Urkulu mendia Euskal Herrian dugun mendi berezienetako bat da. Ez da oso altua, eta ez dauka silueta ederrik ere, baina haren tontorrean erromatarrek eraikitako dorre bat dago, eta horrek egiten du mendizaleentzat erakargarri. Hara igotzeko, hainbat abiapuntu daude. Errazena Arnoztegiko lepotik (Nafarroa) abiatzea da. Guk, ordea, Aezkoa aldetik igoko dugu, Azpegiko aterperaino igota. Mendizale asko, normalean, Orbaizetako Olatik abiatzen dira, baina lehen zatia asfaltaturik dagoenez, egokiagoa da Espainiako Koroaren arma fabrika atzean utzi, eta ibilgailuz igotzea Azpegiko aterperaino dagoen errepide tartea.
Aterpearen aurrean dagoen iturri ederrean kantinplorak beteko ditugu, eta martxan jarriko gara. Lehen metro gutxi batzuk errepidean egin eta berehala, ezkerraldera joko dugu mendian sartzen den bidetik. Denbora gutxi beharko dugu Azpegiko bi trikuharrien ondora heltzeko. Belarretan bide nagusia bilatu, eta ezkerraldean dagoen muino batean, Aramuñoko Ama Birjinaren irudi zuria ikusiko dugu haitz baten gainean. GR-12 ibilbidearen (Euskal Herriko ur mugaren ibilbidea) seinale zuri-gorriekin bat egingo dugu, eta ez ditugu utziko Arnoztegiko lepora heldu arte. Aurrez, Sorozabalgo lepora igoko gara, eta gertu dauden megalitoak bisitatuko ditugu. Bidera itzuli, eta bide zabaletik Arnoztegiko leporaino joango gara. Aurrez aurre, Urkuluko dorre berezia ikusiko dugu, eta GR-12a gure ezkerrera utziz, aldapa pikoari ekingo diogu. Belarretan marrazten den xendatik erraz igoko gara gainaldera, eta gertu izango dugu erromatarrek eraikitako dorre ezaguna. Azken aldapatxoa igo, eta kito.
Lehenik eta behin, dorrea bisitatuko dugu, eta gero, gertu dagoen tontorrera joango gara. Jean-Luc Tobie arkeologoak erromatarren garaikoa zela esan zuen 1976an, Akitania konkistatzeagatik eraikitako trofeo-dorre bat. 1990ean, indusketa lan batzuk egin zituzten, eta Maria Angeles Mezkiritz historialariak han aldare bat aurkitu zuenez, dorrearen jatorri erromatarra berretsi zuten.
Dorretik gertu, XVIII. mendeko gotorleku bat dago, 1793ko Konbentzio Gerran erabilitakoa. Haren jatorri erromatarra zalantzan jarri ohi dute batzuek. Ez dute uste trofeo-dorre bat denik: batetik, hormak ezohikoak direlako, eta, bestetik, zeramika arrastorik ez dutelako aurkitu. Gainera, handik ez zen galtzada nagusirik pasatzen. Edonola ere, leku ederra da, eta hango ikuspegia, paregabea. Primeran ikusten da Donibane Garazitik Orreaga aldera doan Donejakue bidea, eta baita Pirinioak zeharkatzen zituzten bide zaharrak ere. Panoramika honetaz pixka bat gozatu ostean, hogei bat metrora dagoen tontorrera joango gara, eta Nafarroa Behereko lurren paisaiaz gozatuko dugu han.
Itzulerako bidea mendiaren gandorretik egingo dugu, xendari jarraituz. Jaisten hasiko gara, eta bideak gandorra utzi, eta Soroluzeko lepo aldera amiltzen den belazetik jaistera gonbidatuko gaitu.
Lepora heldu orduko, igotzeko hartu dugun bidea gure eskuinera utzi, eta ezkerretik ateratzen den xenda hartuko dugu. Zaldiek, behiek eta artaldeek egindako bideak ikusiko ditugu, eta edozein aukeratuta ere, erraz iritsiko gara errepidearen ondora, Azpegiko nekropoli megalitikora, hain zuzen ere. Harrespil batzuk eta zutarri bat ikusteko aukera izango dugu. Abiapuntua gertu izango dugu. Horretarako, errepidea gure eskuinean utzi, eta paraleloan belarditik jaitsiko gara, aterperaino.
Mendi ibilaldia
Urkuluko dorrea
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Nafarroa
- Zailtasuna: Erraza
- Distantzia: 7,8km
- Estekak: Wikiloc
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu