Saskibaloia. Eurokopako finala: Uxue Bilbo Basket-Lokomotiv Kuban. Alex Mumbru. Uxue Bilbo Basketeko jokalaria

«Gabarra? Oraindik ez dugu ezer egin»

Kapitaina lasai dago. Taldekideak ondo ikusten ditu, eta zorren kontuak ez diela eragin dio. Euforia saihestu nahi du, baina jasotako babesa ordaindu nahi dio hiriari «zer ospatua» emanez.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2013ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Taldeko kapitainak Raul Lopezekin zuen solasaldia eten du. «Euskaraz oraindik ez, baina katalanez bai. Lopez, Grimau eta hirurok maiz egiten dugu katalanez gure artean». Eserita dago, Bizkaia Arenako kantxa alboan, eta lasai, orkatilak hobera egin diolako. Beteranoa izan arren (Bartzelona, 1972), ilusioa badu. Hori bai, ospakizunez ez du hitz egin nahi. «Lehenbizi, irabazi egin behar da», esan du, zuhur.

Lehen galdera, beharrezkoa: zer moduz duzu orkatila bihurritua?

Tira, oraindik ez dut askorik behartu, baina hobera egin du. Ez dut uste jokatzeko arazorik izango dudanik.

Kapitainak nola ikusten du taldea?

Gogotsu. Finala irits dadin zain. Sasoi osoa hau lortzeko egin dugu borroka, eta egunaren zain gaude.

Nolakoak dira bezperak? Zuk eskarmentu handia duzu finaletan.

Beti dira bereziak. Nire ibilbideko azken finala balitz bezala hartzen dut, irabazi ahal izango dudan azken titulua. Finalaren bezperan, halere, beti datoz kirioak, presioa... Adinarekin finalak jokatzen ikasten duzu, baina aurreko gauean lo egitea beti da zaila.

Jendeak zer esaten dizu kalean?

Sinestezina da ematen dizuten babesa. Jendeak ahalegin ekonomikoa egingo du Charleroira joateko; garai hauetan, gainera... Orain, guri dagokigu maila ematea. Garaipena ezin dut ziurtatu, baina bai gure onena emango dugula.

Honezkero, nekatuko zineten Lokomotiv Kubanen bideoak ikusteaz.

Oraindik, gehiago ditugu ikusteko! Gutxi batzuk ikusi ditugu, baina hau final bat da, eta arreta handiz prestatzen dira partidak.

Eta zer ikusi duzu bideo horietan?

Talde indartsua dela; batez ere, erasoan. Diru asko gastatu duen talde bat da, Eurokoparen bidetik Euroligan sartzeko. Calathes, Jasaitis, Kalnietis, Brown... talde osoa dute, eta partida zaila izango da.

Iritzia eman dutenek, erritmo arteko borroka bat izango dela diote.

Bai, baina final bat desberdina da. Hau zehaztasun kirol bat da, eta batzuetan baloia sartzen da, eta beste batzuetan ez. Estilo desberdinak dira. Guk gure dohain eta gabeziak ezagutzen ditugu. Badakigu zer egiten dugun ondo. Eta euren dohainetako bat bizi-bizi korrika egitea da. Hori kontrolatzen saiatu behar dugu.

Partida trabatuko duzue agian?

Bai, partida zakarra izan dadila.

Talde beteranoa zarete, eta halakoen inguruan beti esaten da euren burua egun handietarako ondo kudeatzen dakitela.

Finalean sartzeko lan asko egin behar izan dugu, eta egunero gure onena eman. Ez gara Lokomotiv, Baskonia edo Real Madril bezalakoak. Gu... indarrak neurtu... Guk gure onena eman behar dugu beti. Baina, egia da, hemen titulu asko irabazi duen jendea dago: Raul Lopez, Grimau, Vasileiadis... Agian, finalak nola jokatzen diren hobeto dakigu.

Bigarren ligaxkako lehen bi partidak galdu ondoren esan izan balizuete finalean egongo zinetela gero...

Ez pentsa, taldeak goraka egin du. Ondo hasi, eta txakalalditxoa izan genuen; baina buelta eman genion, eta oso bolada ona hasi, gainera. Eta bolada on horrek konfiantza eman digu.

Zein izango da finaleko gakoa?

Finalarekin gozatzea. Nik gozatu izan dut finaletan, unea bizi, iristea zenbat kostatzen den gogoratu... Eta irabazi, jakina.

Bilbo Basket bi aldiz iritsi da Eurokopako finalerdietara, eta behin, ACB ligako finalera... Zaleak zerbait ospatzeko irrikan daude.

Bai, egia da. Nik esan nuen agian ez geundela prest, oraindik, galdu genuen 2011ko Lauko Final hura irabazteko. Aurten, ordea, prest gaude. Orduko hura, agian, goiz iritsi zitzaigun, aldaketa garai batean... eta, hala, zaila da irabaztea. Finalak irabazteko, lehenbizi galdu behar izaten dira, eta, orain, irabaztea dagokigu.

Zein izan da bilakaera hori?

Ni iritsi nintzenetik taldea aldatu egin da. Dena profesionalagoa da, urtez urte gora egiten ari ginen, eta, ia kolpetik, Eurokopako Lauko Finalean ikusi genuen geure burua. Orain, ordea, jendea finalaren zain zegoen.

Sasoi honetan final hau helburuetako bat zela, alegia.

Bai; hau, gainera, final bat da, ez Lauko Final bat. Egoera desberdina da, eta partida bakarra izateak mesede egiten digu.

Azken egunak arraroak izan dira: zorren afera... Taldeari eragiten dio?

Nik esan nuen bere garaian hobe zela honi buruz ez hitz egitea. Jokalariek burua finalean dugu,garaipenean, eta saskibaloian baino ez dugu pentsatzen.

Irabaztea bultzada handia litzateke egitasmo guztiarentzat.

Garbi dago. Titulua ginga litzateke, langa bat pasatzea. Ez bakarrik Euroligaren sariarengatik, hiriaren eta taldearen artean lotura estua dagoelako, eta titulu bat lortzea babes horri esker ona adierazteko modua litzateke. Baina, lehenik, irabazi egin behar da.

Bizkaia Arenako sabaian toki asko dago banderak eskegitzeko.

Asko! Berria da-eta...

Gabarra bai edo ez? Zer diozu?

Aurretik ospakizunez hitz egitearen aurkakoa naiz. Oraindik ez dugu ezer egin. Irabaztean galdetu.

Orduan, ez duzu erantzungo titulua irabazita sasoiko etxeko lanak eginda egongo diren...

Ez, ez... Final batean sartu besterik ez gara egin. Ondo legoke irabaztea, baina denboraldiaren amaieran ikusten da etxeko lanak egin diren ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.