Xenda seinalatua utzi egingo dugu, bihurgune motz batean ezkerralderat seko igotzen hasiko delarik. Aurrera egingo dugu, elge bide batean, Iturburukoborda baserrira iristean (164 m) autoentzako bide batekin topo egin arte. Horretan, hirurehun bat metro ibili ondoren, ezkerralderat -ekialderat- hartuko dugu, bide sarda batean, Uhaldegaraia etxaldetik (155 m) igaro eta hur gordailu batera daraman bidexka hartzeko. Malda nahiko aldapatsu bati eutsita, Herauzeko lepora iritsiko gara (334 m) eta hortxe, erabat iparralderat jota, Atxapuruko hegiaren gora igoko gara, Elzarruzeko mendialdeak dituen tontorretako lehenengoa (409 m) zapaldu arte.
Iparralderat hegiaren haritik ibilita, bigarren tontor batera joko dugu (395 m) eta hemen, aldiz, eskuinaldera beherantz sartuko gara lepo txiki batera jaistearren (328 m). Hor bertan pasatzen den xenda seinalatuari arretarik egin gabe, bisean bis daukagunmaldaren gora joango gara, iparralderat. Ote eta harkaitz artean ibiltzea ez bazaigu beti erraza izango ere, Elzarruzeren gailurra den kaskora helduko gara laster (421 m).
BI HEGI, SAKANA BATEK BANANDUAK. Oso xumea izan arren, gailur honetatik ikusmen zabal eta miresgarria gozatuko dugu, herri, haran, muino eta mendi andana begi-bazka izango ditugularik. Mendi eta mendixkei dagokienez, ezagutuko ditugu, besteak beste, Garalda (mendebaldean) Abarratia (ipar-mendebaldean), Hoxa Handia (hego-ekialdean), Baigura (mendebaldean), Ursuia (ipar-mendebaldean), Larla eta Iparla (hego-mendebaldean). Ipar-ekialdean, aldiz, Donamartiriko eliza auzunetik apur bat baztertua, Otsozelaiko kobazulo entzutetsu eta miresgarrien kokalekua antzemango dugu. Elzarruzeren gailurra den leku honetan, beste hegi batean gaude, aurretik izan garenetik sakana batez banandua dagoena. Bizkar honen hariari hirurehun bat metroz jarraituz, Elzarruzeren laugarren tontor batera heltzeko aukera izango dugu (403 m).
Bi hegien arteko lokarri den lepo batera jaitsiko gara ondoren, erabat mendebaldera jota. Hortxe topo egingo dugu berriro horiz seinalatutako ibilbideekin eta aukera izango dugu sakanetik eskuinaldera behera egiteko edo malda saihetsa gaindi doan ezkerreko xenda hartzeko. Ipar-mendebaldean hurbilean daukagun bosgarren tontor batera (339 m) igo eta hegiaren behera ere joan gintezke, baina, larrazkenean esaterako, otea eta iratzea oparo direla, nahiko zaila da bertatik ibiltzea. Hortaz, eta ibilgailuak utzita dauzkagun lekura zuzenean eramango gaituelakoz, ezkerreko xenda seinalatua hartzeko aholkatuko genizueke. Gorantz egitean hartu genuen ibilbidearekin topo egingo dugu Etxartiratzea etxearen inguruetan, eta hirurehun metro joan-etorrian egitea besterik ez zaigu geratuko abiagunera heltzeko. Lepoan har genezakeen eskuineko xenda seinalatuak, berriz, sakana oso polit baten behera, Donamartiriko Kolorotz auzuneraino eraman gintzake eta errepidearekin topatu ondoren, ezker alderat jota, kilometro bat eta erdi inguru ibili beharko genuke, autoen hara-honaka etengabearen artean.