Denentzako ezkontza onartu du Frantziako Parlamentuak

Ehun botoren aldearekin onartuta, orain senatuak aztertuko du; gay eta lesbianek erran dute ez dela oso-osorik onartuUgalketa lagundua lege egitasmotik kendu dute sozialistek, familiaren legean sartzeko

Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza arautzeko legearen aldeko mobilizazioa, Baionan, urtarrilean. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2013ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Frantziako Parlamentuan ez da ezustekorik gertatu; sexu bereko pertsonen arteko ezkontza legea onartu du. 329 boto izan dira legearen aldekoak, 229 kontra eta hamar abstentzio. 280 boto behar zituzten legea pasarazteko. François Hollande Frantziako presidente izendatu zutenetik, parlamentuak onartu duen lehen lege erreforma handia izan da atzo bozkatutakoa.Hala ere, gay eta lesbianen elkarteek nabarmendu dute legea ez dela oso-osorik onartu, eta kanpo gelditu direla hainbat elementu, bertzeak bertze, lesbianen bikoteek ugalketa lagundua egiteko aukera.

Bozketaren emaitzaren ondoren, egindako urratsaren garrantzia nabarmendu dute sozialistek. «Harrotasunaren botoa izan da, eta, horri esker, Errepublikak urrats erraldoia eginen du eskubideen berdintasunera buruz, 30 urte iraun duen borroka bururaino eramanez», erran dute sozialistek.

Duela hamar egun hasi zen bezala bukatu zen atzoko biltzarra, Christiane Taubira Justizia ministroaren hitzekin. Eztabaida sutsua izan dela onartu zuen, baina, ororen buru, aspaldian eskatzen zuten eskubide berdintasunera heltzeko urrats bat egin dela erran zuen. Orotara, hamar bilkura egin ditu Frantziako Parlamentuak, eta eztabaidak 110 oren iraun du. Eskuineko diputatuek 5.000 zuzenketa baino gehiago egin dituzte.

Sasi eta lore

Lege egitasmoaren ibilbidea ez da erraza izan. Bidean, eskuinaren eta Eliza katolikoaren mobilizazio sutsua atzeman du, gaitzespen zorrotza. Bertzalde, ezkerreko indarren eta gizarte eragile ugariren sostengua jaso du. Bi aldeek mobilizazio handiak egin dituzte, bai Frantzian eta bai Euskal Herrian.

Les Bascos elkarteak azaroaren 15ean ekin zion mobilizazioari. Bi egun geroago, Baionako Herriko Etxearen aitzinean, kiss in edo musukatzea egin zuten 50 bat pertsonak, sexu bereko pertsonen arteko maitasunak legearen babesa eta eskubide aitorpena behar duela aldarrikatzeko.Abenduaren 1ean 900 pertsona elkarretaratu ziren Miarritzen, Eliza katolikoak antolatutako mintegiaren aitzinean protesta egiteko. Berdintasunaren aldeko kolektiboak deiturik, 2.000 pertsona elkarretaratu ziren urtarrilaren 26an, Baionako karriketan. Autobus bat ere antolatu zuen Les Bascos elkarteak, ezkontza eskubidearen alde Parisen egindako manifestaziora joateko.

Baina lege egitasmoaren aurkako mobilizazioak ere izan dira Ipar Euskal Herrian, nagusiki Eliza katolikoak antolatuak. Abenduaren 1ean 800 pertsona bildu zituen Biziaren Akademiak Miarritzen. Marc Aillet Baionako apezpikuak bultzaturik, 500 pertsona inguru joan ziren ezkontza eskubidearen aurka Parisen egindako manifestaziora. «Homosexualak gutxiengoa dira gizartean, eta haietako parte batek presio taldea osatu du, neholako eztabaidarik gabe inposatzeko haien ikuspegia hedabideetan eta gehiengoa osatzen duten alderdietan. Egiazko eztabaida publikoa eskatzen dugu», erran zuen Ailletek.

Lege egitasmoak bidea egin beharko du, orain, senatuan. Hark oso-osorik onartzen badu, aldaketarik egin gabe, legea udarako indarrean egon daiteke. Alta, aldaketak badaude, parlamentuak eta senatuak berriz aztertu beharko dute.

Eskuinak iragarri du dagoeneko Frantziako Etika Batzordearen iritzia eskatuko duela. Ez da betearazlea. Aldiz, Konstituzio Batzordearen ebazpena bete behar da, eta horretan nagusi dira indar kontserbatzaileak.

Guztientzako ezkontza eskubidearen aurkako indarrek mobilizazioak iragarri dituzte dagoeneko. Martxoaren 24an manifestazio erraldoia egin nahi dute Parisen. Kontrakoen mobilizazioari ihardesteko mobilizazioak iragarri dituzte aldekoek. Eztabaida sutsuak izan dira, eta horrela segituko dute, legeak ez dituelako eskubide guztiak aitortu. Urrats bat izan dela diote aldekoek, bainafamiliaren legearen barruan daude begiradak jarrita, falta diren neurriak lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.