Pilota. EPELen Binakako Txapelketako finala: Jose Javier Zabaleta

Armstrongi barkatu zion gaztea

Etorkizuna berea dela ia egunero entzuten duen arren, umil hartu ditu loria egunak Jose Javier Zabaletak, Etxarrenen, bere herriaren isiltasunean.

Imanol Magro Eizmendi.
Etxarren
2013ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Bizikleta konpontzea izan du goizeko ardura, dozena erdi elkarrizketa bata bestearen atzetik eman behar izan dituen egun batean. Etorkizuneko pilotako izarra beharko duen horrek nahita despistatuak direnen itxura du. Zintzotasuna eta malezia irribarrean, erdi eta erdi, eta inolako urduritasun printzarik ez. Bizikleta polita du Jose Javier Zabaletak (Etxarren, Nafarroa, 1991) etxeko garajean, ona, lur orotarikoa. «Bai, erroberak aldatu behar izan dizkiot; gustuko dut hemendik ibiltzea», laburbildu du goizeko lana. Realzalea da, baina ia-ia nahiago du txirrindularitzaz hitz egitea pilotaz baino. «Proba guztiak ikusten ditut telebistan. Tira, gaurkoa ez, elkarrizketengatik eta. Aita eta bioi Lance Armstrong gustatzen zitzaigun. Gero, dopinarekin eta, mito bat amildu zitzaigun, baina nik gustuko dut, ikuskizun handia eman zuelako». Askok ez bezala, berak barkatu dio.

Sagan, Cancellara, Contador... Pilotari askok bezala du gustuko txirrindularitza. Bi kirolen arteko paralelismoa argia da: bakarka jardun beharra eta gogortasuna. «Lasterketa handietan txirrindulariek talde osoa dute alboan, baina txirrindularitza gogorragoa da». Kito, ez dago eztabaidarik. Baina berak ere bide luzea egin behar izan du. Lan arrakastatsua izan da, gainera, debutatu zuenetik eraman baitu karga gainean. Pilotari gutxik adina ikusmin sortu zuen: kolpe izugarria zuela zioten; Labriten, behin, 19 urterekin, frontisetik errebotera bidali zuela... Bera, halere, lasai zegoen. «Esaten zidaten, bai, 16 urterekin-edo kolpea banuela, baina ez nuen uste pilotari izan ahalko nintzenik. Gero, Aspek aurrekontratua egin zidanean, pixka bat gehiago sinetsi nuen. Gero debuta etorri zen, eta zortea izan dut. Aspek lagundu egin dit».

Arratsalde eguzkitsua da Etxarrenen. Herri txikia da, 158 biztanle baino ez. Irurtzun alboan dago, baita Axitarte ere, eta Nafarroa berde eta horiaren arteko mugan dago. Pilotalekua da itzalik handiena, eta Zabaletaren garajetik pilotalekuko atera hogei metro eskas daude. Pilotari izatera kondenatuta zegoen. «Ez pentsa, etxean pilota afizioa egon bazegoen, baina ez dugu beste pilotaririk». Bertako eta Goñiko —amaren jaioterria— pilotalekuetan eman zituen lehen pilotakadak eta 6 urterekin Irurtzungo taldean zegoen. Handik gutxira hasi zen Fermin Escuderorekin lanean. «Bide zuzenetik joaten lagundu dit, eta oinak lurrean izaten. Lasai egoteko esaten dit eta loreei kasu ez egiteko».

Afizionatuetan lortu zuen atzelari bortitzaren ospea. Egun batean hiru txapel irabazi zuenean egin zen ezagun, «polita izan zen hura», gogoratu du, eta BERRIA Txapelketan ere zeresan handia eman zuen. Halere, bazituen ere neurria ondo hartua zioten aurkariak. «Ansotegi Etxarri Aranazkoa eta Alustiza Altsasukoa. Beti irabazten zidaten, ez nituen ikusi ere egin nahi».

Etxarren Sakanako ertz batean dago, eta gazteari ez zaio arrotz ibarrak duen egoera ekonomikoa. «Enpresa asko ixten ari dira, Inasakoa kolpe gogorra izan zen. Herrian langabeak badaude, eta hor ikusten dituzu seme-alabekin-eta, aurrera egiten». Berak ere elektrizitatea ikasi zuen, baina oraingoz pilotan ikusten du bizibidea. «Pribilegiatu bat naiz», argi du. Halere, litekeena da herritik autobuskada zale joatea finalera, eta bere inguruan ehun sarrera banatu ditu.

Lasai mintzo da itzalpetik, Etxarrenek kutsatzen duen patxadatik. Toki ona eleberri bat idaztera joateko. «Hemen beti dago isiltasuna». Haizeak baino ez dio aurre egiten. Etxea han egin nahiko luke, osteratxoengatik hain ondo ezagutzen dituen mendi maldetan. Parrandarako, halere, udan Sakana eta neguan Iruñea ditu gustuko. Baina zintzo dabil azkenaldian. «Parrandaren bat edo beste egitea gustatzen zait, baina aspaldian ez dut egin. Irteten zarenean gazteren batek edo beste zerbait esaten dizu, baina ez asko. Aurten, gainera, partida asko egokitu zaizkit igandez eta zaindu beharra dago».

Urdurien, duela bi aste

2010eko Errege egunez egin zuen debuta, Eibarren, Titinekin. «Ilusio handia egin zidan, betidanik miretsi nuen pilotari bat zelako. Aurten, Irujorekin, oso gustura ibili naiz. Lagun onak gara, eta txapelketa aurrera joan ahala, elkar hobeto ezagutu dugu». Halere, lehen partida handia debutatu eta gutxira jokatu zuen, inauterietan, binakako txapelketan. Xalarekin jokatu zuen, Barriolaren ordez, eta 22-21 irabazi zieten Olaizola II.a-Beginori, gerora txapeldun izan zen bikoteari. «Bospasei tanto atzetik gindoazen eta buelta eman genion», gogoratu da. Izar bat jaio zen egun hartan.

Fernando Bidarte Aspeko buruaren kutun bilakatu zen, eta aukerak ondo baliatu ditu. Binakakoan hasieratik aritu da aurrenekoz, hamazazpi partida lau hilabetetan, eta finalera. Erraza izan dela dirudi, baina azken eguna izan zen gogorrena. Berasaluze-Albisuri hamar tanto egin behar zizkieten finalean sartzeko. «Pilotan jokatzen urdurien jarri naiz eguna izan zen, partidako bigarren zatian bereziki. Gure gainetik pasatzen ari zirela ikusten nuen eta ezin genuen ezer egin».

Igandeko binakako finala urrun ageri da buruan. Oraindik ere emango ditu paseotxo batzuk partidan pentsatzeko. Haren aldeko 200 zale egongo dira harmailetan, baina badaki oihu gehienak Berasaluzeren aldekoak izango direla. «Logroñon hori pasatu zitzaigun, Titinekin, eta horrek motibatu egiten nau. Pilotalekuan ez dizute txistu egiten, ez dago aurkako oihurik, baina kontrarioen aldekoak motibazioa dira». Hor badu Armstrongen itxura pixka bat. Hura ere erronka zalea zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.