Amaiurrek autodeterminaziorako bideak erakutsiko dizkio kongresuari

Erabakimenari buruzko proposamena aurkeztuko du gaur ERCrekin eta BNGrekin, eta talde abertzaleen babesa espero duEspainiako bide guztiak baliatu eta gero, aldebakarreko adierazpena egiteko prest legoke

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2013ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Amaiurrek Kataluniako ERC eta Galiziako BNG alderdiekin Espainiako Kongresuan aurkeztutako legez besteko proposamenaren ondorioz, autodeterminazio eskubideari buruzko eztabaida egingo dute gaur arratsaldean kongresuan. Espainiak nazioartean sinatuta dauzkan hainbat itunetan erabakitzeko eskubidea aitortua duela gogoratuko diote Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako taldeek, eta eskubide hori legea urratu gabe bete dezakeela adieraziko dute diputatuen kongresuan. Hori nola egin dezakeen azalduko dute, Amaiurrek iragarri duenez.

Espainiako ordezkariek konstituzioa jartzen dute, behin eta berriz, estaturik gabeko nazioen erabakimena ukatzeko arrazoi modura. Baina Xabier Mikel Errekondo, Jon Iñarritu eta Rafa Larreina diputatuek ohartarazi dutenez, Espainako Konstituzioa molda daiteke, sinatuta dauzkan nazioarteko itunetara egokitzeko.

Espainiako Konstituzioa

Espainia «zatiezina» dela dio konstituzioaren 2. artikuluak; 8.ak, batasun hori haustea saihesteko militarrak erabiltzeko aukera jasotzen du. Eta, Amaiurren ustez, bada garaia mehatxuen aroa gainditu eta autodeterminazioa gauzagarria izatea. Horretarako aukerak erakutsiko ditu gaur kongresuan.

Espainiak nazioarteko itunetan aitortua duen autodeterminazio eskubidea bere ordenamendu juridikora igarotzea proposatuko dio Espainiako Gobernuari. Eskubide hori gauza dezala eskatuko dio, eta, beraz, herriek estatu independenteak osatzeari buruzko erreferendumak egiteko aukera onartu dezala. Udal hauteskundeetan boto eskubidea duten guztiek bozkatu ahalko lukete galdeketa horietan, eta erroldatutakoen erdiek parte hartuko balute izango lirateke baliagarriak emaitza.

Galdeketaren bidez estatu propioa osatzea erabakiko balu herriren batek, Espainiarekin «trantsiziorako prozesua» adostuko luke. Aldaketa «progresibo eta ez-traumatikoa» ziurtatu beharko litzateke orduan, Amaiurren ustez, eta, adostasunik lortuko ez balitz, Nazio Batuen bitartekaritza eskatuko litzateke.

Amaiurreko ordezkariek azaldu dutenez, «demokraziaz» aritzeko nahia besterik ez da behar eskubidea aitortu eta gauzatzeko. «Borondate politikoa». Baina Espainiako gobernuek azken urteetan izan duten jarrera «atzerakoia» ikusita, ez du hala egingo duen esperantzarik. Are gutxiago, azkenaldian «ofentsiba birzentralizatzailea» hartu duela ikusita.

Hala ere, eskubidea gauzatu dadin saiatzen jarraituko du koalizioak. Espainiako bide guztiak baliatuko dituela jakinarazi du. «Bide horiek amaitzen badira, aldebakarreko bidea hartu beharko dugu», ohartarazi du, gainera, Iñarrituk, Kosovoko esperientzia aipatuta. Nazioarteko Justizia Gorteak ebatzi zuen, Kosovok burujabetzarako saioan Serbiako bide guztiak baliatu zituenez eta Serbiaren aldetik ukazioa besterik jaso ez zuenez, legezkoa zela Kosovok independentziarako adierazpen aldebakarrekoa egitea.

Amaiurrek ere ez du baztertzen Kosovoko ereduari jarraitzea Espainiak ez badie aitortzen burujabetzarako eskubidea estaturik gabeko nazioei. Bide horretan urratsak egiten jarraitzeko asmoa duela ziurtatu du.

Gaur eramango du gaia kongresura, eta gainerako alderdien jarrerak aldarazten saiatuko da. Izan ere, Errekondoren hitzetan, «ezin daiteke eredu autonomiko, federal, zentralista edo maila anitzekoa planteatu, aurrez erabakitzeko gaitasuna onartzen ez bada».

Gaurko eztabaidak utziko duen argazkia argia izango dela uste du Iñarrituk: «Katalunia, Galizia eta Euskal Herria alde batetik joango dira, eta Espainia bestetik». EAJk eta CiUk proposamena babestuko dutela aurreikusten du. Horrek ez du ahalbidetuko egitasmoak aurrera egin dezan, baina «gogetarako» balioko duela seguru dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.