GAKOAK

2017ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Auzitegietan egiten dira pertsonen gaitasunak moldatzeko prozedurak. Horra nola:

Arlo zibilean. Arlo zibileko prozedura judizialak dira, betiere. Prozedura horren ondorioz ezgaitzeren bat dakarren epai bat ebazten bada, funtsean, bizitza zibil eta politikoan dituen eskubideak egikaritzeko gaitasuna kendu edo urrituko zaio pertsonari: horietan bere kabuz jarduteko era. Xedeak, betiere, izan behar du neurri horrekin pertsona hori babestea. Herritar orori dagozkion eskubide eta betebeharren titular izango da oraindik, baina horiek egikaritzeko modua murriztua izango du.

Autogobernu arazoak dauden egoera iraunkorretan. Edozein gaixotasun edo urritasun fisiko edo psikiko iraunkor duten pertsonekin has daitezke era horretako prozedurak, betiere horren ondorioz pertsonaren autogobernurako gaitasuna urrituta badago. Diagnostikoa aurkeztu behar da prozeduran, eta horrek pertsonarengan zer eragin duen ondo azaldu behar da: pertsonaren ahalik eta erretratu osoena egin behar da.

Familia eta ingurukoak. Ezkontide eta izatezko bikote, guraso, ondorengo eta anai-arrebak. Horiek daude legitimatuta prozesu bat hasteko familia barruan. Familiartekoez aparte, kasuak hel daitezke, adibidez, osasun sistematik, gizarte zerbitzuetatik edo bizilagun baten bidez; kasu horietan, fiskaltzak hartuko du pertsona horrentzako babes irizpideak eskatzeko ardura. Betiere, bakoitzak behar duen neurrian: ez gehiago.

Tutore edo kuradoreak. Gaitasun moldaketa zertan datzan epaileak zehaztuko du, eta hark ebatziko du, halaber, nork egikarituko duen pertsona horrek egin ezin duen hori: nor izango den tutore edo kuradorea. Tutoreak ordezkatu egingo du; kuradorea osagarria izango da hainbat prozedura zibiletan laguntzeko.

Ez dira betiko. Legeak onartzen du, ingurua eraldatu ahala, gaitasuna mugatzeko epaiak indarrik gabe utz daitezkeela, edo horien norainokoa alda daitekeela. Buruko erien kasuan ikusten dira usu horrelakoak. Jatorrizko epaiaren unean, momentuko beharrizanen harira, mugatze zabal bat egin zen akaso; gero ikusi bada pertsona horrek hobera egin duela, ezintasuna gutxitu dela, hainbat eskubide egikaritzeko era berreskura dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.