Igerilekutik itsasora

Udarekin batera igeriketa proba askotan parte hartzeko aukera izaten da. Neguko igerilekuko entrenamenduak baztertu eta itsasoan igeri egiteko aukera ematen dute.

Getaria-Zarautz zeharkaldia egingo dute hilaren 29an. Parte hartzaile marka hautsi du probak: 1.400 igerilari aterako dira. NEREA MUJIKA / UROLA KOSTAKO HITZA.
2012ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Urte osoan igerilekuetan entrenatzen jardun eta gero, igerilariek aukera paregabea dute udan itsasoaz gozatzeko. Izan ere, hainbat eta hainbat igeriketa proba antolatzen dira sasoi horretan. Getaria-Zarautz igeriketa zeharkaldia da, beharbada, jendetsuena. Getariatik irten, eta Zarauzko hondartzan amaitzen da lasterketa, 2.800 metroko ibilbidea osatuz. Uztailaren 29an egingo dute aurten, 12:00etan, inoiz baino parte hartzaile gehiagorekin: 1.400.

Hainbeste parte hartzailek elkarri trabarik ez egiteko eta lasterketa seguruagoa izan dadin, txandaka aterako dira igerilariak. Bost talde osatu dituzte, aurreko urteetan bakoitzak egindako denboraren arabera sailkatuz. «Talde bakoitzak kolore jakin bateko txanoa izango du, eta bost minuturen aldearekin hasiko dute proba», azaldu du Jon Treku probaren antolatzaileak. Ezindu fisikoek ere badute parte hartzeko aukera, eta horiek beste kolore bateko txanoa izango dute. Urte batzuk daramatzate sistema hori erabiltzen, eta 1.400 pertsonak «modu eroso batean» igeri egiteko bidea ematen du.

42. aldiz egingo dute aurten Getaria-Zarautz zeharkaldia. Katxi Batxi elkarteak antolatzen zuen hasieran, baina, egun, Zarautz Balea igeri kirol elkartearen esku dago. «Parte hartzaile kopuruan izan du probak aldaketarik nagusiena; izan ere, hasieran ehun lagunek baino gutxiagok ematen zuten izena. Urtetik urtera, ordea, gora joan da kopuru hori, aurten marka hautsi arte». Trekuren esanetan, askok errepikatzen dute proba, baina beste askok lehen aldia izango dute.

Edurne Aldasoro zarauztarrak 1998an parte hartu zuen lehenengoz haurrentzako proban, 12 urte zituela. «Orduz geroztik, urte bakar batean egin dut kale», esan du. Aurten ere, han izango da. Egun, Zarauzko igeriketa taldearen entrenatzailea da. Zarauztarra izanik, «xarma berezia» du zeharkaldiak harentzat, eta familiako lau kideetatik hiruk parte hartzen dute. Zerbait nabarmentzekotan, lasterketako «giro ona» aipatu du Aldasorok. «Merezi du bizitzan behin, behintzat, parte hartzea».

Parte hartzaileen artean denetik dago: federatuak eta federatu gabeak. Dena den, Trekuk argi utzi nahi izan du proba egiteko ondo prestatuta joan behar dela. «Ez da ahaztu behar itsaso zabalean egiten dela». Hori dela eta, igerilariei segurtasuna bermatzearren, parte hartzaile kopurua mugatu egin dute, eta asko geratu dira kanpoan. «Ditugun baliabideekin, gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzen gara, ez baikara enpresa handi bat», azaldu du Trekuk.

Haurrentzat 800 metroko proba antolatu dute. Gainerakoak baino ordubete lehenago aterako dira, 11:00etan, eta ez dute Getariaraino joan beharko. Zarautzen hasi, eta Zarautzen amaituko dute. Ehun haur inguruk parte hartuko dute.

Proba entzutetsua da Getaria-Zarautz zeharkaldia, eta Euskal Herritik kanpoko jendeak ere parte hartzen du; Kataluniako igerilariek, gehienbat. Iazko irabazlea ere han izango da aurten, Adnan Mustafic. «Nesken kategorian irabazi zuenak, ordea, Ainhoa Muruak, ez du aurten parte hartuko; izan ere, Olinpiar Jokoetarako prestatzen ari da. Han izango da, dena den, Nora Varela, iaz emakumeen kategorian bigarren egin zuena», azaldu du Trekuk.

Probaren irabazleei ez diete dirurik emango, baina kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuek garaikurra jasoko dute. Sari berri bat ere izango da aurten: orain arteko denbora onena gainditzen duenari 300 euro emango dizkiote. Gizonezkoen kategorian 32 minutu eta 5 segundotan dago marka. Gorka Ripak egin zuen denbora hori, 2006an. Urte berean jarri zuen Ainhoa Oñatibiak nesken kategoriako marka: 35 minutu eta 37 segundo.

Emakumezkoen parte hartzea ere hazten ari da urtez urte. Iaz, esaterako, ez ziren 300era iristen; aurten, berriz, 325 inguruk parte hartuko dute. Aldasoro izango da horietako bat. «Niri pena ematen dit hain emakume gutxik parte hartzeak, eta animatzeko esango nieke». Aldasorori gustatuko litzaioke bere marka haustea, eta horretarako entrenatzen ari da aurtengoan, baina badaki emaitza ez dela entrenamenduen araberakoa soilik. Eguraldiak eta itsasoaren egoerak eragin handia dute, eta, hortaz, «ahalik eta gehien gozatzea» izango da haren helburu nagusia. Iaz, adibidez, eguraldi oso hotza izan zen probaren egunean: «Gehienok ez genituen gure helburuak lortu».

Igeriketa proba gehiago ere izango dira uda honetan. Abuztuaren 4an, esaterako, Txingudiko badiako igerialdia egingo dute Hondarribian, bederatzigarren urtez, Bidasoa igeriketa elkarteak antolatuta. 2.600 metro ditu proba luzeak, eta igerilariak 18:30ean hasiko dira. Haurrentzako antolatutako proba motzak, berriz, 700 metro izango ditu, eta 18:00etan hasiko dira. Abuztuaren 2an itxiko dute izena emateko epea.

Apur bat luzeagoa da abuztuaren 15ean Donostian egingo den Paseo Berriko proba: 2.959 metro ditu. Zurriolako hondartzatik abiatuko dira 500 parte hartzaileak, 12:00etan, eta Kontxako hondartzan amaituko dute. Haurrentzako proba ere antolatu dute; 11:00 hasiko dira, eta 650 metroko ibilbidea egingo dute. 1999az geroztik Fortuna kirol elkarteak antolatzen du Paseo Berriko proba, Donostian igeriketa bultzatzeko asmoarekin. Parte hartu nahi duenak zabalik du epea abuztuaren 10era arte.

Haizearen Orrazia igeriketa proba ere Fortuna kirol elkarteak antolatzen du, 2007az geroztik. Irailaren 1ean izango da aurten. Ondarreta hondartzatik irten, eta 2.600 metroko zirkuituari bi buelta ematean datza proba—guztira, 5.200 metro—, baina badu berezitasun bat: lehen itzulia egin ondoren, parte hartzaileek 20 metro inguru korrika egin behar dute ondar gainean, berriro itsasora sartu aurretik. Haurrek ibilbide motzagoa egingo dute, 700 metrokoa, eta 10:00etan hasiko dute proba, gainontzekoek baino ordubete lehenago. 200 postu daude proban parte hartu ahal izateko, eta abuztuaren 27ra arte dago zabalik izena emateko epea.

Donostian izango da Irlako 15. igeriketa zeharkaldia ere, abuztuaren 26an. Kontxatik irten, eta Santa Klara irlari buelta eman beharko diote igerilariek, hiru kilometroko ibilbidea osatuz. Haurrak 11:30ean hasiko dira, eta gainontzekoak, ordubete geroago. Dena den, guztiek egingo dute ibilbide bera. Gehienez, 350 pertsonak parte hartu ahal izango dute proban, eta, plazak lehenago bete ezean, abuztuaren 17ra arte dute izena emateko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.