KRITIKA. Musika

Bikain betea da dena

La Cetra Barockorchester & Vocalensemble. DANIELE CAMINITI
La Cetra Barockorchester & Vocalensemble. DANIELE CAMINITI
2024ko martxoaren 21a
05:00
Entzun

LA CETRA BAROCKORCHESTER & VOCALENSEMBLE

 

Zuzendaria: Andrea Marcon. Bakarlariak: Jakob Pilgram, Christian Wagner, Shira Patchornik, Sara Mingardo, Mirko Ludwig, Francesc Ortega, Guglielmo Buonsanti. Egitaraua: J. S. Bachen Nekaldia San Joanen Arabera BWV 245. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: martxoaren 19a.

Badakigu J. S. Bachek bost pasio idatzi zituela Kantor zeneko garaian, denak Ostiral Santuko ofizioetarako, baina bi bakarrik iritsi zaizkigu ia osorik, eta horietako bat da Nekaldia San Joanen Arabera. Noski, egokiena da obra egun hauetan entzutea, Leipzigeko San Nikolas elizan estreinatu zenetik 300 urte igaro ondoren, estreinaldiaren egunean entzun zitekeen horretara hurbilduko gaituen interpretazio historizistan. Andrea Marconen zuzendaritzapean La Cetra orkestra eta abesbatzarekin osagai onenak bildu ziren pasioaz bere horretan gozatu ahal izateko: aldi berean gertakari musikala eta gizatiarra.

Luterok alemanera itzulitako Bibliaren bertsioa izan zuen oinarri Bachek pasioak idaztean, eta esan genezake San Joan-ean modu paregabean egiten dutela bat musikak eta Eskriturak. Jesusek pairatutakoa modu leun eta barrenkoian aurkezten du, baina baita ausardiaz ere, ebanjelioan duen zentzu jainkozkoa alde batera utzi gabe. Izan ere, Jesusek izaera berezia dauka Joanen idazkeran: bere jatorriaz eta, ondorioz, bere amaieraz kontziente ere badena, osoki entregatzen dena. Hala, Wagnerrek hitzak guztiz barneratuta zituen, Jesus sentibera eta zentzuduna eskainiz. Gurutzean esaten duen azken esaldian adierazten da hori modu nabarmenean: «Es ist vollbracht» («Betea da dena»). Bachek alto batentzat idatzitako aria hunkigarrienetakoa eraikitzen du esaldi horrekin, Sara Mingardok bikain haragiztatu zuena, lerro melodikoa fintasun osoz mantenduz eta soinuan sakonduz.

Ildo bera izan zen nagusi gainontzeko arietan: Patchorniken Zerfliesse, mein Herze edertasun handiko damua izan zen; Ludwig zertxobait estuago zati batzuetan, baina garbia hala ere. Pilgram ebanjelista bikaina da: argia, borobila, behar denean dramatikoa eta, batez ere, gidari zehatza, une oro baxu jarraituaren sostengu adimentsua lagun zuela. Abesbatzak ere parte hartze apartak izan zituen, bai koraletan, bai turba-koruetan ere, suminetik kontenplaziora eraman gintuena. Pasioak beti jarriko gaitu heriotzaren galderen aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.