Hominido ederrak eta adimentsuak

Daynesen errepliken begiak adimentsuegiak direla diote batzuek. «Emozioa» beharrezkoa dela dio artistak.

Elisabeth Daynes, Parisko bere tailerrean lanean. Paranthropus boisei hominido harra itxuratzen ari da, duela 2,5 milio urteko banakoa. P. PLAILLY.
xabier martin
2011ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Elisabeth Daynesen lanean gehien nabarmentzen duten osagaia errepliken begirada da. Adimena islatzen dute aspaldiko hominidoek euren begietan. Humanoak dira oso espresio horiek, baita hominido antzinakoenenak ere; sobera, hainbatentzat. Hominidoen erreplika horiek ederregi sortzen dituela esan izan dute, kritika txiki bat eginez.

«Bisitariek ikusten dituztenean errepliken begirada oinarrizkoa da bien artean zerbait sortzeko, ikusleek zerbait senti dezaten. Beste garai bateko hominido horiek adimena islatu behar dute; erakartzen duen eta emozionatzen duen zerbait behar dute, modu horretan ikuslearen jakin-mina pizteko», dio paleoartista frantziarrak.

Gorilak ez dira tentelak

Ederregia ote da Neanderthalgo gizakia Atelier Daynes tailerrean dihardutenentzat? «Gorilek tentelak ematen al dute?», dio artistak; «eta antzinako gizakiek? Adimentsuak izan ez balira bizirik iraungo al zuten?».

Kritikak kritika, Daynesek tailerrean urtebete eta erdiko itxarote zerrenda dago. Ez alferrik, Lanzendorf zientzia saria jasoa du Daynesek, eta mundu zabaleko museoetatik jasotzen ditu enkarguak. Hominido baten erreplika sortzeko lau hilabete behar ditu batez beste, baina, «Autralopithecus zail bat» egiteko, zortzi ere eman izan ditu. Historiaurreko gure arbasoei urte askoan aurpegia jartzen jarraitzeko asmoa dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.