, gain batean, eskuinera abiatuko den pista jarraitzeko. Bizkarrean jada, atzera norabidea zuzendu, aurrera egin eta hurrengo bizkarra gainditzera doa pista. Bidebanatze batera iritsiko zarete (520 m). Dakarzuen pista zabala utzi eta zuzen-zuzen, Soroluxe izeneko bizkarrean gora doanari eutsi. Etxola bat utziko duzue ezkerrean, eta aurrera eginez, Pagoetako lepora iritsiko zarete, bidegurutze batera (625 m). Zuzen aurrera doana utzi eta zuhaiztiaren gainetik, eskuinera egiten duen zidorrari eutsi behar diozue. Biosoroko iturria agertuko zaizue laster, Konejerako borda zaharren lau harriak ondoren, eta Berazako bizkarrean izango zarete bat-batean, begi aurrean ikusmira paregabea duzuela (650 m): Mandoegiko zuloa, Mandoegik berak, Abadegurutz -Baratzazarreta- eta Unamunoko tontorrek ixten duten sakana. Ospela, hezea eta malkartsua, pagadiaren gustuko. Horrainokoa garbia bada ere, aurrerantzekoa bestelakoa da. Tentuz, bide ona galdu nahi ez baduzue, atera zuen mendizale sen hori.
MANDOEGI TONTORRERA. Mandoegiko ipar hegi malkartsu eta basatia alderik alde zeharkatzen du zidorrak, azken zatian izan ezik, igoera nabarmenik gabe. Berazpiko zelai eta borden gain zehar-zehar doan zidorretik egin behar duzue aurrera, nahiz eta lauso samarra izan zatika. Erreka zoko bi zeharkatuko dituzue Karasu izeneko parajera iritsi aurretik. Pagaditik txilar eta otadiak hartutako soilgunera igarotzean, jarraipenik ez duela irudituko zaizue. Goiko pagadira jo orduan, hainbat txondor-plaza lotuz, han darrai zuen bideak (725m). Errekazulo sakon bat zeharkatzeko bihurgune batzuk emanaraziko dizue zidorrak, baldin eta bide zuzenetik bazoazte. Beste bat ere zeharkatuko duzue, azken bihurgunearen ostean pagaditik irten aurretik. Mazela soildu malkartsuan gora, goitik behera amiltzen den bizkar batean igarobide dotorea aurkituko duzue. Hor bada aurrera jarraitzen duen bidea, laua hasieran. Hura hartu, eta bi tontorrak lotzen dituen lepo zabalean zarete azken metroak burutu ostean, ospeletik irteteagatik pozarren ziuraski (940 m). Azken zati horretan aurkitzen dira Mandoegiko meatzeak, edo meatze baten ahoa behintzat. Pareko hegalean, beste zulo batzuk ere badira, Ezpondaren minak, esaterako. Jakin nahiko genuke lanean izan zirenen berri. Haiena bai bizimodu gogorra!
Leitza bidean, tontorra mendebaldetik inguratzen duen bidexka eskuinean utzi eta bizkarrean gora doan zidorretik, arazorik gabe hartuko duzue Mandoegiko gain belartsua (1.045 m). Erpin geodesikoa, buzoi parea eta burdinazko hagatik zintzilik haize-boladek astindutako ikurrina topatuko dituzue. Gizasemerik ez; ikuspegia edozein asetzeko modukoa.
Itzulerarako, ipar-ekialderantz luzatzen den bizkarra erabiltzea duzue aukera ona, Auntzbizkarra izenekoa. Malda belartsuetan poliki-poliki behera egin eta izenagatik bestela uler badaiteke ere, ezker hegitik doan zidorretik zailtasunik gabe egingo duzue aurrera. Zatirik estuena igarota, Zalku izeneko parajean malda zabal belartsuak topatuko dituzue, Goizueta bistan duzuela. Biosorotik igarota, ezkerrean gurutze oroigarria utzi, eta Pagoetako lepora jaitsiko zarete. Inguru ezaguna izanagatik, beherantz asko duzue oraindik.