Ezarian. Leicak, 100 urte

Mende batez berezi

Argazkigintza ulertzeko modu berri bat sortu zuen 1913. urtean Leitz etxeak, lehen Leica kamera ekoiztu zuenean. Haren arintasunak argazki kazetaritza bera garatu zuen.

Aro digitalak kolpe handia eman zion Leicari, baina pixkanaka ari da egoerari buelta ematen. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia - Araitz Muguruza
2013ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Klika bera ere ezberdina dauka. Argazki bat ateratzeko garaian Leica baten sakagailuak egiten duen soinua berezia da. Ixilagoa. «Askotan gertatu zait Leica batekin lanean aritu eta argazkia ateratzean beste argazkilariren batek buelta ematea soinua ezagutu duelako», dio Michael Jungblut argazkilariak. Haren testigantza kamera hori erabiltzen duen beste edozein argazkilarik ere egin zezakeen. Soinuagatik ezagutu daiteke, eta baita itxuragatik ere. 1954tik ekoizten diren kamera telemetrikoen M serieak apenas aldatu duen bere itxura, orduko diseinu soil eta sinpleei egundaino eutsiz. Urteen poderioz, gainera, kultuzko marka bihurtu da, edonork eskuratu ezin duena. Adibide bat jartzearren, Alemaniako etxearen M9 azken produktuak 5.500 euro inguru balio du. Baina Leica markako kamera bat erostearekin batera, argazkigintzaren historia bera ere eskuratzen du erosleak.

Argazkigintzaren garapena ulertzeko ezinbestekoa izan zen Leica etxearen agerpena. 1913an egin zuen lehen kamera, berritasun handi batekin: zinemarako erabiltzen zen 35 milimetroko pelikulak argazkigintzarako erabiltzen hasteko ideia izan zuen Oscar Barnack ingeniariak. Kamerak harrapatzen zituen irudiak 24x36 milimetrora handitu zuen, eta kamera berarekin aldi berean 36 argazki ateratzeko aukera eskaini zuen. Era horretan, «negatibo txikiak, irudi handiak» haren leloa egi bihurtu zen. Kontzeptu hori abangoardiakoa zen; garai hartako kamerekin alderatuta, berrikuntza izugarria. Izan ere, ordura arte pelikulen partez plakak erabiltzen ziren argazkigintzan, eta kamerak ere oso astunak ziren. Egurrezko tripodeak erabiltzen ziren, eta, horren ordez, Leicak makina arin bat proposatu zuen.

Lehen prototipo horri Ur-Leica izena jarri zioten, baina ez zen merkaturatu. Hamarkada oso bat itxaron behar izan zen ordura arte optikan lan egiten zuen Leitz etxeak bere lehen kamera aurkez zezan. 1925eko Leipzigeko ferian (Alemania) aurkeztu zen Leica I modeloa. Garai hartako profesionalek, ordea, mesfidakor hartu zuten kamera berri hori, plakako sistema hartan egonkortuta baitzegoen argazkigintzaren sektorea. Jostailu bat izango balitz bezala hartu zuten. Baina kamera arina proposatu zuen Leicak —Leitz Camera hitzen elkarketatik sortutako izena—, eta optika ere goi mailakoa zuen. Garai hartako kameren diafragmek 8 F-ko —diafragmaren zabalera neurtzeko erabiltzen den neurria— zuten, eta Leicak 3,5 F-koa zeukan. «Objektibo horiek argi gehiago harrapatzen zuten, eta eguraldi txarrarekin ere argazki argitsuak ateratzen zituen», Ramon Serras Zarauzko Photomuseum argazki eta zinema museoko arduradunaren esanetan. Pisuaren, eta argitasunaren batuketa horretatik, ordura arte lortu ezin ziren argazkiak ateratzea ahalbidetu zion argazkilariari. Askoz ere espontaneoagoak, naturalagoak.

Henri Cartier-Bresson argazkilari frantsesa izan zen Leica kamera bat erabiltzen aitzindarietako bat, eta berak eman zion markari nazioarteko sona. «Momentu erabakigarriaren» kontzeptua garatzeko aukera eman zion kamerak, argazki kazetaritzaren eraberrikuntzan oinarriak jarriz. Haren estetika honela definitu zuen: «Gertaera batek momentu zehatz batean duen garrantzia argazkian biltzea». Hau da, burua, begia eta bihotza albistean gertatzen den momentu zehatzean jartzea.

Argazki kazetaritza garatzen

Teoria horiekin, argazki kazetaritzaren aita pontekotzat hartu izan da Cartier-Bresson. Haren ondoren iritsi ziren beste hainbat kazetari ezagun, eta horiek guztiak ere Leica kamera izan zuten lepotik zintzilik. «Garai batean argazki kazetari guztiek nahi zuten Leica bat eduki, horrek prestigioa ematen zielako». Argazki makinaren izen ona txoko guztietara iritsi zen, bere bereizgarri nagusienak arintasuna eta kalitatean jarriz. Horren guztiaren ondorioz, argazki kazetaritzaren garapena eta bere loraldia argazki makina horrekin lotu izan da joan den gizaldiko 30eko hamarkadatik aurrera.

Guda garrantzitsuenetako erretratuak Leica makinen bidez atera ziren. Besteak beste, 1936ko gerran lanean aritu zen Robert Capak mundu osoan ezagunak egin diren argazkiak atera zituen, baita II. Mundu Gerran ere. Guda gertutasunetik erretratatzea izan zen haren bereizgarri nagusia, eta kazetaritza ulertzeko modu bat ere garatu zuen: «Zure argazkia oso ona ez baldin bazen, gertuegi ez zeundelako izango zen». Yevgueni Chaldej argazkilariak, bestetik, tropa aliatuak Berlinen sartu zirenean Reichstag-ean bandera komunista jartzen agertzen diren argazki entzutetsua egin zuen, eta Alberto Diaz Gutierrez Korda-k, bestetik, Kubako iraultzan Ernesto Che Guevarari egin zizkion erretratu ezagunak egin zizkion. Denak kamera marka berarekin.

Prestigiotik, ia desagertzera

Kazetarien artean halako ospea edukitzeak marka bera goratu zuen. Ia zortzi hamarkadaz erreferentziazko marka izan zen Leica. Ondorioz, hastapenetan izan zuen prezio altuei eutsi zien ondorengo hamarkadetan ere. Baina aro digitalak kolpe handia eman zion argazkigintza sektoreari. Eta ukiezinak ziruditen enpresetara ere iritsi zen erauntsia. Horien artean Leica bera. «Digitalizaziora berandu iritsi zen, eta horrek hainbat arazo sortu dizkie», Serrasen arabera. 35 milimetroko pelikulak erabiltzen aitzindaria izan zen enpresa, XXI. mendearen berrikuntzetara hankamotz iritsi zen. 2005. urtean, aro digitala indarrez sartu zen garaian, Leicak oraindik argazki bobinek etorkizuna zeukatela sinetsita zegoen. Argazki kameren salmentetan ere behera egin zuen, eta, horren ondorioz, 10 milioi euroko galerak izan zituen urte horretan. «Zailtasunak izan zituen merkatura egokitzeko».

Baina argazkigintzako mitoa bere errautsetatik hazi da. 2006. urtean Sinar argazkigintza konpainiak akzioen %51 erosi zituen, eta Leicaren fidagarritasunak gora egin zuen. Ordutik, makina telemetrikoak bakarrik ekoitzi ditu, reflexak alde batera utziz. Denera, bi kamera merkaturatu ditu: M8 eta M9. Erabiltzaileen artean harrera beroa eduki du, eta bere garaian izan zuen prestigioa berreskuratzen ari dela dirudi. Baina Serras ez dago horren konbentzituta. «Lehen, kazetari batek Leica bat bazeraman, zerbait bereizgarria zen. Orain, mito hori apaldu egin da».

Iraganean izan zuen distira galdu duen arren, argazkigintzaren lerroak idazten ditu oraindik ere Leicak. Gero eta kazetari gutxiagok daramate kamera hori lepotik zintzilik, iraganean bezala selektibo izaten jarraitzen duelako. Hala ere, ezaguna egin zuten bereizgarriek oraindik bizirik jarraitzen dute egungo kameretan, digitalak diren arren. Arinak dira oraindik, eta objektiboak ere kalitatezkoak dira oraindik. Etorkizuneko argazkigintzan eragiten jarraitzeko osagaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.