Berdintasun eskean lasterka

Igandean korrituko da 25. aldiz Lilatoia, Donostian. Parte hartuko duen emakume talde handienetako bat izango da Legazpikoa. Asteotan ilusioz prestatu dira.

Legazpiko 85 bat emakumek parte hartuko dute Lilatoian. GOIERRIKO HITZA.
ainara arratibel gascon
2014ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Azken entrenamendu saioak falta dituztela, elastikoa eta kirol oinetakoak prest ditu datorren igandean Lilatoian parte hartuko duen Legazpiko (Gipuzkoa) emakume taldeak. Iaz saria jaso zuten, biztanle kopurua kontuan hartuta parte hartzaile gehien izan zuen herria izateagatik. Aurten 85 bat joango dira. «Iazko helburu berarekin goaz: kirol munduan berdintasuna aldarrikatzea eta ondo pasatzea, gozatzea», azaldu du Irene Arrazolak.

Igandean egingo da Lilatoia. Aurtengo aldia berezia izango da, mende laurdena beteko baitu berdintasunaren aldeko lasterketak. Guztira 3.525 emakumek parte hartuko dute.

Arrazolak laugarren aldia du lasterketa korritzen. Hark baino eskarmentu handiagoa du Mila Elorzak. Hogei urtez parte hartu du, lehen lasterketan, duela 25 urte. korritu zen «Nik betidanik egin dut kirola, eta oso polita da herriko hainbeste emakume korritzera animatzen direla ikustea».

Hori lortzeko urteetan egin den lana nabarmendu du Elorzak. «Milak [Elortzak] eta haren belaunaldikoek hasitako lanari jarraipena emateko aukera zegoela ikusi genuen hainbat emakumek duela urte batzuk. Aukera eta aitzakia polita zen ondo pasatzeko, kirola egiteko eta berdintasuna aldarrikatzeko. Ahoz aho zabalduz joan zen kontua».

Pixkanaka elkartu, eta igandetan Mirandaola ingururaino korrika egiten hasi ziren. Hala, urtetik urtera gora egin du Lilatoian parte hartzen dutenen kopurua. «Prestatzeko aukera izan ez dutelako, aurreko urteetan parte hartu duten askok egin dute huts aurten. Baina 45 korrikalari berri daude. Horrek esan nahi du etorkizuna badagoela, eta hori beti da poztekoa», esan du Elorzak. Adin guztietako parte hartzaileak egongo dira; 14 urtetik hasi eta 60 ingurura: «Oso giro polita sortu da gure artean. Alabak dituztenak desiratzen daude, haiek 14 urte egin eta elkarrekin korritzeko».

Prestaketa duela hiru bat aste hasi zuten. «Ordutegiaren arabera, bakarka edo taldean joaten gara». Mirandaolako burdindegia dagoen ingururaino joaten dira, eta azken egunetan Tellarteraino. «Sei bat kilometro inguru dira, eta horrela behar bezala prestatuta gaude. Gutxienez, ez gaitezela iraingarri geratu. Izan ere, bost kilometro asko ez izan arren, aurretik entrenamenduak egin behar dira. Bestela, leher eginda amaitzen duzu», esan du Arrazolak. «Pena» da ondoren oso gutxi direla korrika egiten jarraitzen dutenak. «Noizean behin elkartzen gara, igandean joateko. Baina, ez askotan. Denbora faltagatik edo konpromisoengatik zaila da jarraitzea».

Lasterketa egunean izaten den giro polita nabarmendu dute biek. «Nik Behobia-Donostia ere korritzen dut, eta hainbeste jende ez badago ere, giroa oso antzekoa da», azaldu du Elorzak. Ikusle gisa ikustera ohituta zegoen lehen Arrazola. «Orduan jada hunkitu egiten nintzen korrikalariak ikusten. Barrutik bizi izatea, dena den, are bereziagoa da. Beste korrikalariek eta zaleek sekulako indarra ematen dizute ahultasunen bat sumatzen duzunean. Ikaragarria da dagoen giro herrikoia. Oilo ipurdia jartzen zaizu». Beste lasterketaren bat korritu izan du, baina ez dela berdina dio. «Hau baino herrikoiagorik ez dago. Apenas dagoen marka egitera doan korrikalaririk. Ondo pasatzera goaz gehientsuenak, eta hori nabaritzen eta eskertzen da».

Legazpikoen kasuan, 10:30 aldera elkartzen dira. Ordu horretan, beroketa moduan balio dien aerobik saioa egiten dute Bulebarrean. «Argazkia ateratzeko ere baliatzen dugu momentua, eta elkarri animoak emateko». Elorzak honela definitu du amaiera: «Hustuta amaitzen dugu, baina ikaragarri pozik». Ondoren, bazkaltzera joaten dira, taldeka. «Batzuek sagardotegirako plana egiten dute, besteek pintxoak jatekoa... Egun betea eta polita izaten da, merezi du gozatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.