Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEAK. Munhogaine eta Nethe: Oztibarre bihotzean

MENDIA. IBILBIDEAK. Munhogaine eta Nethe: Oztibarre bihotzean.
  • Herrialdea: Nafarroa Beherea
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Ibarla, Munhogaine, Nethe, Karakotxea, Azkonzabal, Oztibarre
  • Distantzia: 13 km.
  • Iraupena: 5 ordu.
  • Ingurunea: Oztibarreko haranean hegiz-hegi, gailur ezezagunei agur egiteko aukera dugu honakoan.
  • Estekak: Ibilbidea
2008ko martxoaren 28a
00:00
Entzun


Allande Sokarros

Oinez abiapuntu izango dugu Bunuze eta Duzunaritze-Sarrasketa herrien arteko bidean dagoen Ibarlako ezker pareta (173 m). Hortxe dauden aparkatzeko lekuetan ibilgailua utzi, eta, eskuin alderat, Gamia edo Azkonzabeleko leporako bidean hasiko gara ibiltzen. Berrehun bat metroren buru, haatik, ezker alderantz abiatzen den bide txikiago bat hartuko dugu. Bide hori topatzea erraza da, makila hitza aldarrikatzen duen pankarta batez seinalatuta baitago.

Bide honetan kilometro pasatxo egin ondoren, Etxebestea baserrira iritsiko gara. Hortxe bizi den Pierra Harizpuru jaunak mizpirondoz eginiko makila ederrak fabrikatzen ditu. Tailerra bide bazterrean du, eta han topatzen baduzue, atseginez eta Oztibarreko euskara ederrean azalduko dizue nola egiten dituen makila ederrak.

Etxebestetik 200 metro haratago joanda - eta bide ertzeko lur sailetan makilak egiteko baliatuak diren mizpirondoak ikusiko ditugularik-, eskuin abiatzen den lur bide bat hartuko dugu. Behiak mendi bazkalekuetara igortzeko baliatzen den bidexka hori haritz eta gaztainondoen artean igoarazten gaituen xenda bihurtzen da. Poliki-poliki, Munhogaine mendixkaren ipar-mendebaldeko maldaren gora irteten gara. Zuhaizpetatik atera eta aski laster, hoberena da, behi xenda utzirik, mendi hegira jotzea eta bizkarraren hariari jarraitzea hego-mendebaldera norabidean.

Horrela, abiatu garenetik ordu bat eta erdiren buru, Munhogaine gailurrera (543 m) arribatuko gara. Ikusmen zoragarria izango da geure izerdi egitearen opari. Oztibarreko harana bitan zatitzen duen mendixka lerroan gaude; mendebaldean, Azkonzabaleko lepotik Garazi alderat daraman bidea daukagu, eta ekialdean, Hozta herrira eta Urzategietarat eramaiten duena. Aurrera eginda, Munhogainetik hegoaldeko otadi mazelaren behera jaitsiko gara, behealdeko lepo batean ikusten dugun Ahunzkobordaraino.

Ura jasotzeko eraikidura baten eta bordaldearen saihetsetik aurrera jarraituko dugu lur bide polit batetik. Poliki-poliki ere ote maldaren gora igoko gara, une batean bide harriztatu bat topatu arte. Mazelaren gora indar handirik egin gabe eramango gaituelakotz, hari jarraituko diogu ura biltzeko beste eraikidura aski handi batera iritsi arte. Eraikin horretatik berehala, bidea utziko dugu, mendi maldaren gora zuzen igotzeko gisan. Igoera, baina, nahiko laburra izango da, ordu laurdenean Nethe gailurrera (764 m) helduko baikara.

Guztiz ezezaguna da mendi polit hau eta damu da benetan, oso bista ederra eta zabala baitago bere gailur zabaletik. Handik ageri-agerian diren mendiak oro izendatzea luzeegia litzateke, baina bakar batzuk aipatzearren, Adartza, Arradoi, Artzamendi, Baigura, Beltxu, Hautza, Iparlako mendi lerroa, Jara, Munhoa, Oilarandoi, Urtsumendi, Zaboze ezagutuko ditugu, besteak beste...

Geure zeharkaldian aurrera egin beharrean, Nethe gailurreko lautada zabalaren bazterra joanda, mendebalderako maldaren behera seko jaitsiko gara. Jaitsiera hori, haatik, aski laburra izango da, lautadatxo batera iritsi orduko (669 m), ezker alderat, oso hegoalderat beraz, joko baitugu sakana txikitxo batean. Iratze maldaren behera jarraituko dugu Olharria baserrira iristeko (554 m). Laborari etxe eder horren alboan igaro ondoren, bertara daraman bide txiki baten gainetik ibiliko gara 300 bat metroz. Erdaraz Col des palombières (Usategien lepoa) seinalatzen diguten pankarten norabideari eutsiko diogu, baina azken seinaletik 300 metrora, behera sartzen den bide harriztatua hartuko dugu.



AZKONZABALEKO LEPORA. Aski laster lur bide eta xenda bilakatzen den ibilbide hau tindaz seinalatuta dago eta horrela izango dugu bururaino. Laborantza aterpe batera daraman bide harriztatuari bizkarra emanda, organbide polit batean aurrera egingo dugu. Zurezko langa bat pasa eta gero arroila bide batean ibiliko gara eta Duzunaritze-Sarasketa herriko Karakotxea baserri hondatuaren alboan igarota (487 m) bihotz tinkadura bat sendituko dugu. Organbide honek aurrera dirau Othapareko errekak zulatutako sakana barnearen gainetik eta hortxe arestian geure oinek zapatutako Nethe daukagu, ekialderago Beltxu mendia eta ipar aldean Eheta eta Orgamendi.

Organbide atsegin hau borda bateraino daraman bide harriztatu bilakatzen da (505 m), eta honek berehala garamatza Azkonzabaleko lepora (503 m). Txangoa zeiharkatze bat denez, ibilgailuren bat utzita izan beharko duzue bertan. Azkonzabaleko lepotik 200 metro haratago dagoen Gamiako ostatuan trago bat hartu edo zerbait jatea gomendagarria da oso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.