18. Korrika. Seigarren eguna

Pluraltasunak argitu du iluna

Babes handiz egin du ibilbidea 18. Korrikak Araban; Gasteizen berealdiko jendetza batu du lasterketak arratsean, euria egin badu ereIganderako atzerako kontua hasi da, bidearen erdia bart gainditu baitu Korrikak

Alderdi guztietako ordezkariak elkarrekin aritu ziren Korrikan, Gasteizko kaleetan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea, Jon Rejado
Gasteiz
2013ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Aniztasunak eta jendeak elkar hartuta egindako bideak berotu eta argitu du 18. Korrikaren bidea Araban. Egun gehiena herrialde horretan egin zuen lasterketak atzo, eta etenik gabeko babesa izan zuen. Bateko eta besteko jendeek babestu zuten Korrika, iritzi eta jatorri ezberdinetakoek, eta mezu bera zabaldu zuten lau haizeetara: euskaraz bizi nahi dutela, horretarako modua jartzea nahi dutela, euskara elkarri eman nahi diotela. Gasteizen jo zuen goia egunak; berealdiko jendetza irten zen lasterka, euri jasa mardulei aurre eginda. Aniztasunaren koloreak argitu zuen arrats iluna.

Erdia gainditu du 18. Korrikak. Bart gauean pasatu du muga, gauerdi aldera. Horrenbestez, iganderako atzera kontaketa hasia da. Jendetza handia espero dute azken kilometroetan, Baionan.

Bide gehiena Nafarroan egin du orain arte lasterketak, eta handixe sartu zen atzo Arabara, Lautadan barrena, Kanpezutik. Herri txiki asko daude inguru horretan, baina, hala ere, babes zabala jaso zuen: gau osoa lanean arituta lotaratu aurretik kilometroa egin zutenak, alderdi politiko ezberdinetako kideak, baserritarren elkarteak... Herritarrak, ezeren gainetik. Eta umeak batez ere.

Dulantzin zuen goizeko hitzordu nagusia. Ikusgarri zegoen herria. Ikastetxeko umeak, ilaran jarrita, zain-zain ziren herri atarian. D eta B ereduetako ikasleak ziren. Euskaraz mintzo dira, eta ez da gutxi. «Kalean gutxiago entzuten da; makaltxo gabiltza», azaldu du Mertxe Meritxak. 3 urteko alabarekin zain dago, lasterka egiteko. Taberna bat badago alboan, eta prestaketan ari da Gararazi Castaños zerbitzaria. «Patatak prestatu ditut txorizoarekin. Plazan emango dizkiegu umeei».

Ikastetxea da euskararen hauspoa herri horietan. «Eskola eta institutua ari dira lanean, eta jendea inplikatzen ari da», adierazi du Castañosek. Nabari da. Kale alboan gogotik jo dute txalo herritarrek, batik bat edadekoek; gurpildun ahulki batetik txaloka aritu da andrazko bat. Beste bat, balkoira aterata, aurreko mantal eta guzti. Marka da: lasterka egiteko garaia iritsita, Korrikarekin erabat gelditu egiten dira herriak.

Eskolari eta kaleari begira

Agurainen ere, gisa bereko kontuak. Korrika iritsi baino ordu erdi lehenago hasita zegoen jendea kalean biltzen. Bitan ere bai batzuk. «Herrira-rekin egin dut kilometro bat, eta orain, herrian». Ume asko atera dira, eta horra hizketagaia Itziar San Vicenterekin. «Eskolako jantokian aritzen naiz, eta kalean euskara gehiago entzuten dut han baino. Eskolan, gelan solasten dira euskaraz batik bat».

Herriguneetatik at gutxitzen da umeen parte hartzea. Jendeak beti eusten dio lekukoari, ordea. Baita babesik gabeko kilometro luzeak egin behar izanik ere. Bi dozenatik gorako lagun talde batek egin zuen, adibidez, Uribarri-Ganboako urtegia igarotzeko bidea, jendearen berorik gabe ere.

Eta Gasteiz. 18:45 aldera sartu zen, hitzorduari fin, Lakua inguruko industrialdetik barrena. Suhiltzaileekin batera azaldu da ura. Euriak gogor jo du une horretan; pertsona batzuk izutu ditu, eta joan dira ezkaratze batzuetara, baina gehienek aurre egin diote jasari. Umeek pasatu dute okerren; negarrean joan dira batetik bestera, noraezean, desilusioarekin. «Ostegunean egingo dugu Korrika Txikian», esan dio ama batek haurrari. Ume batzuk galdu ere egin dira. Lakuatik aurrerako ibilbide osoa izan da oso jendetsua, eta alde zaharrean lehertu da; oihu bat izan dira kaleak.

Euskara elkarri ematea, aniztasunetik elkarbizitzara jotzea, du lelo gisa aurtengo Korrikak, eta Gasteizko kaleek eman zuten adibidea. Herritar bateko eta besteko, alderdi politikoek ere onartu dute mezua. Pluraltasuna izan da nagusi. Lehen aldiz, Eusko Legebiltzarrak erosi du kilometroa, eta lau alderdi politiko nagusietako kideak aritu dira korrika euskararen alde, elkarren ondoan: EAJkoak, EH Bildukoak, PSE-EEkoak eta PPkoak. Eusko Jaurlaritzatik, Cristina Uriarte Hezkuntza eta Kultura sailburua eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako buruak atera dira.

Jendeak hartu du protagonismoa, kalez kaleko bideak. Irudia, Arpetan okindegian: Salburuako sarreran kilometroa hartua zuten, eta, afalaurreko unea izanda, lanak izan dituzte zerbitzariek bezeroei kasu egiten. Lortu dute iristea, eta, garrantzitsuagoa: bezeroak elkartu dituzte, txalo egitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.