Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Eguberri on!

2022ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Eguberriak iritsi dira. Atzo San Tomas eguna ospatu genuen askok, eta egun horren ostean, bazkari, afari eta edariz beteriko egunen maratoia iritsi da. Eguberriak magikoak izaten dira eta magia horren esentzia islatu nahi duten film eta telesai asko daude. Telebistan urtero Eguberrietako film asko jartzen dituzte, eta, azken urteetan, Love Actually filma Eguberri garaian ikusteko ezinbesteko filma bihurtu da. Donostiako Antzoki Zaharrean horrela egin zuten aurreko asteburuan, eta pantaila handian ikusteko aukera ekarri zuten Bang Bang Zinema kolektiboko lagunek.

Baina zer gertatzen da Eguberriekin LGTBIQ+ komunitateko pertsonentzat? Askok beren familiarekin gatazka dute, eta bakarrik edo antzeko egoeran dauden lagunekin elkartzen dira egun hauetan. Telebistan ikusten dugun magia horrek ez du funtzionatzen kasu horietan. Egoera horiek ekarri ditu pantaila txikira Smiley (Netflix) telesailak. Carlos Cuevas eta Miki Esparbe dira protagonistak, eta LGTBIQ+ komunitatearen Love Actually dela esan daiteke. 2003. urtean Richard Curtisek egindako filmean amodio erromantikoaz eta Eguberrietako espirituaz gozatzeko aukera dugu, baina bertan ez dago bikote homosexualik. Horren inguruan hitz egiten daSmiley telesaileko eszena batean, eta argi dago telesail horren zuzendariak film horren espiritua hartu duela Bartzelonan gertatzen den fikzio hau egiteko.

Telesaileko bi protagonistek zoriz aurkitzen dute elkar. Protagonistetako batek bestearen telefonora deitzen du, huts baten ondorioz. Hortik aurrera, beren harremana gorabeheraz beterik egongo da. Bruno eta Alexen bizitzak oso desberdinak dira. Bruno arkitektoa da, eta haren familiak ez du onartzen hura homosexuala izatea. Alexek, berriz, taberna batean egiten du lan eta bere amarekin harreman aparta du. Eguberri garaiak iristen dira eta maitasuna eta magia pizten dira telesailean, baina Alexen eta Brunoren artean trabak sortzen dira. Komedia erromantikoaren topiko asko ditu telesailak, eta horregatik kritikatua izan da. Alde batetik, kritika ulertzen dut, baina batzuetan LGTBIQ+ komunitatean horrelako komedia topikoak behar ditugu. Gure fikzioak dramaz beterik daude eta maitasun erromantikoan erortzeko arriskua gutxitan ikusi dugu; beraz, goza dezagun!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.